Euskal Herrian edo Euskal Herriari buruz argitaratutako liburu, aldizkari, kartel, panfleto, pegatina eta beste hainbat dokumenturen bildumarik handiena du Juan Joxe Agirrek Lazkaoko Beneditarren Artxiboan.
Medikuntza ikasi nahiko lukeen Juan Joxe Agirre Begiristain (Alegia, 1930) beneditarrak bizitza erdia baino gehiago darama Euskal Herriari buruzko «paperik txikiena» ere biltzen, Euskal Herriko historia gorde, sailkatu eta zaintzen. Euskal gaietan mundu mailan erreferentzia den Lazkaoko Beneditarren Artxibategia eta liburutegia osatu du Agirrek. Sari ugari jaso ditu orain artean eta urrian jasoko du beste bat Lazkaon bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lazkaoko Udalarekin eta Lazkaoko Beneditarren komunitatearekin elkarlanean antolatutako aitortza ekitaldian.
Alegiarra zara jaiotzez baina 13 urterekin Lazkaora, Beneditarretara joan zinen, 1943an. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Hamar senide ginen eta anaia eta biok etorri ginen Lazkaora. Garai hartan, beste ideologia batekin bizi ginen. Frankismoa zen, orduan normala zen igandero elizara joatea… Kultura aldetik, antzerkiak egoten ziren, koruan ere ibili nintzen… giro horretan bizi izan ginen. Orain ez dago pentsatzerik. Batxilerra ikasi nahi zuena seminarioetara joaten zen. Euskaldunak berandu hasi ziren ikasten. Lehenengo legealdian, politiko guztiak, erdi fraide, erdi apaiz izandakoak ziren.
Garai hartan, ia familia guztietan bazen fraide, apaiz edo mojaren bat.
Giroa halakoa zen. Orduan normala zen igandero elizara joatea. Akolito ibiltzen nintzen elizan, bost edo sei lagun baginen. Gogoratzen naiz fraideak nola joaten ziren eskolara, bakoitzak zeukan eskaintzaren berri ematera, propaganda egitera. Frantziskotarrak, jesuitak, kaputxinoak… Herrira bokazio bila etortzen ziren.
Arantzazukoa etorri zen batean denok baiezkoa eman genuen, Arantzazura joateko prest geundela. Handik hiruzpalau hilabetera bueltatu zenean serio hitz egitera eta eguna finkatzera, ezezkoa eman genion. Neuk esan nion ezezkoa aurrena, joatekotan, Lazkaora joango nintzela, bi osaba beneditar nituela eta.
Zer ikasi zenuen Lazkaon?
Lehenengo sei urteetan ‘Humanidades clasicas’ deitzen zitzaiona ikasi genuen. Historia, latina, grekoa, frantsesa… matematikak gutxiago. Donostiara joaten ginen azterketak egitera, urtean behin. 16-17 urterekin nobiziotzan sartzen ginen. Ordenako historia eta arauak ikasten genituen. Urtebete pasa eta botoak hiru urterako egiten ziren. Filosofia eta teologia ikasten zen. Ordenatu aurretik, edo ordenatu eta berehala, unibertsitatera joaten hasi ziren. Batzuk Erromara joan ziren, Parisera ere bai…
Zu, Ahurtira (Lapurdi), Belokeko monasteriora joan zinen.
Musika ere ikasi nuen, pianoa jotzen ikasi nuen eta Beloken organista behar zutela eta hara joan nintzen. Teologia han ikasi nuen. Baionako katedralean apaiztu nintzen 1955ean. Lazkaon nire beharra zutela eta, itzuli egin nintzen. Orduan hasi nintzen eskolak ematen. Barneko ikasleak, ‘internoak’, genituen, eta beste batzuk pentsio erdirako etortzen ziren: gurekin bazkaltzen zuten, baina lotara etxera joaten ziren eskola bukatutakoan. Karlos Argiñano ere hemen ibilitakoa da.
Apaiz izateari jende askok utzi zion.
Bai Kontzilioaren ondoren, askatasun pixka bat etorri zenean, «barruan egotekoak ez gaituk» eta ateratzen hasi zen jendea. Ikasketak eginak zituzten eta postu onak lortu zituzten.
Garaiak nola aldatu diren, Elizara jende gutxi joaten da gaur egunean.
Dena galduko da. Erabat aldatuta dago, eta aldatuko dena! Komentuak husten ari dira, eta zer egin horiekin? Nork mantenduko ditu? Balore asko dago.
1969. urtean Lazkaoko Beneditarretan zenuten ikastetxea ixteari zor zaio gaur egun osatu duzuen dokumentazioaren gunea.
