Adimen artifizialak esan du Beasain dela Gipuzkoako herririk itsusiena. Horrela, braust. Erreparorik gabe esaten ditu gauzak adimen artifizialak. Bizkaikoa omen da Barakaldo, Arabakoa Laudio, Nafarroakoa Eulate, eta Gipuzkoakoa, bai, Beasain. Telebistako berriemaileak bota du datua, herri itsusi bakoitzeko argazki pare bat erakutsiz, eta herritarrei luzatu zaie mikrofonoa: justu erdiguneko kale hori ez omen da politena, baina inguruan ba omen dira txoko politak, zeratik zerara dagoen paseoa adibidez, eta bueno, ba igual ez da probintziako herririk politena, baina askoz politagoa omen dago duela urte batzuk baino.
Irribarretsu berrekin dio berriemaileak, adimen artifiziala konklusio horretara iritsi da. Eta hurrengo albistera.
Ez da gehiago behar izaten Whatsappeko lagun taldeetan eztabaida pizteko. Gure herriaren izena esatea nahikoa da zuzenean guri hizketan ari direlakoan urduri jartzeko. Gurean, konparatu da gure etxe-ingurua eskualdeko gainerako herri ia-ia denekin, konpartitu dira bizpahiru sticker barre-eragile, eta erabaki da «nahiago herri itsusia baina hau, herri polit soso bat baino». Eta bueno, gainera, ez dela egia, Beasain ez dela hain itsusia.
Bada poema bat, Mejillon Tigrerena, hitz egiten duena herri itsusiez. Hitz egiten du langileen pisu eta fatxada ‘deskaskarillatuez’, adreilu baten eta beste adreilu baten arteko leihoez, herrigintza ulertzeko beste modu batzuez, dorreez, ‘barriobajero’-ez, gazteen euskara maila oso baxuaz, telepizzez, zementuzko saskibaloi pistetako pipa-azalez… Eta nik ez dut inoiz pentsatu gure herriari buruz ari denik.
Ez dakit, esango nuke Whatsapp taldeetan piztutako eztabaiden atzean badirela adimen artifizialak itsustasuna neurtzeko duen gaitasuna baino gai interesgarriagoak. ■