Musikaz inguratuta hazi zen Eli Gordoa Lopez de Larrinzar (Legazpi, 1973), eta ezinbestekoa du egunerokoan. Familia, errondaila, gitarra eta musikoterapia dira bere bizitzaren ardatzak, kontzientzia sentsorialarekin batera.
Kontzientzia sentsorialeko mundu mailako kongresu batetik zatoz.
Bai. Diziplina horretan liderra naiz, irakaslea, eta asteburuan mundu mailako liderren kongresu batean izan naiz, Gironan.
Zer da kontzientzia sentsoriala?
Gure sentsazioekin lotzen laguntzen digun diziplina da. Ingelesez Sensory awareness deitzen da, eta guk Sensing esaten diogu. Gure sentsazioekin konektatuta, egoera bakoitzari aurre egiteko tresnak eskuratzen ditugu. Niri asko lagundu zidan, eta horrekin laguntzen lan egiten dut orain.
Nola iritsi zinen mundu horretara?
Miren Salmeron lagunaren bitartez ezagutu nuen, duela hamar urte. Gaixotasun larri bat izan nuen, eta urtebetetik gora egon nintzen gaizki, lur jota, ez bakarrik fisikoki, baita psikologikoki ere, beldur pila bat sortu zitzaizkidalako, ez nekielako zer gertatuko zen hurrengo egunean ere… amildegi batean erortzea bezala izan zen hura. Mirenekin, handik irteteko tresnak eskuratzen joan nintzen, ariketa edo esperimentu sinpleak eginez, arnasketarekin, adibidez. Horrela, nola nengoen jabetzea lortu nuen. Izan ere, gure gizarte eta bizitza azkar honetan sentsazioak galdu ditugu, eta horietara itzultzea lortu behar dugu. Hain korrika gabiltza leku batetik bestera, ez dugula tarterik hartzen edo askotan ez garela gai gelditzeko eta nola gauden hausnartzeko, zer pentsamendu ditugun ikusteko, zerk harrapatu edo kateatzen gaituen antzemateko, atzean dugun motxilan zer dagoen begiratzeko…
Eta nola lortzen da hori?
Ariketak eginez, eta esperimentatuz, baso bat ur edan eta duen zaporean erreparatzea bezala, edo oinez ibiltzea, lurrean jartzea, arnasketan arreta jartzea… Barruan duzun horrekin konektatzea da, azken finean, eta horrela bake bat lortzen da. Horrek ez du esan nahi gure bizitza zoragarria denik beti, ez dugula arazorik… Baina badakigu arazo horiek eta gure bizitza kudeatzen gure barnetik, gure baketik, gu gauden leku horretatik, eta gu garen horretatik atera gabe.
Horra iristeko bidea luzea izango da.
Oso luzea, eta harriz betetakoa. Autokritika handiak egin behar dira, ikusteko, eta gero onarpena lortzeko, eta gurekiko barkamenera iristeko. Azken batean, ardatz bat dugu, mugitzen den ardatz bat, eta horren inguruan maite duguna egin behar da, eta gauzak maitasunez egin.
Diziplina horretan irakaslea zarela esan duzu.
Bai, Mirenekin hasi nintzen, gero Lee Klinger Lesser izan nuen irakasle, eta asko lagundu zidan gero hartu nuen erabaki handi batekin. Gainera, Lee-rekin trebatu nintzen ni ere irakasle izateko.
Irakasle zarela diozu. Non?
Duela urte batzuk sortu nuen Sentimusik zentroan. Pandemian bertan behera utzi nituen saioak, baina orain berreskuratu nahi ditut, urrian hasiko naiz, taldeka. Dena dela, kontzientzia sentsoriala erabat integratuta daukat nik, eta musikoterapian sartzen dudan zerbait da, gitarra erakusten dudanean ere bai…
Musikaz inguratuta bizi zara.
Jaiotzetik. Nire aita Jesus Gordoa Alaitasuna Errondailako hasierako kideetako bat zen, eta nik 2 urte nituenerako, etxean gitarra klaseak ematen hasia zen. Beti aitaren atzetik ibiltzen nintzela gogoratzen dut, eta errondailaren larunbat goizetako entseguetara ere eramaten ninduela, txiki-txikitatik. Buen Pastor ikastetxeko lokalean entseatzen zutenean, adibidez, han egoten nintzen ni eserita, isil-isilik, Triskys pakete batekin eta Kojac txupatxus batekin, musika entzuteko gogoz. Abesti bat bukatu eta hurrengoa hasi bitartean hizketan hasten baziren, xaxatu egiten nuen aita berriz jotzen hasteko!
Nondik zetorkion aitari musika zaletasuna?
