Iaz Etxekonekok aniztasun elkarteari egokitu zitzaion Zaldibiako festetako txupina botatzeko aukera. Aurten, berriz, emakumeen zaintza lana jarriko dute erdigunean festen hasiera ekitaldian, egunez egun, urtez urte eta mendez mende egindako lanaren erakusgarri.
Emakume aurpegia baitu zaintzak oraindik ere. «Egin ezazu ariketa hau: zeinen aurpegia datorkizu gogora zaintza aipatzean? Ziurrenik gertuko jendea izango da, eta kasu guztietan ez bada gehienetan, emakumezkoa», adierazi du Zaldibiako Udalak jaietako liburuxkan. «Zaintzei esker bizi gara eta Zaldibian hori posible egin duten emakumeen ahalegina omendu nahi dugu». Zaintza lanak egin dituzten emakume guztiei egin nahi zaie aitortza, eta horretarako profil ezberdinetako herritarrak igoko dira udaletxeko balkoira txupinazoan.
Urteak daramatza Zaldibiako Udalak zaintzaren arloan lanean. Azken urteei erreparatuta, iaz, zaintzaren inguruko inkesta zabaldu eta emaitzak jaso zituen. Lagina txikia izan arren, erantzunen %74,6 emakumeena izan zen, eta horrek «argi utzi» zuen «gaiarekiko jarrera aktiboagoa nork» duen. «Hau da, nor ukitzen duen gehiago eta nork sentitzen duen bere gain honen inguruan hitz egin beharra». Zaintza lanen banaketaren pisua emakumeen gain jarraitzen du, eta ordaindu gabeko etxeko lan eta zaintza lanei gizonezkoek baino denbora gehiago eskaintzen diete.
Adineko emakumeen arloa
Maiatzean, berriz, Ximurrak Xamur programa jarri zuen abian udalak, adineko emakumeen behar ezberdinak jasotzeko, Emagin elkartearekin batera. Lehen juntadizoan profil ezberdinetako 35 emakume elkartu ziren. Abendurako zaintza diagnostikoa egingo du Emaginek.
Urriaren 3an, zaintza lanak egin dituzten eta egiten dituzten emakume horien omenaldiarekin lehertuko da festa. ■