Bai, nik egunean lau klase ematen nituen. Fisika eta kimika ere bai. Lan asko zen, guk ere ikasi egin behar izaten genuen eskolak emateko. Madrilen matematikak erakusteko formazio on bat egin genuen. Beasaingo institutua ere orduan ireki zuten eta ixtea erabaki genuen. Baina guk bizimodua atera beharra geneukan, autonomoak baikara. Demokratikoki aukeratzen ditugu lan guztiak. Batetik, baratza modernoa jarri genuen negutegiekin. Ordiziara eta Beasainera joaten ziren azoketara saltzera. 32.000 porru sartu genituen garai batean. Koadernaketak ere egiten genituen. Aurreneko offseta [fotokopiagailua] ere guk jarri genuen gure eta kanpoko lanetarako. Oilategia ere bageneukan, 22.000 oilo izatera iritsi ginen.
Zure kasuan, liburutegiaren arduradun izatea erabaki zenuen.
Aita Rufinok esan zuen monasterio guztiak nabarmendu zirela biblioteka eta artxiboengatik. Nork egingo zuen galdetu zuen. Ni ezer gabe geratu nintzenez, ardura nik hartuko niola esan nuen, baina baldintza batekin: kanpora joan eta bibliotekonomia ikasteko baldintza jarri nuen. Bartzelonara, Montserrat-era joatea erabaki nuen. Liburu bat zer zen ez nekien. Urteetan irakasle moduan gurasoekin hainbeste borroka egin ondoren, nik lasaitu egin nahi nuen eta beste norabait joan.
Zergatik aukeratu zenuen Montserrat-eko abadia?
Montserrat-eko biblioteka oso biblioteka preziatua zelako. Ezagutzen ez nuen mundu batean sartu nintzen. Erbestean zeuden kataluniarren argitalpenak erakutsi zizkidaten. Han ikusi nituen Jose Antonio Agirreren paper batzuk ere. Kontzientziatu gabe nengoen garai hartan, baina orduan erabaki nuen ni Euskal Herriko gaietan espezializatzea.
Milaka liburu, 80.000 kartel, 35.000 pegatina, 8.000 aldizkari, 150etik gora bilduma dokumental eta dohaintzan jasotako 70 artxibo dituzu jasoak. Nola hasten da horrelako bilduma bat osatzen?
Estatu mailan ni hasi nintzen lehenengo papertxoak biltzen. Frankismo garaia zen, paper bat ateratzerik ez zegoen. Nik isilka biltzen nituen. Gero, ‘apologia del terrorismo’ egitea egotzi zidaten. Hasieran, isilka-isilka bildu nituen paperak… Batxilergoko ikasketak eman nizkien ikasleak unibertsitatera joaten zirenean, edozein papertxo ekartzeko eskatzen nien. Izugarrizko balioa daukate papertxoek. Pentsa ze balioa duten. Erreforma Politikoaren legea onartu zuten 1976an, erreferenduma ere egin zen. Mugimendu handia egon zen. Leku bakoitzean ateratzen dira partidu politikoak. Izugarrizko borrokak izan ziren. Erreferendumean galderak berdinak ziren, baina Euskal Herrian erantzuna ezberdina izaten zen. Inor ez zegoen kontzientziatuta horiek denak gorde behar zirenik. Gaur egun guk esan gabe ekartzen digute materiala, guk ondo gordeko dugula uste dutelako. Milaka eta milaka dokumentu ditugu.
Bila ere aritu beharko zenuen sarritan.
Bai, askotan. Parisen argitaratutako Eusko Deia aurkitu nuen gure etxean, 12. zenbakia zen. «Honek lagunak badizkik», pentsatu nuen. Horien atzetik ibili nintzen, eta azkenean denak lortu nituen. Horiekin harrapatuz gero, kartzela zegoen. Ameriketako komentu beneditarrekin baditugu harremanak, Venezuela, Argentina, Mexiko, eta baita euskal etxe guztiekin ere bai.
Bilduma guzti horretatik, piezaren bat aukeratu beharko bazenu… Zein duzu gustukoena?
Zaila da zeinekin geratuko nintzatekeen esatea. Nik beti esaten dut: zerekin geratuko nintzatekeen? Denarekin. Paperik txikiena ere niretzat handiena da. Balio handiko dokumentuak ditut, asko, bakarrak direnak.
Urteetako inurri lanari esker, euskal gaien bat jorratzen ari diren ikertzaileentzat erreferentziazko gunea osatu duzu.
Seguru asko Euskal Herriari buruzko gunerik garrantzitsuena izango da. Doktoregoak egitera jende asko etortzen da; ehun bat doktorego egingo zituzten hemen. Tesien sarreretan beti nabarmentzen dute eta eskertzen dute nik egin dudan lana. Mari Karmen Garmendiak ere hemen egin zuen. Berak pasatu dituen hotzik handienak hemen pasatu dituela esaten du. Kalefakziorik ez zen. Bere doktoregoaren sarreran horrela idatzi zuen: «Liburutegi hau paregabeko altxorra da gure herriarentzat, eta guzti hau taxutzen, egituratzen, osatzen ari zaren horrek –lan ederra eta eskerga aldi berean– leku handi bat merezi duzu euskalgintzaren alor zabalean».