Orain dela gutxi jakin dut bere aitonak ere gitarra jotzen zuela. Gordoa familia beti izan da musika zalea, beti izan du musika oso barneratuta. Aitak Bergaran ikasi zuen gitarra, eta gero errondailan sartu zen. Soldaduska Gasteizen egin zuen garaian, talde bat sortu zuen, eta diskotekaz diskoteka ibiltzen ziren jotzen. Han jarraitzeko aukera izan zuen, baina Legazpira etorri eta hemen geratu zen, errondailarekin.
Gitarra irakaslea ere izan zen.
Etxean erakusten zuen batez ere, baina mojetan, ikastolan ere ibili zen. Jende askok ikasi zuen aitarekin.
Zeuk ere hala ikasi zenuen?
Bai, errondailan sartu nahi nuelako. Baina ondo ikasi arte ez nintzela sartuko esaten zidan, eta azkenean, 15 urterekin lortu nuen.
Orain zuk erakusten duzu gitarra.
Gaixotu nintzenean ikusi nuen musikak zer nolako garrantzia zuen nigan, nola lagundu zidan, zentratzen, nire burua gelditzen, eta indartzen ere bai, baita fisikoki ere. Gitarrak errehabilitazioan asko lagundu zidan, burua lasaitzen eta buruko bizkortasuna berreskuratzen. Oso lagungarria izan zen niretzat, eta hura konpartitu behar nuela pentsatu nuen, klaseak emanda. Eta horrela, musikoterapiarekin egin nuen topo.
Nola bihurtu zinen musikoterapeuta?
Musikarekin laguntzen duen terapia bat bazegoela jakin nuen, eta ikastea erabaki nuen. Hiru urteko ikasketak izan ziren. Ordurako gitarra klaseak ematen hasita nengoen, eta klasera iristean ikasleek ekartzen zuten estresa edo eguneroko presatik aldentzeko, erlaxatze ariketak egiten nituen, edo nik abestu egiten nuen, edo meditazio gidatua egiten genuen… Horiek egin eta gero, jendearen aurpegia aldatu egiten zen, tentsioa eta barrera guztiak erori egiten ziren, eta orduan hasten ginen klasearekin. Gitarra klaseak horrela ematen nituen, eta musikoterapia ikasketak amaituta, hasi nintzen propio musikoterapia saioak eskaintzen, helduentzat eta haurrentzat. Arrotza da, eta jendeak pentsa dezake nik taldean gitarra jo eta listo dela, baino askoz gehiago da. Dinamikak daude, teknikak daude… baina ez dira ikusten. Entrenatuta egon behar zara horretarako.
Ikasketa arautua al da?
Ez. Nik Gasteizen ikasi nuen master bat, institutu batean, baina Espainian ez dago oraindik arauturik. Baina master honek 40 urteko antzinatasuna du, ez da atzo jaiotakoa. Frantzian ikasketa arautua da, Danimarkan ere bai, Mexikon, Estatu Batuetan, Ingalaterran eskola pila bat daude… Espainian ezberdinak diren gauzek bide luzea dute egin beharra, eta oraindik ez dago arautua, nahiz eta unibertsitate batzuek eskaintzen duten.
Gitarra, musikoterapia eta kontzientzia sentsoriala lanbide bihurtu dituzu, baina lehen bazenuen beste bat.
Ingeniaria naiz. Haztegi ikastolan ikasi ondoren, REMera joan nintzen, eta gero unibertsitatera, Arrasatera. Ingeniaritza elektronikoa ikasi nuen, gero gradu amaierako proiektua egin nuen Oñatiko Ulman, eta hogei urte egin nituen han lanean. Ulma Handling Systems zen, oraingo Ulma Manutencion. Logistika industriala zen gure arloa, biltegi automatikoak eta horrelakoak. Nik Automatika sailean egiten nuen lan, eta nire lana zen, oso labur esanda, programak estandarizatzea.
Baina hura utzi zenuen. Zergatik?
Bai, eta dilema handia izan zen. Lan ona, soldata ona, etxetik gertu, ikasi nuen arloa… zergatik utzi? Ordurako murgilduta nengoen kontzientzia sentsorialean, eta horrek lagundu zidan erabakia hartzen, lana utzi eta ekintzaile gisa zerotik hastea oso zaila delako. Baina nik uste dut bizitzan zerbait potoloa gertatzen zaizunean, nire kasuan gaixotasun hura, aukera batzuk zabaltzen zaizkizula. Bat da lehen bezala jarraitzea, eta bestea, galderak egiten hastea zeure buruari, eta galderei erantzuten zoazen eran, zer egin planteatzea. Ni lanean ondo nengoen, baina benetan maite nuena musika zen. Aurretik inoiz ez zitzaidan burutik pasa ere egin nik musikarekin jendea lagundu nezakeenik. Musikarekin, eta kontzientzia sentsorialarekin. Nire tresna nagusia musika da, eta nire ahotsa, barruan daukadan horrekin. Eta hori konpartitzea eta horrekin laguntzea altxorra da. Konpartitzea oso garrantzitsua da, eta hartu-eman horrek asko betetzen nau. Hala, erabakia hartzeko garaian, nire buruarekiko fidela izateko, probatu beharra nuela ikusi nuen, eta Sentimusik zentroa sortu nuen.
