Herritar boluntarioek eskuarez dena jaso eta belarra pisatu egiten zen. Atibergo Jexux Mariren traktorearen palan baskula jartzen zen eta handik erantsita jasotako belarraren pisua ezagutu ondoren bikote irabazlea ateratzen zen.
Idatzi hau prestatzeko eskatu zidatenean, etxean paperean ditudan argazkiak errepasatzen hasi nintzen, zein erretratu aukeratuko nuen arrastorik gabe. Banaka batzuk baztertu ostean, Mutiloako festetan ospatzen zen sega apustuarena aukeratu nuen.
Protagonistei galdetu nien ea noiz egin zen lehenengo saioa eta beraiek zioten ordutik 25 urte izango zirela. Hasiera batean asko iruditu arren, jakin genuen 25 ez, baina 24 urte pasa direla, lehen sega apustua 2000. urtean egin baitzen. San Pedro jaietan, 6 urtez jarraian egin zen sega-apustu hau. Aurrenekoa Kaxintane aurreko zelaian, eta ondorengoak, Odiokoetan.
Beste zenbait desafio, apustu eta lehiaketa bezala, sega apustua egitearen ideia parranda baten ondorio izan zen.
Bi bikote aurkari. Alde batetik, Ion Ugalde Iparre eta Iñaki Zabalo Zabalo-Txiki, eta bestetik, Asier Agirre Bekoetxe eta Xabier Aranburu Anbu. Urte batean, Xabierren ordez, Odioko Mateo Telleria aritu zen. Zorrotzaile lanetan, lehen bikotearekin, Zerain Sagastiko Joxe, eta bigarrenarekin, Bekoetxeko Luxio. Epaile lanetan, Atibergo Iñaki Muñoa. Sega apustua Mutiloako San Pedro jaietako egitarauan sartu zen, larunbat arratsaldean, zehazki.
Gazte garaian, herriko jaietan ez dago egun eta ordu egokirik kirol saio ikuskizuna aurrera eramateko, egun horietan parranda eta kirola uztartzea lan zaila izaten baita, eta hori gertatzen zitzaien mutiloar gazte horiei. Bezperan sagardo dastaketa, egunean bertan poteoa eta gazte bazkari bikaina, eta arratsaldean, sega hartu eta nor baino nor gehiago belarra moztera. Sasoia, horri sasoia deitzen zaio! Ba zapatu arratsaldean, herri osoa inguratzen zen norgehiagoka hori ikustera; oso giro herrikoi eta polita sortzen zuten gazteek. Hogeita hamar minutuko saioan ahalik eta belar gehien moztea izaten zen kontua.
Belarra moztu ondoren, herritar boluntarioek eskuarez dena jaso eta belarra pisatu egiten zen. Horretarako, Atibergo Jexus Mariren traktorearen palan baskula jartzen zen eta handik erantsita jasotako belarraren pisua ezagutu ondoren bikote irabazlea ateratzen zen.
Sega apustua egin zen sei aldi horietatik, Ionek eta Zabalok lau aldiz irabazi zuten, eta Bekoetxek eta Anbuk bitan. Saria txapela izaten zen. Bitxikeri moduan, apustua egin zen lehenengo urtean txapelek ez omen zuten bordatutako letrarik, erabateko beltzak omen ziren, baina hurrengoetakoak txukun asko apaindutakoak izan ziren.
Hurrengo belaunaldientzako erronka
Etapa hori pasa zen, baina ez litzateke gaizki egongo gure herriko gazteek beste horrelako ekintza bat antolatzea. Hemendik, hurrengo San Pedro jaietarako ondorengo belaunaldientzako erronka!