Dirudienez, txistua ez da erakargarria haurrentzat eta gazteentzat. Instrumentu aukera zabalaren aurrean, txistua gutxik aukeratzen dute. Horrek eragina du Goierriko txistu taldeetan.
Txistua tradizio handiko musika tresna izan da Euskal Herrian urteetan eta urteetan. Hiru zuloko txistuaren doinu bereziaren lehen aipamenak XVI. mendekoak dira. Historia luzea du txistuak, Euskal Herriko Txistulari elkarteak hiru urte barru, mendeurrena beteko duela da horren adibide. Dena den, ez dira garairik onenak txistuarentzat, musika eskoletan txistua ikastea haur edo gazte gutxiren aukera delako. Belaunaldiz belaunaldi hainbeste urtean eutsi zaion instrumentuaren etorkizunak kezka sortzen du txistulari taldeetan.
Goierriko txistulari talde desberdinen argazkiak begiratu besterik ez dago, txistularien adinaren batez bestekoa ikusteko. Salbuespenak badaude, noski. Oraindik ere gazte txistulariak badaude herrietako kaleak eta festak alaitzen, baina errealitatea da, musika eskoletan haur eta gazte gutxi dabiltzala txistua ikasten. «Hemen Goierrin gazteak ikusten dira, baina ez pentsa hainbeste dagoenik. Atzetik etortzen diren umeak, musika eskolan apuntatzen direnak gero eta gutxiago dira. Erreleboka etortzen dira txistulariak, belaunaldi berriak sartzen dira eta horrela funtzionatu izan du urte askoan txistuaren munduak. Baina egia da, atzetik ez dela ikusten gehiegi datorren», dio Beasaingo Goizeresi txistulari taldeko Aitor Alvarez 21 urteko txistulariak.
Ordizian 17-19 urte bitarteko belaunaldia ere badabil txistu taldean. 17 urteko Leire Rivera da horietako bat. «Ordizian 17-19 urteko hiru gazte bagabiltza. Ume batzuk ere ari dira ikasten musika eskola dagoelako, baina ez dago jende asko. Dantzari Txikietara joaten garenean txistulari gazte gutxi ikusten ditugu, Goierrin behintzat».
Txistu ikasle gutxi
Legazpiko Goiz Deia taldeko Iker Azpeitia txistularia ere iritzi berekoa da: «Zoritxarrez horrela da, jenderik ez dago. Gure taldean, gazteena 30 urtekoa izango da. Dozena erdi gaude oraintxe». Eta beste datu bat ere eman du: «Musika eskolan ikasle mordo bat daude baina txistuan bi bakarrik, bi anai-arreba».
Segura txistulari herria izan da eta Kriseilu txistulari taldeko Ane Arrietak egindako argazkiaren arabera, «18 bat urteko bi neska badabiltza, 30-35 inguruko batzuk ere bai… Baina gazteagoak, ikasten gutxi ari direla esango nuke».
Beasaingo kasuan, «gazteenak 18 urte izango ditu», Aitor Alvarezen esanetan. «Hasieran musika eskolan hasten gara txistua ikasten eta musika eskolan bertan txistulari talde bat dago. Musika eskolako fasea bukatzen denean, Goizeresi taldera sartzeko momentua iristen da. Egia da Goizeresin adin eta maila jakin bat eskatzen dugula. 15-16-17 urte izaten da Goizeresin sartzeko adina», argitu du.
Kirolaren eragina handia dela dio beasaindarrak: «Musika eskolatik atera eta Goizeresin sartzen zara, edo bestela txistutik erabat desbinkulatzen zara. Hori gertatzen da. Txistuarekin aspertu egiten dira. Batzuek kirola edo txistua aukeratu behar izaten dute. Eta gaur egun kirola da eskolaz kanpoko ekintza nagusia. Orduan, jendeak txistua uzten du eta kirolera pasatzen da».
Dena den, Zegaman, «argi izpi» bat ikusten hasi direla dio Toberako Iker Gomez de Segurak: «Toberan ere ez dago sasoirik onenean txistua, baina iaz baino ikasleren bat gehiago dugu halere. Zegamako txistu bandan ere gazteen inpultsoa pixka bat nabaritzen hasita dago. Beraz, nolabait, kontrara izpi batzuk ere ikusten dira».
Txistua bakarrik ikasi zitekeenean
Egia da, aurreko mendean ez bezala, gaur egun, nahi adina musika tresna ikasteko aukera dagoela musika eskoletan. Xabier Urteaga Idiazabalgo txistulariak Goiberrin idatzia duen bezala, «eskolaz kanpoko jarduera gutxi zegoen Idiazabalen 80ko hamarkadan, eta aurreko urteetan. Horien artean, solfeoa eta txistua».
