Historiazaleok elkarteak Oroit Lekuak egitasmoa jarri berri du martxan, «Euskal Herriko historia euskaldunok kontatuta» ezagutzera emateko helburuarekin. Bisita gidatuak dira proiektuaren muina. Euskal Herri osoan egingo dituzte, irailean hasi eta abendura bitartean, eta historia maite duten euskaldunak izango dira gidariak.
Goierrin egingo dituzte bisitetako bi, bata Ataunen, urriaren 13an, Jentilen inguruan, Juan Inazio Hartsuagak gidatuta, eta bestea Seguran, euskaldunen nafar historiaren inguruan, Rafa Berasategi segurarrak gidatuta, abenduaren 15ean.
Beste Oroit Leku horietako bat Iruña-Veleiako aztarnategian kokatu dute, eta hor, goierritar bat izango da bisiten gidari, Josetxo Mendia beasaindarra.
Historia, herriak kontatuta
Mendia da Historiazaleok elkarteko bozeramaileetako bat egitasmo honetan, eta berak azken igande honetan Iruña-Veleian gidatutakoa izan da momentuz 18 hitzordu proposatzen dituen bisita sortetako lehena. Mendiak azaldu duenez, egitasmoaren atzean «gure herriko historia beti edo ia beti kanpotarrek edo kanpotarren mesedetan dagoen jendeak kontatu izana» dago. «Bada garaia bertakook geure historia kontatzekoa, eta ez kanpotarrek».
Euskal Herriko hainbat toki esanguratsu aukeratu dituzte eginkizun horretan hasteko, eta toki horietan euskal historiaren mugarriak kokatuta, bisita gidatuak egingo dituzte. Goierriko Ataunen eta Seguran egingo direnez gain, bisita gehiago izango dira: Lapurdiko Saran, Bizkaiko Gernikan eta Bilbon, Nafarroako Orreagan eta Iruñean, Arabako Iruña-Veleian… Hain zuzen, Iruña-Veleiako aztarnategian izan duten jokabidea salatzea izan da Oroit Lekuen sorrera edo pizgarria, Mendiak zehaztu duenez, eta horixe izan da lehen bisita gidatuaren gaia.
Historiak elkartutako zaleak
Historialariak, antropologoak, filologoak eta beasaindarra bezalako historia zaleek osatzen dute Oroit Lekua egitasmoaren Historiazaleok talde eragilea. «Mundu hau nahiko txikia da, eta aurretik elkar ezagutzen genuen hainbatek, beste batzuk ez nituen nik ezagutzen». Baina denek dute komunean «Euskal Herriarekiko eta gure historiarekiko sentsibilitatea», eta horren zabalkundea kanpotarren esku «eta horien interesen esku» utzi beharrean, «herria historiaren protagonista izatea nahi dugu, gure ohiturak, hizkuntza, erakundeak, zuzenbidea, gertaera nagusiak… gure ikuspegitik kontatuz». Izan ere, «herri batek jakin behar du bere historia, aurrera joko badu».
«Bada garaia bertakook, euskaldunok geure historia kontatzekoa, eta ez kanpotarrek»
«Herri batek jakin behar du bere historia, aurrera joko badu»
Josetxo Mendia. Historia zalea
Mendia bera, Odon Ulibarrena, Ricardo Santamaria, Aitzol Altuna, Patxi Añana, Juan Inazio Hartsuaga, Iñaki Lopez de Luzuriaga, Allande Etxart, Ioritz Larratz, Agurtza eta Aintzane Lazkano, Tomas Urzainki, Jabier Goitia eta Rafa Berasategi segurarra dira gidariak.
Euskal historiaren mugarriak, berriz, asko dira eta garai ezberdinetakoak. Aztertuko dituzten gaien artean besteak beste daude Euskal foruak eta lege zaharrak, Enkarterrietako meategiak, Akitaniako gerra, Sarako leizeak, Somorrostroko bataila edo erromanizazioa.
Historiazaleok elkarteak jarri du abian Oroit Lekuak, baina Iruña-Veleia Martxan, Euskeraren Jatorria, Trueba Zentroa eta Arbasoen Deia eta Elkartu Foroa elkarteen lankidetza izan dute, «baita gure historiaren zenbait ikerleren laguntza ere».
