Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Produktu bat saltzeko garaian istorio bat kontatu behar omen da, istorioa egiazkoa edo gezurrezkoa izan daiteke, erosleak sinestea da helburua. Sare sozialetan gainera ez da zaila gezurra eta egia nahastea. Elikagaien kasuan, naturalak dira, emisio baxukoak, larrean ibilitako animaliengatik eratorritakoak, zigilurik gabekoak baina ekologikoak… eta bertako ekoizlea bada, aurreko guztia egintzat ematen dugu.
Horrela bada eta lokala dena ona bada, zergatik ekoizle batzuek hamarkadak daramatzate eredu ekologikoa aurrera eramaten? Eta zergatik zigilu ekologikoa?
Ekoizpen ekologikoaren teknika eta oinarri gehienak, kimikoen erabileraren aurretik datoz: lurraren zaintza ongarriketa organikoaren bidez, ekoizpenen dibertsifikazioa baliabideak hobeto aprobetxatzeko, laboreen errotazioak gaixotasunak ekiditeko eta lurra ez agortzeko, ongarri berdeak lurretik ateratzen duguna berriz ere bueltatzeko…
Abereen maneiuari dagokionez, prebentzio lanak eta animalien fisiologia errespetatzea izan dira gakoak, egungo botika sortarik gabe, luze bizi behar zuten animalien osasuna mantentzea ezinbestekoa baitzen. Ekoizpen ekologikoa kimikoen aurretik garatutako jakindurian oinarritzen da. Egungo makinaria aukerari, ikerketa eta ezagutza teknikoak gehitu zaizkio. Kimikoen iritsierak nekazaritza eta abeltzaintzaren teknika prebentibo hauek baztertu ditu.
Ekoizpen ekologikoaren eredua Europako araudiak finkatzen du Euskal Herri osoan, eta zigilu ekologikoak araudia betetzen dela bermatzen du: teknika tradizional eta prebentibo hauek lehenetsi eta kimikoak zein transgenikoak mugatu. Europar Batasunak ekoizpen ekologikoa zabaldu beharreko eredutzat hartu du eta 2030erako lurren azalera ekologikoa %25era iristeko xedea ezarri du. Austria, Suedia, Italia, Suitza edo Katalunian administrazioek bultzatuta, gertu daude edo dagoeneko muga gainditu dute. Autonomia Erkidegoan %5ean gaude eta honek zer pentsa eman behar du.
Ingurumena eta osasunarekiko kezkek elikagai ekologikoen gaineko negozioa handitu dute eta multinazionalak ugaritzen ari dira. Horregatik, elikadura burujabetzaren bidean bertako ekoizpen ekologikoa areagotzea eta horren onurak ezagutzea oso garrantzitsua da. Datorren astean Goierriko XV. Hamabostaldi ekologikoaren barruan Zeraingo azokan Euskal Herriko elikagai ekologikoak eskuratzeko aukera polita izango dugu. ■