Uda honetan Cuencan izan gara. Ederra hiria eta ederrak inguruak. Jurgen Hans Loos herbeheretarrak gidatu gintuen bisitan. Duela 35 urte turista moduan bertara iritsi eta orain turistei berari horrenbeste gustatu zitzaiona erakusten dihardu. Alde zaharreko txoko zoragarriak erakutsi eta, nola ez, eskegitako etxeen sekretuak ere azaldu zizkigun.
Alabei, ordea, deigarriena etxe-hormetatik irteten ziren gelaxka antzekoak egin zitzaizkien. Garaiko eskegitako komunak, alegia. Komuna zutenentzat, noski. Gehienek ez omen zuten. Beraz, askok, barrenak arindu ondoren, «URA!» oihukatu eta leihotik behera bota ohi zuten. Beti izan dut jakin mina nola izango ote zen hori bera Ordizia, Segura edo Tolosa moduko hiribilduetan… Eta nolako kuxidadea egongo ote zen gure kaleetan… A zer nolako kiratsa… Tirabirak ere izango ziren «URA!» entzun ez eta azpian harrapatzen zituztenen artean. Hegal zabaleko kapelak eta kapa luzeak, deskuiduan goitik behera eror zitekeenetik babesteko janzkiak omen ziren. Hauek ere, zituztenentzat, kuanto! Pentsa nola ibiliko ziren horrelakorik ez zutenak.
Horren harira, gogora ekarri nuen, hain zaharra ez izan arren, nik ere ezagutu dudala antzekorik. Izan ere, Murumendi pean dagoen Lizardiko gure baserrian, komuna ukuilu gainean genuen. Asteburu askotan joaten ginen bertara haur nintzela. Lehengusuekin jo eta su jolasean genbiltzala estualdia sartu eta han joaten ginen, eskaileretan gora korrika, ganbara ondoan zegoen komunera. Egurrezko egitura bat zen, behealdean banku antzeko bat, erdian zuloa eta ondoan periodiko zaharren orri zatituak, ipurdia garbitzeko. Ez zegoen argirik eta gauetan kandelarekin edo kriseiluarekin joaten ginen.
Magikoa izaten zen esperientzia. Zulo beltz haren gainean eseri, egin beharrekoak egin eta ukuilura erortzen zeneko soinua. Erdi aroan horrelakorik nobleek eta dirudunek soilik omen zuten. Ba gure baserrian ez zen noblerik ezta dirudunik ere, baina bazen komuna. Ez zegoen «URA» oihukatu beharrik, entzun besterik ez. Ez zen kapelarik, ezta kaparik behar bertan ibiltzeko eta ez zegoen beldurrik azpian inor harrapatzeko. Horren kontura, behintzat, ez zen iskanbilarik sortzen. Hori bai, antzinako garaien moduan, eau de toilette apur bat ez zetorren gaizki giroa goxatzeko. ■