Azpeitia legazpiarraren kasua ere antzekoa izan zen. «Txistua jotzen hasi nintzen, pianoa, biolina eta askoz gehiagorik ez zen. Gure etxean txistu zahar bat bazegoen eta horrela hasi nintzen. Gaur egun gauza asko daude, beste moda batzuk daude eta horrek txistuari kendu egiten dio. Txistuari kalte handia egin dio».
Alvarezen ustez, «gero eta handiagoa da aukera, eta gainera instrumentu asko erosoagoak dira. Pianoa ikasten hasiko da ume bat eta aspertzen denean utzi egingo du. Txistuak eskatzen duena da, kalean jotzea, festetan goiz eresiak egitea… Eta askotan uste dut umeen arazoa baino gehiago, gurasoena dela. Gurasoen konpromiso falta hori. 9 urteko ume bati esaten badiozu ez dakit zenbat goizetan txistua jotzera etorri behar zarela, gurasoari eskatzen dio goizean jaikitzea, umea eramatea… Nire sentsazioa hori da. Egia da, txistularia izatea nahiko lotua dela». Txistuak gazteentzat erakargarritasun gutxi duelakoan daude, legazpiarraren esanetan: «Nik hori ikusten dut. Jendearentzat agian txistua ez da oso erakargarria. Jendeak uste du kalejira dela, gauza askorik ezin dela egin txistuarekin. Azken urteetan saiatzen ari gara beste instrumentu batzuekin edo beste musika batzuekin nahasten. Erakargarritasuna falta zaio batetik, eta bestetik, beste moda batzuk daudela. Trikitia modan egon den bezala, gitarra eta bateria azken urteetan oso modan egon den bezala, irratian asko entzuten dira, rock eta pop taldeak… Txistua kalejiretan bakarrik ikusten du jendeak. Herriko festetan… Marketing hori falta zaio txistuari».
Astetik hilabetera
Legazpin lehen igandero egiten zituzten goizeko kalejirak, «baina orain igandeko azkeneko igandeetan bakarrik. Gogorra egiten da igandero-igandero ateratzea, gutxi gaude gainera. Asko egonez gero, txandaka egin daiteke, baina gutxi gaude, eta astero egin beharrean hilean behin egitea erabaki genuen».
Errepertorioak ere izan dezake eragina Alvarezentzat erakargarritasun falta horretan. «Egia da errepertorio aldetik, txistua ‘estankatuta’ geratu dela. Garai batean, izugarrizko sorkuntza egon zen, partitura mordo bat egin ziren, txisturako pieza asko sortu ziren, baina hor geratu zen. Eta gaur egia da, berrikuntza asko egiten ari direla txistuaren munduan, baina oso musika garaikidea, kontenporaneoa da eta jotzeko nahiko zaila eta gogorra. Horrek ere ez du erakartzen, belarrirako ez da atsegina gaur egun egiten ari den txisturako musika».
Rivera ordiziarrak hainbat arrazoi ikusten ditu: «Alde batetik, ez delako oso erakargarria, eta bestetik, ez delako hain ezaguna. Musika eskoletan ez da asko erakusten. Nire ustez, jende askok ez du ezagutzen. Baina oso polita da, gainera, Euskal Herrikoa. Dantzari Txikietarako joateagatik zerbait ere ordaintzen digute dantza taldeek. Dirutxo bat ateratzeko aukera ere bada gazteentzat. Dantza taldeak ematen digu zerbait. Ordizian bertan alardeak, dianak, goiz eresiak egiten dituzte talde handian. Ezkontzetan jotzeko ere deitzen digute batzuetan».
Garai berrietara egokitzeko beharra
Belaunaldi berriak txistura gerturatzeko errezeta zein izan daitekeen galdetuta, «ez dakit», dio Alvarezek. «Garai batean tradizio handia zegoen txistuarekin, txistua zen festetako instrumentu nagusia. Baina gaur egun elektrotxarangak eta dj-ak ekartzen dituzte eta ematen du txistua baztertzen ari dela, eta txistuari garrantzia kentzen ari zaiola», erantzun du Alvarezek.
Legazpin ahalegin bat baino gehiago egin dituzte garai berrietara egokitzeko, txistua musika elektronikoarekin lotuta, gauza berriak egiten… «Kontzertuetan saiatzen gara urtero gauza desberdinak uztartzen, bestela ez dago zereginik. Diskoa atera genuen iaz eta banatu genituen ehun bat disko musika eskolan, ea jendea animatzen den ikusita txistuarekin ere beste musika bat egin daitekeela. Elektronikarekin egin daitezkeela beste gauza batzuk». Aurtengo ikasturtean, Legazpiko Doinua musika eskolakoekin elkarlanean aritzeko asmoa daukate Goiz Deiakoek, txikienak txistura erakarri nahian.
