Hodei Zabaleta De Benito bost urterekin hasi zen dantzan, Aurtzaka dantza taldean, eta geroztik, oinak gelditu gabe aritu da dantzan. Bihar, larunbata, Igartzako ezpata dantzarien eguna izango da eta, bertan, Beasaingo bandera astinduko duen dantzaria izango da Zabaleta.
Noiz hasi zinen dantzan?
Bost urterekin hasi nintzen dantzan, izan ere, gurasoek, Aurtzaka dantza taldean izena ematea erabaki zuten eta geroztik ibili izan naiz dantza munduan. Bestalde, txiki-txikitatik jaietako soka-dantzan ere parte hartu izan dut eta urteak aurrera egin ahala, talde desberdinetatik pasa ondoren, 13-14 urte ingururekin helduen taldera pasa ninduten. Hasieran, oso haurra izanik arraro sentitzen nintzen arren, gaur egun oso gustura nago eta gustura aritzen naiz dantzan bertan.
Larunbatean Igartzako ezpata dantzarien eguna duzue. Zenbat urte daramatzazu bertan parte hartzen eta zer da zuretzat egun hori?
Hamalau urterekin hartu nuen parte lehenengoz, beraz, jada zazpigarren urtea da niretzat. Niretzat urtean zehar egiten diren gainontzeko emanaldietako bat bezalakoa da, baina badu bere berezitasuna, izan ere, herrian izateak eta Igartzako Monumentu Multzoan egite horrek berak egiten du berezi dantza hau eta eguna bere osotasunean.
«Igartzako Monumentu Multzoan dantzatzeak berak egiten du berezi dantza hau eta eguna bere osotasunean»
Aurtengoan bandera astintzeko ardura izango duzu.
Duela bi urte egin nuen hau lehenengoz. Iaz, berriz, Lierni Olano izan zen eginkizun hori izan zuena, eta aurtengoan berriro nire txanda dela dirudi. Ardura hau hartzea erantzukizun handia da niretzat, eta urduri samar jartzen nau. Hasieran urduriago nengoen, baina Mikel Sarriegiren laguntzarekin esperientzia bikaina izan zen lehen aldi hura, beraz, aurten, erosoago egongo naizela uste dut, baina urduritasuna hortxe izango da beti.
Zer da egun horretatik gehien gustatzen zaizuna?
Gehien gustatzen zaizkidan uneen artean hasi aurretiko uneak daude, denok jada azken prestaketetan gabiltzan eta urduri gabiltzan unea da, edota abiatu aurretiko urduritasun momentu hori ere gustatzen zait. Oso gustuko dudan beste momentuetako bat Igartzara iristen garenekoa da, bertan, dantza guztia amaitzean sentitzen dugun hori Igartzara sartzean, alaitasun momentu hori. Hala ere, esan beharra dago bertan ikusten den horretarako ezinbestekoak ditugula egiten ditugun entseguak eta horiek ere une polit ugari uzten dizkigutela.
Nola animatuko zenuke Beasaingo dantzari bat bertan parte hartzera?
Esango nioke herriko zerbait dela, jende askok parte hartzen duela, herriko dantzari ugari elkartzen gaituela eta horrez gain, nola ez, oso ondo pasatzen dugula. Jende berria ezagutzeko aukera bat ere bada eta parte hartzera animatzeko esango nioke.