Larraitz Goikoetxeak (Beasain, 1994) Euskal Ikasketak egin zituen Gasteizen. Bigarren Hezkuntzako euskara irakaslea da Gasteizko ikastetxe batean. Zazpi urte daramatza dagoeneko Arabako hiriburuan bizitzen. «Gasteiz herri handi bat da. Txoko interesgarriak ditu. Baita gune euskaltzale eta euskaldunak ere. Araba euskaldun bat badago», aipatu du.
Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Sukaldaritza asko gustatzen zait: bai nik prestatzea eta baita beste batzuek prestatutakoa probatzea. Euskal dantzak ere gustatzen zaizkit. Ostadar dantza taldeko kidea naiz.
Zure errezeta kuttuna?
Haragi-bolak eta masailak ondo egiten ditut. Baita arraina labean ere.
Jatetxe bat?
Arrasateko Garagartza auzoko Arteaga.
Zein da zure gustuko jakia?
Oso jale ona naiz. Denetik jaten dut, gazta izan ezik.
Gustuko pelikula edo telesaila?
Telesaila, The Handmaid’s Tale. Eta pelikula, Akelarre.
Musika talde bat edo abeslari bat?
Berri Txarrak.
Abesti bat?
Berri Txarrak taldearen Fuck.
Liburu bat?
Atxagaren Soinujolearen semea.
Oporretarako toki bat?
Dolomitak edo bero handia egiten ez duen toki lasai bat.
Kolore bat?
Beltza, adibidez.
Zer gosaltzen duzu?
Esnea Nesquik-ekin. Presa badut, gailetekin. Bestela, ogi txigortua tomate eta ahuakatearekin.
Inoiz jaso duzun opari bereziena?
Lagunek osatutako bideoa eta bertsoa eta iloben bideoak.
Amets bat?
Euskara lehenetsiko duen Euskal Herria.
Bizitzako plazer txiki bat?
Udako iluntzean patata tortilla eta sagardoa afaltzea.
Goierriko txoko bat?
Usurbe.
Beasainen biziko ez bazina?
Lazkaomendin.■