Fisioterapia ikasketak egin ondoren, Zoru Pelbiko eta Obstetriziako masterra egin zuen Leire Mujikak (Urretxu, 1990), eta PNIE psiko-neuro-inmuno-endokrinologia ikasketak egin zituen gero. Zoru pelbikoari lotutako «ezagutza ezak, tabuek eta soluzioa gaizki bideratzeak» arazoak sor ditzakeela azaldu du, eta horregatik, zoru pelbikoaz hitz egitea eta norberak bere buruari erreparatzea «ezinbestekotzat» jotzen ditu. Guadalupen (Frantziako estatua) bizi da egun.
Urretxun bizi izan zinen ikastera kanpora joan zinen arte.
Aurreneko ikasketak Urretxun egin nituen, Ikastolan, eta fisioterapia ikasketak Reus-en burutu nituen. 2013an Zoru Pelbiko eta Obstetriziako masterra egin nuen Madrilen, eta Frantzian hasi nintzen lanean, fisioterapia klasikoa eta perineala eginez. Era berean, Frantziako irla desberdinetan bizi izan naiz, La Reunion-en, Korsikan eta egun Guadalupen. Gerora PNIE ikasketak burutu nituen, gorputza eta aspektu psikologikoa hobeto ulertzeko, funtzionalitatea hobeto ulertzeko.
Ze funtzio du zoru pelbikoak?
Zoru pelbikoa pelbisaren behealdean dugu eta gihar, lotailu, ehun konjuntiboz osaturik dago, besteak beste. Emakumeok eta gizonek dugu, jaiotzen garen unetik. Kontinentzian, erreprodukzioan, sexualitatean, organoen sostenguan eta inpaktuen aurrean moteltze edo amortiguazioan eragina du.
Hortaz, gure egunerokotasunean presente dago, baina ez diogu behar duen bezain besteko arreta jartzen, ez dugulako ezagutzen, tabua izan delako… eta haurdunaldiarekin bakarrik erlazionatzen dugu.
Haurdunaldiaz haragoko lanketa behar du zoru pelbikoak, beraz. Eta ez da soilik emakumeen afera.
Ez dezagun ahaztu, emakumeen kasuan, gure bizitzan, trantsizio desberdinak biziko ditugula: menarkia edo aurreneko hilerokoa, ziklo menstrualak, baliteke haurdunaldia, eta klimaterio-menopausia. Trantsizio hauetan gorputza eta aspektu psikologikoa aldatu egiten dira, eta gure zoru pelbikoak ere aldaketak sentituko ditu. Baina gizonen kasuan, zoru pelbikoaren ahuleziaren eraginez mina, minbizi prostatikoa, gernu inkontinentziak eta sexualitatean arazoak izan ditzakete.
Umeek ere txiza gehiegi egiten dutenean, kontinentzia lortu ez dutenean, edota kaka egiten ez dutenean, zoru pelbikoa aztertzea gomendagarria da. Kasu bakoitzean pertsona oso-osorik hartu behar da kontuan, tratamendu indibidualizatua egin ahal izateko, profesionalak dituen lan tresnekin.
Gorputzeko atalak konektatuta daude haien artean. Batzuetan zoru pelbikoa da zeinuen arrazoia eta besteetan, ondorioa. Gure bizimoduan eragin handia du, eta kontuan izan behar dugu, zaindu eta goxatzeko.
Zeren eraginez okertzen da zoru pelbikoa?
Aurreneko arrazoia, ezagutzen ez dugulako izaten da, esan bezala, ezagutzen ez badugu ezin dugu zaindu, edota arduratu. Faktore desberdinak daude eragin bat izateko: minak, ehun kalitatea, sedentarismoa, obesitatea, inpaktua (kirola, ariketak ondo egitea…), elikadura, ura, atsedena, operazioak, minbizia, estresa, osasun mentala…
Indarra galtzen duenean, zer gerta daiteke?
Pelbiseko mina, sexualitatean mina, inkontinentzia, idorreria, kongestioa, pisu sentsazioa, prolapsoa (puxika, uteroa, ondestea, hesteak, “erori” egin daitezke), gernu-puzker-kaka inkontinentzia, lehortea, postura aldaketa…
Ohikoak dira zoru pelbikoari lotutako arazoak, baina ez zaio horrenbeste erreparatzen.
