Erakustaldi handia dira Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak, baina ez bakarrik kirolaren ikuspuntutik. Dena prest egon dadin eta kirol lehiaketak egin daitezen, muntaketa eta instalazio lan handia behar da. Horretarako, jokoen aurretik, bitartean eta ondoren, milaka langile zein boluntario aritzen dira lanean. Horietako bat izan da Xabier Mendizabal (Ordizia, 1998). Denborak, puntuak edota aldaketak notifikatzen eta erregistratzen lan egin du.
Noiz izan zara Parisen?
Bi aldiz egon naiz. Lehen aldiz uztailaren 15etik abuztuaren 6ra, Joko Olinpikoetan, eta abuztuaren 26tik irailaren 3ra, Joko Paralinpikoetan. Errugbi, gurpildun aulkiko errugbi eta hockey partidetan egin dut lan.
Ze lan egin duzu zehazki?
Markagailuen arduraduna izan naiz. Jokoen aurretik, muntaketa, makinaria alde batetik bestera mugitu, instalatu… Test partidak ere egiten dira dena ondo dagoen frogatzeko. Ekintza egiten den bitartean telebistan ikusten diren grafikoak sortu, markagailua, aldaketak edo txartelak erregistratu eta notifikatu, arazoren bat baldin badago notifikatu edo momentuan konpondu ahal bada konpondu. Ondoren, dena ondo joan dela ziurtatu, akatsak konpondu, jaso, itxi, eta hurrengo saiora arte.
Duela bi urte joan zinen Alemaniara.
Ordizian, Goierrin, ingeniaritza mekanikoa ikasi nuen. Ikasketa duala egin nuen eta GH enpresan ibili nintzen lanean, baina azkenean Alemaniara etorri nintzen. Kirol munduan sartuta zeuden enpresa askotan kurrikulumak bota nituen. Kirola orokorrean asko gustatzen zait eta ez neukan ideiarik Olinpiadetara joateko aukera izango nuenik. Banekien Olinpiadekin lan egiten zutela, baina ez nekien hain zuzenekoa zela. Lanean hasi eta lehenengo astean jada galdetu nuen ea aukerarik izango nukeen Olinpiadetara joateko, errugbia gustatzen zitzaidala. Horrela izan zen, galdetu nuelako, bestela ez dakit bidaliko ninduten.
Bietan egon zara, olinpikoetan eta paralinpikoetan.
Niretzat bereziki paralinpikoena berezia izan da. Gauza askori buelta bat emateko balio izan dit. Anekdota bezala eta gehien markatu didana Japoniak gurpildun aulkiko errugbian urrezko domina irabazi zuenekoa da. Dominen zeremonian gertu nengoen eta jokalari batek eskuak hain txikituta zituen ez zela gai domina altxatzeko. Petxuaren kontra zuen eta ikusten zenuen negarrez, ezpainak dardarka. Ikustea pertsona bat hori altxatzeko gai ez dena, baina aldi berean bere kirolean hain ona dena…malkoren bat edo beste atera zigun momentu horrek.
Nolakoa zen lan egun bat?
Hoteletan gelditu gara. Kirol bakoitzeko talde guztia denak hotel berean geunden, gure kasuan errugbikoan. Partida bakoitza hasi baino bi ordu lehenago egon behar genuen estadioan. Segurtasun kontrolak pasa, denak ondo funtzionatzen zuela ziurtatu, test pilo bat egin genituen aparailu bakoitzarekin. Dena instalatuta zegoenean, lantaldea koordinatu, simulazioak egin… Bukaeran ere ordubete gehiago egoten ginen estadioan, estadioa hustu arte ezin dituzulako pantailak itzali, uneoro zerbait dago pantailan, izan emaitzak, egutegiak, aurkezpen edo agur bideoak… Benetan zen jaiki, gosaldu, lehenago jaikiz gero kirola egin edo zuretzako momentutxoa izan, eta 9:00etatik 23:00ak arte-edo lanean.
Lana izanda ere, errutinatik ateratzeko balio izan dizu?
Errutinatik ateratzeko oso ondo, pila bat gustatu zait. Horrelako tentsio momentuak gustatzen zaizkit, denbora presioa dagoenean gustatzen zait horrelako egoeretan egotea. Esan bezala, aldi berean lan asko, baina gozamena izan da.
Paris bisitatzeko aukera izan duzu?
Errugbian eta hockey-n oso aparte geunden, hiritik kanpo zeuden estadioak. Gurpildun aulkiko errugbian Eiffel Dorrearen ondoan geunden, orduan oso atsegina zen, partida artean haize pixka bat hartzera atera eta Eiffel Dorrea hor edukitzea… baina hiria bisitatzeko tarterik ez.
Beste kirolen bat ikusi al duzu?
Teknikoki beste kiroletara joateko aukera genuen, akreditazioek aukera ematen zutelako beste eremu batzuetara sartzeko, baina horrenbeste lan izan dugu, nik pertsonalki ez dudala beste kirolik ikusi.
Kirolariak ikusiko zenituen.
Tribuna VIP horren ondoan geunden, beraz, oso posizio onean geunden saioak ikusteko, baina orokorrean beste kirolaririk ez dut topatu. Anekdota bezala, ez da kirolaria, baina supermerkatura bazkaria erostera nindoala bat-batean Snoop Dog raperoa ikusi nuen bi metrora, argi-zuzi olinpikoarekin.
Markagailuekin edo denborarekin, arazorik izan zenuten saioren batean?
Lehenengo egunean, gauza bat aldatzeko eskatu ziguten partida hasi baino ordubete lehenago. Lehenengo kirola izan zen errugbia, argi-zuzi olinpikoa ekarri eta Olinpiadak ofizialki hasi baino lehenago hasi zen errugbia. Beraz, lehenengo partida zen, denok urduri, ea dena ondo joango zen… eta partida hasi eta markagailuan ez zen denbora jaisten hasi. Nahiz eta gure sisteman ondo funtzionatzen zuen, pantailetan ez zen ikusten konfigurazioan zenbaki bat aldatu zelako. Segundo batean konpondu genuen.
Nolako esperientzia izan da?
Esperientzia bezala zoragarria izan da. Lehen aldiz Joko Olinpikoetan, emozioarekin, urduritasunarekin, ilusio askorekin iristen zara. Ordu asko dira, baina esperientzia oso oso ona izan da. Profesionalki eta pertsonalki. ■