Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterra ikastera etorri zen Nektaria Konstantellou (Atenas, 1989) Donostiara, duela ia 10 urte. Ikasketak amaituta, bertan geratzea eta hizkuntza ikastea erabaki zuen. Euskarazko C2 titulua dauka egun, eta euskaraz bizi da, Lazkaon.
Beste herrialde batetik etorritako biztanle askok hartzen dute bertako hizkuntza ikasteko erabakia. Batzuek beste batzuek baino erraztasun handiagoa izan dezakete. Nektaria Konstantellouren (Atenas, 1989) kasuan, berak azaldu duenez, «beldurra ematen» zion kontua zen hizkuntzena, «hizkuntzetan ikasle ona ez» zela uste zuelako. Baina euskararekin ikasi eta komunikatzeko gai izatea soilik ez, C2 agiria ateratzea lortu du iritsi zenetik ia 10 urtera. Lazkaon bizi da, eta euskaraz bizi da.
Haur Hezkuntza gradua ikasi zuen Grezian, eta kulturarteko hezkuntzari eta metodologiei jarraituz, Eleaniztasuna eta Hezkuntza Masterra ikastera Donostiara etorri zen: «Gaur egun edonon, Europan, klase batean ama hizkuntza bat baino gehiago dago, baina sistema oso elebakarra da. Hemen elebiduna da; unibertsitateko irakasleei hona etortzeko aukera kontatu nienean pentsatu gabe Euskal Herrira etortzeko esan zidaten, bazekitelako gaiaren inguruko ikerketa zegoela». Euskara existitzen zela bazekien, baina ez zenbat espazio zeukan edo ze mailatan zegoen gizartean.
Ingelesez egin zuen masterra, garai hartan greziera eta ingelesa hitz egiten zituelako. Hura bukatu zuenean, hasierako ideia Greziara itzultzea bazen ere, bertan geratzea erabaki zuen, eta argi izan zuen hizkuntza ikasten hasiko zela. Gaztelaniarekin hasi zen aurrena, komunikatzeko gai izateko. Lanean, ikasten eta integratzen eman zituen hurrengo urteak, eta Greziara itzuli zen sei hilabeterako. Ondoren, Euskal Herrira itzuli eta euskara ikasi zuen. «Argi neukan gaztelania ikasi ondoren euskara ikasi behar nuela, baina ez nuen nahi aldi berean. Unibertsitatean asko ikasi nuen hizkuntza ikasteko prozesuari buruz, zer komeni den… banekien barnetegi batera joango nintzela, murgiltze-prozesua behar nuela».
Maizpiden urtebetez
Hala, Lazkaoko Maizpide barnetegira etorri zen 2020ko otsailean, baina pandemia eta konfinamendua iritsi zirenean, martxoan, bere kabuz ikasteari ekin zion etxean B1eko materialarekin. «Urrian itzuli nintzen jada presentzialki, eta ia urtebete egin nuen». Astean zehar bertan egiten zuen lo; asteburuak, berriz, txandakatu egin zituen: asteburu bat Pasaian -bertan bizi zen garai hartan-, beste asteburu bat Lazkaon. «Monastegiko ostatuan gelditzen nintzen, hemen jarraitzeko eta txipa ez aldatzeko».
Maizpiden ezagutu zuen kide argentinar batekin batera, Ordiziara joan zen bizitzera. Euskaltegian ikasten jarraitu zuen bitartean, Maizpiden bertan, C2 titulua lortzeko. Eta lortu du. «Astean bitan joaten nintzen. C2 agiria atera dut, lasaiago». Orain euskara, greziera, gaztelania eta ingelesa hitz egiten ditu.
Hezkuntza eta eleaniztasuna ikasi zuenez, «argi» zuen gaztelania eta euskara ikasteko prozesuak «ezberdinak» izango zirela. Gaztelania komunikatzeko behar zuen, eta euskararekin, aldiz, komunikatzeko gai izateaz harago, titulua behar zuen. «Banekien euskara ezin nuela kalean ikasi, unibertsitatean ulertu nuen. Euskalkiengatik, azterketan batua egiten duzulako… Lagun euskaldunak lehen urtean egin nituen, eta euskara asko entzuten nuen. Elkartzen ginen eta beti euskaraz egiten zuten, ez zuten niregatik aldatzen eta nik ez nuen nahi. Batzuetan esaten nien ‘beno, zuek hitz egin eta agian galdetuko dizuet zerbait’», azaldu du.
Euskarak denbora gehiago eta inbertsioa behar zituen. Horregatik, ikasi bitartean eta hurrengo urteetan, 2015etik 2019ra-edo, gaztelania ikasi zuen; tartean lan egin zuen, integratu, sareak sortu… eta 2020an murgildu zen euskara ikasteko prozesuan. «Irakaslea izan nahi dut. Nik ez badakit euskara ondo, nola izango naiz irakaslea? Banekien ez nuela denborarik, orduan banekien prozesua zela gaztelania ikasi, dirua aurreztu eta gero barnetegira joatea».
Mitoak eta egoerak
Etorri zenetik ia-ia 10 urte pasa dira. Euskaraz bizi da, eta titulua ere eskuratu du. Euskal Herrira iristean bazuen hizkuntzaren eta euskal gizartearen berri, eta hasierako «pertzepzioa ez da aldatu», baina «askoz gehiago» daki eta «mito batzuk aldatu» dira: «Euskara zaila dela hori aldatu da erabat».
Jarrerek, egoerek, beharrek… hizkuntza bat ikasi edo ez ikastean eragina dute. «Oso konplexua da» hizkuntza bat ikastearen hautua, bere hitzetan. «Greziera oso zaila da? Segun. Adibidez, Ingalaterrako jendeak, orokortuz, ez du ikasten, zer da, genetikoki ez dela gai? Ez, ez du uste ikasi behar duenik, uste du ingelesa ikasi behar dutela besteek eta ingelesarekin moldatu daitezkeela bizitzan».
Etorkizuna hezkuntzan
Irakaslea da ikasketaz, eta irakasle izan nahi du ogibidez ere Nektaria Konstantellou-k. Uztailean bere graduaren homologazioa jaso zuen «azkenik». San Benito Ikastolako jangelan dabil lanean gaur egun, urtebete eta erdi darama bertan. Etorkizun hurbilean, hezkuntzan lan egin nahi du irakasle gisa. ■