Isileko lan edo ordu asko, eta isilpeko dokumentu ugari. Beldurrik pasatu al duzu inoiz?
Beti izan naiz poliziaren beldur. Gauetan ametsetan askotan ibili naiz. Gauetan leihotik sartzen direla. Beldur handia pasatu izan dut. Tejeroren estatu golpe garaian, jende askok alde egin zuen eta dokumentu asko erre ziren.
Guardia Zibilen azkeneko bisita 2005eko otsailean jaso zenuen.
Erregistroan dar-dar batean pasatu nuen bibliotekan zehar ibili ondoren artxibora sartu zirenean. Polizia frantziar bat ere bazen tartean. Dena ikusi zuenean, aparte batean, zorionak eman zizkidan hori guztia bilduta edukitzearren. Polizia buruari miaketaren eta deklarazioaren txostenaren kopia eskatu nion artxiboan gordetzeko. Garzonen agiria ere gordeta daukat. Gero lotsatuta joan ziren. Orain etortzen dira dokumentuak eskatzera.
Sari eta aitortza ugari jasoa zara: Sabino Arana Saria, Durangoko Liburu eta Disko Azokako Argizaiola Saria Euskal Pen Klubaren ohorezko luma, Alegiako seme kuttun izendapena, Tolosako Galtzaundi Saria edota Manuel Irujo Saria. Udazkenean beste bat jasoko duzu, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, «hurbileko memoriaren alde egindako lan nekaezin eta aitzindariagatik».
Nik ez dut esan egiteko e?! Nahi zuten ni Donostiara joatea, baina ezetz esan nien, eta azkenean hemen egingo dute. Nahiago nuke kenduko balute. Ez zait gustatzen. Ez dut jakiten zer esan. Hainbeste urtetan beti gauza berdinak kontatzen ditut.
Zure lanaren jarraipena ziurtatuta dago. 2011n Fundazioa sortu zenuten.
Instituzionalizatze horrek ere lasaitu nau. Bestela nola egin bakarrik! Oso ekipo ona daukat Fundazioan, beste hiru lankide ditut. ■
Barandiaranen ondoan
Ama ataundarra eta aita idiazabaldarra zituen, baina Alegian jaioa da Juan Joxe Agirre. Hamaika anai-arreben artean bigarrena da. Amaren aldeko lau osaba beneditarren urratsei jarraituz, Lazkaora joatea erabaki zuten Juan Joxek eta anaiak. Amaren aldetik, Joxemiel Barandiaran ere familiartekoa zuen Juan Joxek. Harreman estua izan zuen antropologo eta etnografo ataundarrarekin. «Joxemiel Barandiaran bi urtean aritu zen guri eskolak ematen, Frantziatik etorri zenean».
Barandiaranek 1987an 100 urte bete zituenean ateratako argazkia oso kuttuna da Agirrerentzat. «Pistolero itxura daukat baina hotza egiten zuen». Imanol Auzmendi eta Mari Karmen Garmendia dira argazkiko gainerako biak. «Oso ondo moldatu izan naiz beti berarekin. Oraindik ere harremana badaukagu», dio Garmendiari buruz.
Beneditarren artxibora egiten dituzten bisitaldiak Barandiaranek «behin esan» zion esaldi batekin amaitzen ditu Agirrek: ‘Kontxo, kontxo, ikaragarria da zuk egin duzun lana. Beste batekin ez zenuen egingo’. «Esperientzia zeukan hark», nabarmendu du beneditarrak.
Agirrek gustura erakusten eta irakurtzen ditu Lazkaoko Dokumentazio gunea erreferentzia gune dela esaten dutenen adierazpenak, eta mende erdian egin duen lanarekin gustura baino gusturago dago. Baina aitortza bat ere egin du: bere gogoz, medikuntza ikasiko lukeela. «Madrilera hiru aldiz joan nintzen Zientzia eta Praktikak ikastarora. Katedratikoek ematen zizkiguten eskolak. Praktikarekin ikasten genuen, gero guk eskolak emateko. Ardien bihotzak ekartzen zituzten, ireki eta bihotza nola ibiltzen zen ikusteko eta ikasteko. Begia ere ikusi genuen barrutik nolakoa zen, belarria ere bai… Ze gustura egoten nintzen! Elkarri odol analisiak ere egiten genizkion… Formazio ona jaso genuen. Mediku ikasiko nuela esan nuen baina ezezkoa eman zidan Aita Maurok».
Aita Maurori ere eskerrak eman beharrean dago beraz Euskal Herria.