Hiru arrazoi daudela esango nuke: ezagutza ezak ardura hartzeko aukera kentzen duela; tabuak, lotsa…gure gertukoekin ez dugula hitz egiten, izan gure ziklo menstrualaz, zeinuez, eta zeinua bera normalizatzen dugu; eta maiz zeinuei erreparatzen diegula, baina ez arazoaren jatorriari. Adibidez, gernu arazoak dauzkagunean, konpresa bat jartzen dugu, zoru pelbikoko fisioterapeuta batera jo beharrean, azterketa bat egin eta tratatu ahal izateko.
Zergatik da garrantzitsua zoru pelbikoaz hitz egitea?
Zerbait ezagutzen ez dugunean, informaziorik ez dugunean, gure gorputzeko atal honen kasuan bezala, ezin gara arduratu, ezin dugu zaindu, ezin dugu ondo edo gaizki dagoen jakin, ez dakigu aldaketarik izan duen edo ez. Horregatik da garrantzitsua hitz egitea, gure tenplua zaindu ahal izateko, eta momenturen batean aldaketarik sentituz gero profesional batena jotzeko (medikua, ginekologoa, fisioa, sexu terapeuta…). Informazioa izanez gero, zoru pelbikoa ezagutzeko eta erabakiak hartzeko aukera izango dugu.
Hitz egiteak arazoaren jatorriari erreparatzeko aukera eman dezake.
Bai, zoru pelbikoa ikusgarri egiten dugunean, liburuei esker, podcastak, irudiak, ingurukoen esperientziak entzutean, edo geureak partekatzean… Zoru Pelbikoa kontziente egiten dugu, eta hala, gehiago jakiteko jakin-min hori azaldu daiteke. Gai batzuk baliteke zailtxoagoak izatea partekatzerako unean. Dolu perinatala, endometriosia… adibidez, espazio intimistagoak nahi izaten ditugu horietarako, edo bizipen bera duten beste emakumeekin partekatu nahi izaten dugu, ulertuagoak izateko. Horrelako ‘tribuak’ egitea oso aberasgarria da.
Zoru pelbikoa emakumeekin soilik lotzetik etorri daiteke tabua?
Jakin beharra dago, medikuntzan, ebidentzia zientifikoak mutiletan egin izan direla, eta nesketara moldatu. Honek, emakumeon arazoak alde batera uztera eraman du, normaltzat hartuz, hileroko minen kasuan bezala, adibidez. Emakume eta gizonen tokia gizartean ez da berdina izan.
Aldaketa prozesu batean gaudela iruditzen zait, emakume gehiago gaude osasun arloan, iraganaldiko aldaketei esker, eta horrek emakumeon arazoez hitz egiteko aukera eta ardura ematen digu. Informazioa eskuratzeko bideak ere zabalagoak dira, nahiz eta informazio hori lortzeko bideak egokia izan behar duen, irakurketa ona egin behar zaio.
Eta denon artean, geroz eta gehiago hitz eginez gero, aldaketa indartsuagoak izan ditzakegu, denon ahotan jarri, entzun eta aldatzen joateko.
Nola dakigu zoru pelbiko osasuntsua dugula?
Errepikatu bezala, hasteko, heziketa, non dagoen jakitea, ezagutzea, sentitzea, begiratzea…ezinbestekoa da. Ez genuke minik izan behar: pisu sentsazioa, kongestioa… Txiza 6-8 aldiz egin beharko genuke egunean, eta gauean ez. Kaka ere egunero egin behar dugu, eta nola ere garrantzitsua da. Eta azkenik, sexualitatea plazera da. Sexualitatea ez da penetrazioa soilik. Ez dugu minik izan behar praktika sexualetan, ez aurrez, ez bitartean, ez ondoren.
Zer egin dezakegu zoru pelbikoa osasuntsu mantentzeko?
Aurrena, esan bezala, oso garrantzitsua da ezagutzea, informazioa jasotzea, eta ondoren ispilu aurrean begiratzea gomendatuko nuke. Zeinu edo sintomarik dugun aztertu, eta izanez gero profesional batengana jo. ■