Landa garapeneko eskualdeko programa eguneratuko du Goimen Landa Garapen Elkarteak datozen hilabeteetan. Goierriko landa eremuko biztanleak erdian jarriz, egungo errealitateari eta ezaugarriei erantzungo dieten helburu sektorialak, bultzatu beharreko jarduera ardatzak eta horien lehenespena jasoko ditu egitasmoak.
Landa eremuak gaur egun bizi duen errealitateari erantzungo dioten lan ildoak zehaztea eta horiek gauzatzeko jarduerak definitzea izango da eskualdeko landa garapen programaren helburua.
Lortu beharreko helburu sektorial nagusiak, bultzatu beharreko jarduera-ardatzak, horien lehenespena eta landa eremuen ezaugarrietan oinarritutako tokian-tokiko ikuspegia hartuko dira kontuan eskualdeko landa garapeneko programa egiteko. Honekin batera eskualdez gaindikoak izan daitezkeenak ere barneratuko ditu lurralde mailan Gipuzkoako landa garapen elkarteekin (Landaola) eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinatuz.
Programa berria 2015-2020 programaren egokitzapena izango da, beste 5 -7 urtez bide orri gisa lagunduz, Landa Garapeneko ekainaren 30eko 7/2022 Legean jasotakoa oinarri hartuta. Programa berria garatzeko jardute eremuak berrikusi dira, tokian-tokian azken urteetan eman diren aldaketak aintzat hartuz: aldaketa sozialak, ekonomikoak, kulturalak, lan alorrekoak… Herri bakoitzean dauden eremuak sailkatu eta ezaugarritu ere egin dira azken urteetan.
Karakterizazio horretatik erreferentzia mapak zehaztu dira, eta mapa horietan jaso dira eskualdeko herri bakoitzeko landa izaera, hedadura eta ezaugarriak, azaltzen duten garapen eremuaren arabera.
Horretarako, landa eremuen kalteberatasun maila hartu da kontuan, garapen faktore hauek izan dituena oinarri: ekonomiaren sustapena, dibertsifikazioa, bizi kalitatea eta ongizatea. Lau esparru hauek zehaztu dute udalerri bakoitza zein udalerri bakoitzeko landa eremuaren garapen maila.
Elkarlanean landuko den egitasmoa
Eskualdeko landa garapen programa berria partaidetzan oinarritutako hausnarketa estrategiko bat izango da, eskualdeko eragile sozioekonomikoen, erakundeen eta herritarren inplikazio eta konpromisoarekin garatuko da. EAEko mailako beste eskualdeetako programekin bezala, Hazi fundazioa lagun izango da prozesuan.
Goimen Landa Garapen Elkarteko arduradun Manex Aranburuk zehaztu duenez, elkarlana izango da landa garapen programa eguneratzeko funtsezko tresna. «Herritarrak dira gure ardatza; landa eremuan bizi diren pertsonak, emakumeak, gazteak, baserritarrak, ekintzaileak… Beraien beharrak eta nahiak zein diren jakitea ezinbestekoa da landa eremu bizi bat eduki nahi badugu. Eta hori da Goimenetik gidatuta osatuko dugun eskualdeko landa garapen programaren helburua: herritarrei etorkizun oparo bat eskainiko dien landa eremu bizi bat izatea».
«Landa eremua lehen sektorearekin lotuta egotea ezinbestekoa da, harago begiratzea eta bestelako sektoreak indartzea ere bai, guzti honetan, eskualdeko eragileon ardura eta rol banaketa zein koordinazio handiagoa izatea aurreikusten da», zehaztu du Aranburuk. «Landa eremuko biztanleek, herritarrek, hirian eskaintzen diren zerbitzuak ere behar dituzte, horregatik, eskualdeko landa garapen programa berria zehazterakoan, behar horiek identifikatzen eta lehenesten jarraituko dugu».
Goierriko 22 herriak txertatuko dira berriz ere eskualdeko programan. Herri txikiak, ertainak eta eskualdeko herri handienetako landa eremuak, auzoak eta guneak. Eta aipatu bezala, pertsona erdian, leku berezia izango dute herritarrek, batez ere landa eremukoek. «Herritarrek programan parte hartzea nahi dugu. Norbanakoek zuzenean, edo erakundeen bidez: auzo elkarteak, udalak, gizarte eragileak, baserritar taldeak, kulturarekin, ekonomiarekin, azpiegiturekin, hezkuntzarekin… lotura dutenak. Askotan, herritarrek, elkarte edo erakunde horietara jotzen dute beharrezko ikusten dutena eskatzera, eta horiek izaten dira gero bitartekariak foro handiagoetan».
Bakoitzak bere lekutik
Eskualdeko landa garapen programa berritzerakoan, erakunde eta norbanako bakoitzak izango duen rola ere zehaztu beharko da. «Lan ildo bat zehaztuko da, estrategia batzuetan oinarritutako ardatz batzuk. Ardatz horiek, era berean, jarduera eta ekintza batzuk egitea suposatuko du. Ekintza bakoitzak epe muga bat izango du, eta hori gauzatzeko ardura izango duen erakunde bat».
Izan ere, Goierri eskualdea bere osotasunean da landa eremua. «Herri txiki asko ditugu eskualdean, eta herri handietan ere landa eremuak daude. Guztietan bizi dira herritarrak, eta horri erantzuna ematea bada helburua, eskumenak banatu egin behar dira. Eskumen batzuk Goimenek hartuko ditu bere gain, baina udalek ere izango dute ardura, zehaztu den ekintza bere udalerrian edo udalerriko landa eremuan aplikatzekoa».
Lan ildoak eta estrategiak ere askotarikoak izango dira: hezkuntza, osasuna, azpiegiturak, kultura, denetariko zerbitzuak… «Herri txikietan haien zerbitzuak eskaini nahi dituzten ekintzaile asko ditugu Goierrin. Batzuk lehen sektoreari lotutakoak dira, baina aurrez aipatu bezala, beste asko ez. Fisioterapia zentroak daude, ostalaritzara eta turismora bideratutako zerbitzuak, aisiara, osasunera, azpiegituretara (errepide konponketak, garraio zerbitzua)… ekintzaile askori haien proiektua garatzen lagundu diegu urte luzez, horretara bideratutako diru-laguntzen bidez eta aholkularitza eta babesa emanez. Badakigu landa eremua bilakaera batean sartuta dagoela. Horregatik, datozen urteei begira gure langintza zehaztuko duen eskualdeko landa garapen programan haien ahotsa jasotzea funtsezkoa da».
Eskualdeko landa garapen programa orain urte batzuk eskualdeko udalek Goierrirako estrategia lerro gisa Goiekirekin zehaztutako hiru lerroetako bat ere bada. Hau guztia baliatuz, datozen hilabeteetan Goimenek, eskualdeko garapen agentziekin eta hainbat eragilerekin elkarlanean garatuko duen landa garapen programa izango da, euskara, genero ikuspegia eta ingurumen arloei aparteko trataera emanez. ■