Idiazabalen ere ari dira musika eskolatik saiakera berezia egiten, Oneka Garmendiak jakinarazi duenez: «Pentsa Idiazabalen urtero-urtero ze alarde potentea egiten den txistulariekin, herriko jende guztiak parte hartzen duena… Baina hala ere, ez daukagu txistu ikaslerik. Batzuetan modak izaten dira, baina oraintxe gaude gitarra, piano edo bateriatik nola atera behar garen pentsatzen. Zaila dago».
Garmendiak gaineratu duenez, transmisioan ere egon daiteke gaur egun bizi den egoeraren arrazoietako bat. «Idiazabalen oso txistulari kultura handia dago baina atzeko urteetatik etorri zena. Zaldibian ere egon da, guk ere ikasi genuen Xalbador Garmendia eta Xalbador Etxeberriarekin, bere garaian auzolana egin zutelako, transmisio lana egin zutelako… herriko jende askok ikasi zuen baina hor eten bat egon da. Ez daukala erakargarritasunik dirudi».
Legazpiko Doinua musika eskolako Leire Ugarte ikasketa burua harago joan da: «Pentsa txistua zer izan den! Eta eskusoinua ere berdin, lau edo bost ikasle daude. Gure-gureak, kalean erabiltzen ziren instrumentuak, galtzen ari dira. Arrazoia zein den ez dakit, baina kezkatzekoa da. Geurea dena galdu egingo dugu. Dantza taldeetarako ere behar dira txistulariak, dantza taldeek aurrera jarraitzen dute eta».
Gazteak elkartuta
Txistulari gazteen arteko topaketak egitea ere aukera egokia dela uste dute gazteek, txistua belaunaldi berrien kontua ere badela aldarrikatzeko. Legazpin egin zuten iaz, Euskal Herriko txistulari elkarteak antolatuta. «Ikusten zen Azpeitia-Azkoitia aldean badagoela harrobi txiki bat… Baina hemen ez». Alvarezek Lesakan egindako topaketaz oso oroitzapen politak ditu. «Aterpetxe batean egon ginen asteburu pasa. Goizetan dianak egiten genituen, gero tailerrak, jolasak, kontzertu moduko bat prestatzen genuen… parranda egin genuen… Dena dohainik izan zen. Niretzat bada modu bat gazteak erakartzeko. Topaketa gehiago prestatu adibidez txistulari gazteak elkartzeko. Baina horretarako, batzorde bat, dirua eta beste faktore batzuk behar dira». ■
Txistuaren oinarrizko ikasgaiak barneratzen
Txikitatik txistuarekin esperimentatzen has daitezela. Helburu horrekin ari dira lanean azken bospasei urteetan Ordizia, Legorreta, Zaldibia eta Idiazabalgo musika eskolak. «Herri horietan, hizkuntza musikala ematen dugun bitartean, pentsatu genuen txistuaren oinarrizko zerbait behintzat erakustea. Eskolan txirula ikasten den bezala, poxpolinarekin hasi ginen. Lau urte egiten dituzte musika hizkuntza edo solfeoa ikasten, astean behin edo bi aldiz, oinarrizko zerbait poxpolinarekin ikasten dute. Baina egia da aurrera biderik ez dagoela, inork ez dio txistuari heltzen».
Idiazabalgo adibidea nabarmendu du: «San Blasetako Alardearen hasieran herriko txistulariekin batera beti pieza bat jotzen dute, baina hor gelditzen da. 12 urterekin hizkuntza musikala bukatzen dutenean inork ez dio heltzen». Izan moda, erakargarritasun falta, beste musika genero batzuekin uztartzeko gaitasun faltaren sentsazioa edo transmisio falta, baina gazteek gitarra, pianoa edo bateria bezalako musika tresnak nahiago izaten dituzte egun.
Legazpiko Doinua musika eskolan aurtengo ikasturtean «ganoraz» zerbait egiteko asmotan dira. «Egoera kezkatzekoa da, geurea dena galdu egingo dugu. Berriak ez datoz», Leire Ugarte ikasketa buruaren esanetan. «Oso arduratuta gaude. Goiz Deia txistu taldekoek disko bat atera zuten iaz. Beraiek etorri ziren eta pentsatzen aritu ginen disko horrekin nola landu txistua. Ideia ona iruditu zitzaigun txikitatik txistua erakusten hastea. Adibidez, 4-5-6 urte umeekin musika eta mugimendu taldea daukagu eta beti erakusten ditugu instrumentuak. Pianoa eta gitarra adibidez klasean bertan jotzen ditugu. Aurten txistuarekin hasiko gara». ■