Marumendiko leizeetan bizi diren izaki beldurgarriak dira maruak. Izaki mitologiko maltzurrak, ezin konta ahala gertakari latz eta beldurgarri eragin dituzten. Maruen izena aipatze hutsak beldurtzen zituen herritarrak; inguru haietara hurbiltzen zen edonor desagertzen baitzen edo abelburuak lapurtzen zituztela ere esaten zen.
Ataungo mendietan, Lareoko urtegiaren mendebaldean dago Marumendi (821m). Basoz estalita dago, eta ia oharkabean igarotzen dira mendizaleak gaur egun. Tontorretik iparraldera Ubedi izeneko ur-zulo garrantzitsu bat dago, eta aldameneko Malkorburuko leizearekin batera, hotzikara eragiten zieten lehengoei. Zulo horiek inframundurako sarbideak zirela sinesten zuten; lur gainean bezainbesteko paraje handiak irudikatzen zituzten han, jeinuz, izakiz eta hildakoen arimaz beteak. Lurrazaleko munduko eta inframunduko bi unibertsoak lotzen zituzten. Txistu hotsekin eta musikarekin liluratzen zituzten gizakiak.
Kondaira askoren protagonista
Ataunen jasotako ipuin eta kondaira askotan ageri dira maruak. Gizaki-forma zuten Ubegin bizi ziren izaki haiek, baina kopetan bi adar txiki zeuzkaten. Zezen-gorri, Basajaun eta jentilen bizileku ere bazen.
Maru Marumendiñ, / bizi ein nai eta eziñ, / jentillen ta kristauen / bi mundun erdiñ. Hala dio Jentilbaratza elkarteak 2019an ateratako Mitoak bizirik egutegian. «Ondo ezagutzen ditu Maruk gure mendiak eta gure basoak. Eguzkia eta ilargia Jainko dituztela bizi nahi dute mendi-goietan, ingurua maitatuz. Maru eta marutarrak ez dira asko. Marumendi dute bizileku eta euren lurralde. Ez dira jentilak. Jentilekin borrokak eta tirabirak izaten dituzte. Baita beheko errekondoan bizi diren kristauekin ere. Hauetako batzuk bahitu egin dituztela leporatzen diete. Badute ezaugarri bat: bi adar ditu kopetan Maruk eta gauza bera marutar guztiek. Erdi piztiak dira. Gizakiak baino gehiago dira abere basati». Azti ibili beharreko elementuak ziren maruak.
Marumendi mendi zabalaren adieran ere hartzen da, geografikoki. Joan Arin Dorrontsorok 466 toponimo bildu zituen mendi horretan Joan Arin Dorrontsorok (Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke Ataungo toponimia zerrenda). Marumendieztarri da sarreraren izena (1688); Marumendiko harratea, berriz, Ubegi haitzeko ataka (1696). Larreak zeuden lehen-lehenago, 1582an Aizkolisasiko belardiak idatzi baitzuten. 1912an sartu zuten pinudia, erdi pagadi, erdi larre zen parajean.
Marutegi edo Marumendi izeneko beste haitz bat badago Araian (Araba). Gaztelu baten aztarnak daude gainean: Iruñeko Erresumaren sorburuan, 839an, Eneko Aritza edo Garzea Enekoitz erregeen garaian egindako gaztelua. Aurrez, arabiar jatorriko gotorleku bat egon zela uste zen, eta izena handik datorkio (mairu). ■