Astronomiari buruzko dokumental bat ikusi nuen, zibilizazio estralurtarrekiko harremanaz mintzo zena. Ez pentsa, ez zen zientzia fikzioa batere, zientzia hutsa baizik: gure lurraz haraindiko komunikazioaz ari ziren, ikerketa sakona egiten ari baita komunitate zientifikoa, hainbat erakunde eta unibertsitatek babestua, NASA barne. Bada, egiten ari garena funtsean zera da: seinale batzuk espaziora bidali, ea inork, inoiz, urrutiko lekuren batetik entzun eta erantzuten duen.
Jakina, hori gertatzen ari den jakiteko, seinaleak bidali ez ezik, jaso ere egin behar dira. Mundu osoko orube handietan landatuta dauzkate zientzialariek ehunka antena paraboliko, espaziotik datorren edozein seinale jasotzeaz arduratzen direnak. Irrati-seinaleak aztertzen dituzte «alterazio modulatuak» bilatzeko, hau da, naturalak ez diren eta berariaz modifikatuta dauden uhinak identifikatzeko, horrek adieraziko bailuke adimen edo borondateren batek eginak direla. 60ko hamarkadatik egun arte, ez dugu halako seinalerik jaso batere.
Hausnartzen hasi naiz zein ote diren bidaltzen ditugun mezuak. Izango dira mezu leun eta baketsuak, inolaz ere zorrotzak edo bortitzak, irrati-seinalearen borondatezko modulazioak baino ez, formalitateren bat akaso. Jakizue ba igogailu-elkarrizketa hutsal eternal batean sartuta gaudela estralurtar ezezagunekin. Agian horregatik ez digute erantzuten. ■