Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Tekleatzeko zailtasunekin natorkizue, osaba Inazio hil berritan. 100 urte borobilekin joan zaigu, lasai eta gehiegi sufritu gabe. Aspaldiko partez Bidanian elkartu gara, elizan lehenbizi, eta mahaiaren bueltan, ondoren. Salda, haragi egosia eta txorizoa. Ardo zuria eta beltza. Eta sentimendu kontrajarri pila. Irribarreak, maitasuna, tristura, ilusioa, oroitzapenak… lotzen gaituzten erroak.
Heriotzak, ezinbestean, hutsuneak kudeatzen ikastera behartzen gaitu. Eta hutsuneak, geure burua kokatzera. Nor garen eta zer garen; nondik gatozen eta non gauden; eta, zalantzarik gabe, zertarako garen. Beno, zertarako horrek antza hartu du sermoiko edukiarekin, eta ez zen nire asmoa. Baina bai, zertarako horrek zentzua ematen dio gure egunerokotasunari.
Aitortuko dizuet hileta elizkizunak, oro har, plano oso mentaletik bizi ditudala. Apaizen errelato eta mezuek tarteka heriotzak sortutako mina baretzen didate, baina haserretu ere bai. «Gure lurraldeko agintarien alde, eska diezaiogun Jaunari» entzutean, adibidez. Dena den, eta ignorantzia ausarta denez, esango nuke hileta elizkizunek duten funtzio terapeutikoa ikaragarria dela. Mugimendu fisiko errepikakorretatik hasi, eta ezinbestean malkotan jartzen gaituzten abestietara.
Kuriosoa da, gero, hainbeste sufrimendu eragin dituen eliza, hain terapeutikoa izatea. Hainbeste errepresio eragin duena, hain askatzailea izatea.
Ea pixka batean funtzio terapeutiko horretatik urrun mantentzen garen, eta errealitatea eraldatu eta hobetzeko sorginkerietan segitzeko aukera eta indarra dugun. Terapiak bai, baina antolakuntza eta borroka, isilpean batzuetan eta oihuka beste batzuetan, ezinbestekoak direlako. «Zertarako garen» galderari, ezinbestean kolektibotasunetik erantzun behar diogulako. ■