Domingo Agirre Dorronsoro Lazkaon jaio zen, 1654ko ekainaren 29an. Frantziskotar fraide bihurtu zen, eta ordena hartan organogile ofizioa ikasi zuen, Jose Etxebarria fraidekide eibartarrarekin, iberiar organoaren bultzatzaile handienarekin. 1689ko urrian, Palentzia hiriko (Espainia) katedraleko organoa eraikitzeko lanari ekin zion, urtebete lehenago Etxebarria maisuak hasita zeukana baina osasun arazoengatik utzi behar izan zuena. Lazkaotarrak segitu zuen, eta 1691n bukatu zuen. 1712an eta 1716an konponketak ere egin zizkion. Gaur egun, jatorrizkoaren kaxa –Santiago Carnicero arkitektoak egina– eta aurrealdeko hodiak bakarrik mantentzen dira, 1925ean aldatu baitzuten.
Organogile leinu bat izan zen Lazkaon. Domingo Agirreren iloba batekin 1700ean ezkondu zen Jose Alsua oñatiarrak jarraitu zion. Lazkaoko elizako organoa biek batera eraiki zuten, 1709ko ekainean bukatu zutena. Beste bi iloba ere, Felipe eta Domingo Galartza Agirre lazkaotarrak, organogileak izan ziren; haiekin tailer bat osatu zuen Agirrek Bilbon, hango organoa eraikitzeko enkargua jaso zutenean.
Bilboko tailerrean kide gehiago erantsi zizkioten Lazkaoko organogile leinuari. Domingo Larrakoetxea (Larrea bezala ere izendatu zuten agirietan) bilbotar arotza eurekin hasi zen, 1712an Bilboko Udaleko maisu titulua lortu zuen, eta lankideen iloba eta arreba Ana Maria Galartza Agirrerekin ezkondu zen, Lazkaon.
Andaluzian obra gorenak
Domingo Agirrek, Palentziako, Lazkaoko eta Bilboko tresnak egin ondoren, Andaluziarako bidea hartu zuen. Sevillako katedraleko organo handiak egiteko eskatu zioten, 1721ean. Litekeena da Larrakoetxeak ere laguntzea. Izan ere, Agirre hil zenean, hark bukatu zituen hasitako lanak.
Larrakoetxeak, bere aldetik, Badajoz probintzian (1749, 1750, 1753), Cacereskoan (1759, 1761, 1764) eta Avilan (1761) eraiki zituen elizetako organoak. Haren seme Juan Bautista Larrea ere organogilea izan zen, eta Madrilen bizi izan zen.
Domingo Galartza Agirre (Lazkao, 1695), Bilboko Santiagoko musika kaperako kide izan zen 1717an, organo zaintzaile modura –ziurrenik Felipe anaiaren lekua ordezkatzeko–. Organogile bezala, batez ere Palentziako probintzian jardun zen, osabaren eskutik hasita. Hainbat eraiki zituen (1729, 1731, 1734, 1735, 1736, 1741, 1742, eta azkenekoa 1744an).
Felipe Galartza Agirre (Lazkao, 1685) Bilbon ezkondu zen 1710 bukaeran, eta 11 seme-alaba izan zituzten. Bizkaian lan egin zuen, gehien bat: Bilbon, Portugaleten (1713), Orduñan (1720), Areatzan (1721), Lekeition (1724) berriak eraikiz edo lehengoak konponduz. Jose Alsua koinatua, leinukoekin batera Lazkaoko organoan aritu ondoren eta Bilbokoa bukatu ondoren, Jacako katedraleko organoa eraikitzen ibili zen (1703-06). Valladolideko probintzian (1718), Palentziakoan (1738, 1740) eta Leongoan (1741) jardun zen geroago.
Hirugarren belaunaldiak ere segitu zuen lanbidean. Felipe Alsua Galartzak (Lazkao, 1709), Joseren semeak, Palentzian eta Leonen lan egin zuen aitarekin batera. Benaventen (Zamora, Espainia) organoa eraikitzen hasi zen 1741ean, Oviedon 1743an eta Leonen 1744an; Leon hirian hil zen, 1745ean. ■