Azkena ta etxera kuadrilla izan da aurtengo Urretxuko Euskal Jaiko irabazlea. Dragoiaren irudiaz eta honek botatzen zuen keaz ekarri zuten lehiaketara, irailaren 22an, Israel palestinarren aurka egiten ari den genozidioaren problematika. Sorpresaz hartu dute garaipena.
Nola sortu duzue talde hau eta noiz hasi zineten parte hartzen karroza desfilean?
Azkena ta etxera karroza gara eta hasieran kuadrillan hasi ginen parte hartzen, baina pandemiaren ondoren, aldaketa izan zen eta ikastetxean elkarrekin ibilitako hiru gelen artean egiten dugu. Aurten 6. karroza atera dugu, baina aurtengoa izan da lehen garaipena eta oso pozik gaude, 6 urte hauen ondoren irabaztea sekulakoa izan da.
Aurten aldaketa nabarmena izan da ordutegiarena. Nola bizi izan duzue?
Gu kuadrilla eta karroza bezala nahiko alde geunden hasieratik. Pandemia aurretik jada bazeuden formatuaren inguruko eztabaida batzuk, eta gu beti azaldu gara prest zerbait desberdina probatzeko. Ez genekien ondo aterako zen edo ez, baina uste genuen eragile guztiak kontuan hartzen zituen formatu bat zela eta ikusi dugu gehiago zaindu direla karrozarien itxura, eragile guztiek asko disfrutatu dutela eta herriko jendea gehiago sentitu dela parte.
Nolakoa izan da prozesua?
Uztaileko lehen asteburuan hasi ginen prestatzen, Geltokiko festen ondoren, ohi bezala. Hala ere, faltan bota dugu materialak ezagutu eta hauei forma emateko ikastaroa. Lehen egin ohi zen, eta udalari berriro berreskura dezan proposatzen diogu, beti laguntzen baitu karrozari batek irakasteak. Prozesua asko disfrutatu dugu eta prozesu bizia izan dela uste dugu, azken momentura arte izan dira aldaketak. Aurten, gainera, gutxi izan gara, 8 zehazki. Epaimahaiak hau kontuan hartu duela uste dugu.
Zein gai aukeratu duzue eta zergatik?
Aukeratutako gaia gerraren gaia izan da, orokorrean. Gehienbat Israel Palestinan egiten ari den genozidioan zentratu gara. Beldurrez aukeratu genuen gaia askok aukeratuko zutelakoan eta, horregatik, metafora baten bitartez azaldu nahi izan genuen, dragoiaren irudira ekarrita. Tapia eta Leturiaren Wafa abestia izan dugu oinarri eta bertatik abiatu genuen karroza eraikitzeko prozesua. “Hautsia du hegala” esaten du abestiak eta guk hegal hori dragoiari jarri diogu. Gaia ondo etorri zaigu puntuazioetarako gure ustez, izan ere, azkenean gai hau aukeratu duten bakarrak izan gara, baina kritikotasunetik. Uste dugu gehiagok landu beharreko gaia dela, aspaldiko kontua izan arren gaur egun pil-pilean dagoen gaia da eta gure egunerokoan presentzia du.
Nola bizi izan duzue garaipena?
Garaipena sorpresaz bizi izan dugu. Uste genuen urtero atera izan dugun beste karroza txukun bat izango zela, baina sorpresa eraman genuen. Gainera, asko aipatu genuen oso zainduta sentitu ginela gauean zehar jasotako zoriontasun mezu eta besarkada artean. Urretxun herrigintza sare polita dagoela ikusi dugu, batez ere, Euskal Jaiaren bueltan. ■