Iruña-Veleiakoaren ondoren, Gernikan izango da hurrengo hitzordua, hilaren 15ean, igandea. Odon Ulibarrenak gidatuta, Euskal Foruak eta lege zaharrak oinarri hartuta, «duintasunez bizitzeko eskubidearen ibilbidea» aztertuko da. ■
Jentilen akabera: euskal mitologian ezagutu beharreko istorioa
Mendi ibilaldi batekin kontatuko dute Ataunen jentilen akabera nola gertatu zen. Urriaren 13an izango da, Barandiaran eskolako aparkalekuan, 10:00etan. Handik autoz joango dira gorantz, eta kotxea utzita, oinez gero Jentilarri famaturaino. Herrira 13:45ean itzuliko dira.
Euskaraz izango da, eta erreserbak egin behar dira 663 901 248 zenbakian. Prezioa 6 eurokoa da, eta 14 urtera arteko ume eta gazteek doan izango dute.
Juan Inazio Hartsuaga izango da gidaria. Euskal eta indoeuropar mitologian doktoretza du, eta euskal mitologia, antropologia, soziolinguistika, euskara eta ekonomia gaiak landu ditu bere argitalpenetan.
Jentilen mitologia
Jentilen mitologia trikuharriak eraiki zituztenen mitologia da. Europa osoan gorde dira indoeuropearren aurreko kultura horren oihartzun deformatuak, baina indoeuropeartu gabeko Euskal Herrian, mitologia horren forma original kanonikoa aurki daiteke, bere mezu eta esanahi jatorrak ulertzeko aukera eta bidea eman dituena. Jentilen mitologiaren barruan, Jentilen akaberaren legenda zibilizazio horren alderdi erlijiosoaren oinarria da.
Euskal Herrian mito horren hamar bertsio bildu zituen Barandiaranek, gehienak kristautasunaren eraginez deformatuak, baina horietako bat gutxienez, duela 5.000 urte kontatzen zen egoera berberean. Mito hori hain da garrantzitsua, Europa osoan eta Europatik kanpo aurki daitezkeela horren aztarnak, baita Koranean ere. Mito horren bertsioetan, gainera, aspaldiko kultura haren bi zertzelada etnografiko ageri dira: igarkuntza trantze bat, eta heriotzaren irudikapen bitxi bat.
Erraztiolatza-Segura, gure nafar historia agerian jartzen duen lekukoa
Abenduaren 15ean Seguran izango da hitzordua, Erraztiolatza etxean, 10:00etan. Segura herria eta Erraztiolatza museoa eta Haitzpila gaztelua zegoen lekua erakutsiko ditu Rafa Berasategi segurarrak, eta erreserbak 647 431 565 zenbakira deituta egin behar dira. Prezioa 6 eurokoa izango da, eta 14 urtera artekoek ez dute ordaindu beharko.
Segura hiribilduan zehar bisita egingo da lehenik, ondoren Erraztiolatza museoan, eta amaitzeko, Haitzpila nafar gaztelua zegoen lekua ezagutzeko aukera izango da. Bisita gidatua 12:30 inguruan amaituko da.
Bisitaren xehetasunak
Bisitan zehar, Segurako herriguneko eraikuntza garrantzitsuenak erakutsiko ditu Berasategik, eta Euskal Herriaren historiaren zenbait garai aztertuko dira horrela. Adibidez, Gebaratarren jauregia aitzaki hartuta, Ahaide Nagusien arteko gudak landuko ditu, eta Erdi Aroko egitura urbanistiko klasikoa zertan datzan erakutsiko du, almendra forma eta karkabak tartean.
Erraztiolatza Museoan Segurako historia landuko du gero, desagerturik dauden eraikuntzen maketak baliatuta: urbanismoaren egitura, San Adriango gaztelua, edo sinagoga zen Torre Zaharra. Fosilak eta gailu etnografikoak daude museoan, ehungintzarekin edo zurgintzarekin lotutakoak, adibidez, baita garai batean emakumeek erabiltzen zituzten burukoak ere. Horiekin, aurreko mendeetan herri xeheak erabiltzen zuen teknologia eta haien bizi baldintzak ezagutu ahal izango dira.
Azkenik, autoa hartu eta Haitzpila gaztelu nafarra zegoen kokalekura joango dira, konkista aurreko Nafarroako defentsa gotorlekuak ezagutzeko.