Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Bada inoiz baino zentzu handiagoa hartzen ari den esaldi bat, Mussoliniren aginduz kartzelan hil zen sardiniar militante harek esandakoa. Ehun urte atzera imajinatzen dut, ile kizkurra zintzilik, tintaz honakoa idazten: «mundu zaharra hiltzen ari da, berria ez da oraindik iritsi, eta argi-ilun horietan munstroak sortzen dira».
Uztailean Ez irentsi arrazakeriaren amua plataforma aurkeztu zuten Algortan hainbat herritarrek, azken boladan kaleetan gora egiten ari diren diskurtso arrazistei kontra egiteko asmoz. Antzera gertatu zen abuztuan Donostian, Donostian arrazakeria eta faxismoari ez dinamikapean.
Dirudienez, Martutenen bizilagun batzuek etorkinak jipoitzeko taldeak sortu dituzte, eta udaltzainek zein ertzainek modu arbitrario bezain sistematikoan etorkinak jipoitu, identifikatu eta lapurtzen dituzte. Miseriazko egoerak inoiz baino emigrazio olde handiagoak ekarriko ditu, eta dagoeneko ezer ez duten gero eta atzerritar gehiago dauzkagu gurean, ez Donostian soilik. Eta argi-ilun hauetan, munstroak sortzen ari dira.
Gramsci ez zen txaboletan lo egiten dutenez ari munstroez ari zenean, etorkinen aurkako WhatsApp taldeetan dabiltzanez eta ertzain sartu nahi duten kuadrilako lagun jatorrez baizik. Izan ere, zoritxarrez, pertsona jatorrez beteta dago mundua. ■