Anttoni Okariz • Itsaso
2011n, bere omenez, itsasoar talde batek etxez etxe bere lanak bildu, argazki bilduma egin, txosten batean jaso eta erakusketa jarri zuen Itsasoko festetan. Joan bedi lerro hauen bidez, nire aitortza propioa ere, bere obran burua, eskuak eta bihotza jarri zituen ‘Osaajoxerentzat’.
Gure etxekonekoa zen Goikoetxeko Joxe Iza Peñagarikano, Itsason jaioa 1907an. Baserri munduari, eta bereziki egurraren lanketari, lotutako bizitza izan zen berea.
Oso gaztetan ikasi zituen egurraren sekretuak, bere anaia zaharrenarekin Aizkorriko pagadietan ibilia baitzen txondorrak egiten. Artisautza lana izan zuen, batik bat, ogibide. Negu partean, baserrietan puskatuta zeuden tresnak konpontzen zituen, baita berriak egin ere: eskuareak, areak, gurdiak, lerak, tresnen kirtenak… Ondo gogoan dut Goikoetxera joatea suertatzen zitzaidanean, nekez alde egin nezakeela berriketalditxo bat egin gabe, han egoten baitzen mandioko atean, batzuetan eserita, besteetan belauniko, zigarroa ezpainetan, etengabeko jardunean.
Baserriz baserri ere joaten zen mota guztietako konponketak, arotz lanak eta igeltseritzakoak egitera, Urteaga edo Beitti kasu. Oinez joaten zen batetik bestera (orain mende erdia baino gehiagoko bizimoduaren adierazgarri), hain maiteak zituen erremintak hartuta eta nekez uzten zituen inoren eskura. Ahal zuenetan etxera bueltatzen zen lotarako, baina urruti samar baldin bazen (Intxaurzelaieta, esate baterako), etxean hartzen zuten, bere eginkizuna amaitu bitartean.
Beasain eta Olaberria aldean lanean ibilia zela jakina da, eta Ordiziako feriara ere joan ohi zen astero, lan berriak saldu eta enkarguak jasotzera, tresnak eramateko egokitua zuen bizikletan.
Kutxak, argizaiolak, makilak, altzariak eta dekorazio elementuak topatu daitezke oraindik gure baserrietan. Bere lanek funtzionaltasuna izateaz gain, estetikari erreparatzen zion eta originaltasuna lortu, gainera. Kizkitzako ermita barruko artelanak dira horren adibide. Eusebio Igartza Akizu eta Laura Esteve Merino artisten ondoan topatu daitezke elorriz egindako kalbarioaren 14 pausuak eta, baita, aldarearen gainean, sabaitik zintzilika dagoen aingura ere. Elementu hauek 1959an ermita erre ondorengoak dira, 1962an eraberritu zenean jarritakoak.
Joxe arotza edo Goikoetxeko Joxe izenez ezagutzen bazen ere, gure etxean ‘Osaajoxe’ deitzen genion, baita nire belaunaldiaren aurrekoek ere, nahiz eta gure artean familia ahaidetasunik ez egon, gertukoa, atsegina eta maitagarria zenaren seinale.
1987an, ingurumari guztia elurrez estalita zegoen urtarrilaren 20an hil zen Miraballes baserrian, gure etxeko amona Joakina hil zen egun berean. 2011n, bere omenez, itsasoar talde batek etxez etxe bere lanak bildu, argazki bilduma egin, txosten batean jaso eta erakusketa jarri zuen Itsasoko festetan, bizitza oso baten lanari aitortza eginez. Joan bedi, lerro hauen bidez, nire aitortza propioa ere, bere obran burua, eskuak eta bihotza jarri zituen ‘Osaajoxerentzat’. ■