Maitane Legarreta • Irakurzalea
Bertsolariez aritzen garenean, haien ibilbidea, botatako bertsoak eta halako txapelketan izandako emaitza dugu hizpide sarritan, edo pasadizo xelebreren bat akaso. Bada, ordea, herriz herri dabiltzan bertsolarien jardunean bere garrantzia duen beste alor bat ere: jendea ezagutzea eta harremanak sortzea.
Pako Aristik Uztapide eta Xalbador: bi adiskide mugaz gaindi liburua argitaratu du. Bi bertsolari oso ezberdin izan ziren, baina elkarrekin ondo uztartzen zirenak, plazan zein handik kanpo. Biek hamasei urterekin kantatu zuten lehen bertsoa eta bertsolaritzaren bidez ezagutu zuten elkar. Hogeita hamar urteko adiskidantza izan zuten, mugak, euskara mintzatzeko modu ezberdinak eta gaixotasunak ere eten ez zutena. Hainbat momentu bizi izan zituzten elkarrekin, esaterako, bihotzekoak eman eta Uztapide mutu geratu zenekoa edota bertsozaleek tarte luzez Xalbadorri txistu jo ziotenekoa.
Pako Aristiren liburuak bien izatea erakusten du, euren argi-ilun eta kontraesanekin; haien bertsokera, sinesmen, pentsamendu eta sentimenduak. Gure herriari, euskarari, bertsoari eta elkarri zioten errespetua eta maitasuna ere agerian geratzen da.
Bien inguruan are gehiago sakontzeko gogoa pizten du liburuak, eta bada horretarako aukera, Uztapidek Lengo egunak gogoan (1974) eta Sasoia joan da gero (1976) idatzi baitzituen, eta Xalbadorrek, berriz, Odolaren mintzoa (1976). Azken honen ale bat badut, gure osaba zenarena, Pedro Etxezarreta Urnausi-rena, behar bezala irakurtzeko zain. Ahal dudanean helduko diodala zin egin diot nire buruari, baina Aristiren liburuak beste pertsona interesgarri baten berri eman dit, eta gustura irakurriko nuke hari buruzkoa ere. Zein den? Xalbadorren emazte izandako Leoni Etxebarren gai-jartzailea eta bertsolaria. Bota dut amua, ea inork irensten duen. ■