Bost urte jada Porru Kaleko Festak ospatzen hasi zirenetik Beasaingo gazteak. Urtez urte, harremanak sendotzen, hobetzen eta are harreman gehiago egiten jarraitu dute festa hauen aitzakiapean. Aurten ere iritsi da Beasaingo gazteek horren kuttuna duten asteburua. Datorren ostiralean hasiko da gazteen jaia Beasainen, ostegunean eta ostiralean auzolanean guztia prestatu ostean.
Porru Kaleko Festen batzordearen arabera, duela bost urte «elkar gehiago ezagutu eta elkarlanean zer egitera iritsi zitezkeen ikusteko» sortu zen batzorde hura, «auzolana, euskara eta gazteengandik giro berri bat elikatzea» helburu hartuta.
Lehen edizio hartan arratsalde bateko egitarau «xumea» prestatu zuten, baina urtez urte jaia indarra hartzen joan da, eta gaur egun, bi eguneko egitaraua osatzen dute. Gainera, jai hau posible egiteko antolakuntzan eta auzolanean parte hartzen duten gazteen kopurua azken urteotan «nabarmen handitu» dela azpimarratu dute, eta «horri esker» dela posible egun egiten dena. Beraz, hau hala izanik, «oso pozik» daudela nabarmendu nahi izan dute.
Kontu zaharrak alde batera utzita, bosgarren edizio honetara begira jarri dira eta «arrakastatsua» izango dela uste dute. Hala adierazi dute Porru Kaleko Jai batzordeko kideek: «Jaira kanpotik etorriko den pertsona kopuruaz harago, jaiaren helburua den herriko gazteak elkartzearen bidean dagoeneko herriko 100 gaztek eman dute izena jaia posible egiten duen auzolan erraldoian».
«Harrotasuna eta ilusioa» besterik ez dute herriko gazteriarengan, eta elkarrekin «edozer dute posible». Aurtengoan kuadrilla arteko soka-tira erronka egingo dute berrikuntza gisa, larunbat goizean, eta gainontzean, urteroko moduan, ostiral arratsaldean sagardo-dastaketarekin emango diote hasiera jaiari eta larunbatean ere izango dute urteroko bazkaria.
Parte hartzeko deia
Beti izaten da musika jaiaren izarra eta aurten ere ez da salbuespena izango. Ostiralean Edu Zardoya, Nikotina eta DJ Tintz izango dituzte; eta larunbatean, berriz, arratsaldeko elektrotxarangaren ondoren Muxutruk erromeria eta DJ Fresa Morango.
Argi dago azken urteetan egindako ibilbidea bere fruituak ematen hasia dela. Asteburu batean pilatzen den energia eta ilusioa urtean zehar «beste momentu batzuetara zabaltzea» dute erronka. Herri-giro berri hori sortzeko aukera bermatu nahi dute.
Beraz, bosgarren edizio honetan parte hartzera dei egin dute Beasaingo gazteek. Animatzeko ondorengoa dio Porru Kaleko Festa batzordeak: «Probatu ez duenak ez daki zer den hau. Etorri frontoira eta gozatu jaiaz». ■