Behin, Mesopotamian izan zen Ur hiriaz ari zela, bota zuen gure irakasle batek euskarazko ur-ekin zerikusiren bat izan zezakeela; Mesopotamia izenak “bi ibairen arteko lurraldea” esan nahi duela zuen helduleku bere burutazioa egiteko, ez besterik… Esan ohi denez, zenbat eta ezjakinago, orduan eta atrebituago.
Ez aspaldi Segura eta Idiazabalen jabetzako partzoneria izandako Urtsuaran-en lehen osagaia urzo “uso” zela ere entzunda nago; ez jakin, nonbait, urzo hori gure tradizioan ez dela ageri, ekialdeko hitza dela.
Beldurtuta ibiltzeko adinakoa ez dakit, baina etimologiaren kontu hau labaina behintzat bada. Tentuz ibiltzea komeni, beraz, makulu ona hartuta, hurritz makila, ahal bada.
Koldo Mitxelenarenari helduta, esan dezagun, aurrena, Urretxu-k, Urtsuaran-ek eta kidekoek ez dutela zerikusirik “ura”-rekin, bai “(h)urra”-rekin. Atzekoz aurrera hasita –(h)aran osagai garden hori alde batera utziz– esango dugu ugaritasuna adierazteko balio duen -zu/-tsu atzizkia (Albizu/Albitsu, Arantzazu…) dugula -txu/-tsu bikotean.
Izen horien hasierakoa zertan den esplikatzea da benetako korapiloa. Hori askatzeko, jakin behar da gurean bi eratara azaldu izan dela arbolaren izena: batzuetan urritz esaten da; bestetik, baina, ur soilak ere balio du arbola izendatzeko (edo, zuzenago esateko, uur-ek, gure hizkeran emanda). Sagar-ek fruitua bezala arbola bera adierazteko balio duen eran, u(u)r ere arbola eta fruitua izendatzen ditu.
Urretxun zer?
Honenbestez, Urtsuaran-ena argitutzat emateko moduan gaude: “hur(-arbola) asko dauden harana” litzateke. Sail berekoak izango genituzke Zaldibiako Urtsu eta Urreta guztiak (Urtsuegi, Urtsugoena, Urtsularre…; Agirreurreta, Urretagoena, Urretaetxeberri…); baita Gaintzako Urretabizkaia ere.
Eta (h)urritz-etik urretx-era, nola? Alderantziz egin behar da bidea, jatorria ez baita (h)urritz, (h)urreitz, baizik. Hortik etorria da –i-ak eragindako palatalizazio bidez– Bizkai aldean erabiltzen den urretx/urritx. Berdin-berdin etorri dira (h)areitz-etik gure aritz eta bizkaitarren aretx ere (dokumentazio ez oso zaharrean, hor ditugu gurean Areitzeder, Areizkorreta edota Areizti; Ezkion, berriz, bada oraino Aretxabaleta). Horra, beraz, Urretxu-rena ere argituta: “hurritz asko dauden lekua”. Ataunen Urretsu dugu, pare-parekoa, baina -tsu atzizkia garden erakusten duena.
(H)urreitz-en bilakaera, dena den, bihurri samarra gertatu da gehienetan. Beti ez du urretx garbia ekarri edo, gutxienez (aldaketa prozesua noiz-nola gertatu den arabera), forma bat baino gehiago erakusten du: Ataungo Urrestarazu-ren ahozko forma Ustatso da (Juan Arin Dorronsoro); Etzegaraten ere Urrizti/Urrezti/Urresti bat izan zen. Pauso bat gehiago emanda, esan Zeraingo Urresti-ko etxeenean Urruzti forma ere erabiltzen dela; Zumarragan ere badugu Urruzti; Idiazabalen, Urretxabal-en taxukoak bezala daude Urritzabal-enak eta Urrutxabal-enak dokumentazioan. Horietan hasierako u-ak asimilatu egin du –berdindu– hurrengo silabako bokala.
Urretxukora itzuliz, beraren kasuan ere nabari da aniztasun hori. Ikusi Villarreal zaharraren hiri gutunean (1383) ageri den forma (bukaerako -a artikulu eta guzti, urte askoan izenaren forma ofizialean gorde zen bezala emana): «…para que poblades e podades poblar una villa en nuestras tierras de Hurreyçua, que es en Guipuzcua […]. Otrosi tenemos por bien que aya nombre Villarreal».