Donostiako Urgull mendian bada bonbarda bat (kanoiaren aurrekari modukoa), alemanezko esaldi hauek dituena: «Rosita dut izena. Heriotza eta paralisia dakartzat. 1509an urtu nau Hans Vastenonek. Hori egia da». Su arma Pasaiako badian agertu zen 1937an eta San Telmo museoko piezarik preziatuenetarikoa da gaur egun.
Maiz galdetu diot nire buruari zergatik erantsi ote zituzten XVI. mendearen hasieran ‘hori egia da’ hitzak. Boteprontoan pentsa genezake garrantzitsua iruditzen zitzaiela egia esatea, are gehiago kontuan hartzen badugu su arma bat dela mintzo zaiguna eta su armek, berez, ez dutela alemanez egiten.
Garai hartako testuei erreparatzen badiegu, deigarria da nola Cervantesen fikziozko txakurrek giza hizkuntzan aritzea justifikatu behar duten El coloquio de los perros kontakizunean, ezinezkoa baitirudi txakurrek gaztelaniaz hitz egitea. Beste hainbeste gertatzen da Villalonen El Crotalón nobelan, oilarra Micilo zapatariarekin mintzo denean. Aro Modernoko utopiak irakurtzen baditugu, berehala ohartuko gara Mororen eta Swiften testuetan (ezagunenak aipatzearren) protagonistek xehe-xehe deskribatu behar izaten dituztela bidaiarik sinestezinenak, horiek egia direla frogatu nahian bezala.
Antzinaroko idazlan eta erretratuetatik duela gutxira arte, Mendebaldeko sortzaileak errealitatean oinarritu dira fantasiazko fikzioak sortzeko, arteak errealitatea imitatu behar duela erakutsi zietelako. Haien helburua ez zen, ordea, egia esatea edo errealitatea bere horretan islatzea, kontatzen zutena egia balitz bezala kontatzea eta publikoa engainatzea baizik. Antzerki edo filmen moduan. Egia vs. Egiantzekotasuna.
Ikuspegi horretatik aztertuta, egia baino egiaren itxura bilatu ote dugu beti Mendebaldean? Zentzurik al dute postmodernitatearen ustezko leloek (egiaren osteko gizartean bizi gara, egia baten atzean beti dago beste egia bat, eta abar), sekula egiarik izan ez bada? Eta halakorik balitz ere, zinez ezagutu nahi genuke? Ala ez ote gara egiaren ilusioarekin, itxurarekin, maskararekin konformatzen, arteak eta literaturak sustatu bezala?
Wilderen, Travenen eta Frommen ildotik, Mendebaldean egiari –halakorik izatekotan– beldurra diogula esango nuke nik. Eta ez zaigula hura ezagutzea interesatzen. Azken beltzean, botere geopolitikoaren bulegoetan egiak fabrikatzen dituzte, Palestinako genozidioa eta mundu mailako beste gatazka lazgarri batzuk gertatu bitartean amets goxoak izan ditzagun… eta Urgulleko Rositaren ondorengoek hitz egiten jarrai dezaten.■