Patxi Zubizarreta • Idazlea
Dentistarenean, lehendabiziko bisitan, emakumeak aspaldiko ikaskide baten izen-abizenak irakurri zituen itxarongelako diploman. Txanda iritsi zitzaionean, ohatilan etzan, eta urduri samar itxaron zuen dentistaren etorrera. Institutuko mutila argala eta altua zen, ile beltz sarria zeukan eta, funtsean, erakargarria zitzaion… Baina gizon burusoil eta lodi samar bat sartu zenean, emakumeak alde batera utzi zituen oroitzapen haiek.
Haginlariak bere lanak bukatu, eta maskara baztertu zuenean, emakumeak badaezpada ere galdetu zion: ‘Ordiziako institutuan ikasi zenuen?’. Tripotxa eta ilea nabarmen urritua eduki arren, gizonak gazte garaiko sudur eta keinu berberak zeuzkan… ‘Uste dut nire gelan zeundela’, jarraitu zuen emakumeak. Eta, orduan, gizon itsusitu eta potolo hark emakumeari arretaz begiratu zion, eta bekainak jasorik, emakumeari harriduraz esan zion: ‘Ez zaitut gogoratzen. Zer irakasten zenidan ba…?’
Ez dut gogoan non entzun edo irakurri nuen pasadizo sarkastiko hau, baina argi dago ondo agerian uzten duela geure buruaz daukagun pertzepzioa, ondo baino hobeto nabarmentzen duela denboraren joana. Eta beharbada horrexegatik gogoratu dut istorio umoretsua, oporraldia bukatu berria zaigulako, denok ere gutxi-asko antzeko ondoeza sumatzen dugulako: denbora, urtea azkar, azkarregi doakigu eta bai egutegiak bai ispiluak itzultzen diguten irudiak ez du gezurrik esaten… Baina beharbada beste bat da pasadizo umoretsua gogoratu izanaren arrazoia: irail bukaeran 1964ko gazte izandako ordiziar haiek kintada ospatuko dute, bai, baina, konturatzerako, 60 urterekin (!); bizirik egotearen, bildu izanaren poztasunarekin, elkarri begiratuko diote, eta orduan…
Lisboako British Bar txikiko erlojuak ezin hobeto sinbolizatzen du denborak eragiten digun larritasuna: minutu eta orduen orratzak atzeraka doaz esferan barrena; baina, horrekin batera, orduen zenbaki erromatarrak atzekoz aurrera idatzita daude: 12, 11, 10… Halakoxe urduritasuna, halakoxe sosegatu ezina eragiten du denborak. Eta kontua da ez dagoela horren kontrako antidotorik edo formula harrigarririk. Agian, besterik gabe, Emily Dickinson gogoratzeko unea da: «Bizitza dugu sekreturik delikatuena, gure zeregina hura murmurikatzea da». Gure zeregina hura eskertzea eta ospatzea da, erantsi genezake guk. ■