Inguruan nola hartu zuten?
Zoratuta nengoela esan zuten askok, ea ziur nengoen. Baina nire bikoteak babestu egin ninduen, bestela ezinezkoa zen, apustu handia zelako, familia apustua. Hala, eszedentzia eskatu nuen lantokian, eta poliki-poliki hasi nintzen nire proiektuarekin. Lehenengo lokala alokatu nuen, gero erosi eta obra txiki bat egin, musika tresnak eta altzariak erosi, bezeroak lortu…
Zeintzuk dira zure bezeroak?
Haurrak batez ere, eta ez da erraza izan, Legazpiko musika eskola oso indartsu dagoelako. Baina eskaintza desberdina da, osagarria da, eta jendeak badaki hori. Sentimusik zentroan ez da musika ikasten, ez da musika tresna bat jotzen ikasten… Hori baldin bada nahi duzuna, hau ez da tokia. Haurrekin egiten ditudan musikoterapia saioetan adibidez, musika jokoak egiten ditugu, abestiak, dantza, eta bakoitzak erabakitzen du zer nahi duen entzun… Horien bidez lantzen dugu nortasuna edo nondik gatozen, inklusioa, eta beste balio batzuk. Haurretako batek premia bereziren bat baldin badu, banakako saioak edo lanketak ere egiten ditut. Helduekin ere berdin. Orain helduen taldea jarri nahi dut martxan.
Zein puntutan dago orain Sentimusik?
Eszedentzia bukatu zenean, ez itzultzea erabaki nuen, eta aurrera egin nuen proiektuarekin. Ingeniari lana utzi nuen erabat, baina ingeniari izaten jarraitzen dut. Egitura horiek edo pentsatzeko modu zientifiko hori mantentzen ditut, eta oso lagungarria da hori guztia musikan. Azken finean, musika estruktura da, inprobisazio ero batetik edo kaosetik lortu dezakezun egitura. Musika hori da, ordenaren bidez, kaosetik zerbait zehatza lortzea. Eta guk ere egin dezakegu hori, denok daukagun kaos horretatik egitura bat lortzea. Urte batzuk igaro dira Sentimusik proiektuarekin hasi nintzela, eta esan dezaket orain hobeto nagoela, bihotzetik egindakoa ez delako lana. Bizimodu bihurtu dut musika, eta oso pozik nago musikoterapia zabaltzeaz. Gitarra jotzen erakusten dut, eta musikoterapia saioak aparte dira.
Musika jakin behar al da?
Musikoterapia emateko musikaria izan behar zara, baina musikoterapia egiteko, ez.
Lan kontuez gain, errondaila aipatu behar da. Zer da zuretzat errondaila?
Beste familia bat. 15 urterekin sartu nintzen, baina txiki-txikitatik nago taldearekin lotuta, aitaren bidez.
Zuzendaria zara, gainera.
Aitaren erreleboa hartuta. Gaixo jarri eta nik hartu nuen postua. Hamar urte egin nituen, urte bat utzi egin behar izan nuen neu gaixotu nintzelako, eta itzuli nintzenetik, orain arte. Hogei urte dira guztira. Hasieran zaila izan zen, Jesusen alaba nintzelako, eta taldeko gazteena. Nahasi samarra izan zen, baina nire lekua aurkitu nuen, eta besteak ere kokatu eta berrantolaketa finkatu zen. Emozionalki ere zaila izan zen, eta musika sentitzeko modua jakinarazten ikasi arte, gogorra izan zen. Baina lortu genuen. Hala ere, hogei pertsonako taldea gidatzea, bakoitza bere estiloarekin, bere iritziarekin, batzuetan ez da erraza.
Nola dago orain errondaila?
Taldeak 60 urte bete ditu, ez da gutxi, eta erronka batzuk ditugu orain. Perkusioa integratu nahi dugu, lehen baxua eta trikitia sartu genituen bezala, soka hutsez osatutako taldea jantzi egiten duelako. Ea jende gehiago hurbiltzen den. Gure artean oso giro ona dugu, eta errondailan sartzea beste kuadrilla batean sartzea bezala dela esango nuke. Etorri, eta onartuak izango dira denak. ■
Gitarrarekin tematuta txikitatik
Abuztuko opor batzuk dira, eta 4-5 urte dituen Eli aitonaren ondoan agertzen da, gitarra eskuetan duela. «Nire lau aitona-amonek nik akordeoia jotzea nahi zuten, asko gustatzen zitzaielako instrumentu hori. Baina nik, nire gitarra, gitarra eta gitarra! Ba hortxe nago, nire lehenengo gitarrarekin, eta jo eta su gainera».
Aita Jesusekin ikasi zuen gitarra jotzen, eta aitak zuzentzen zuen Alaitasuna Errondailan sartu zen 15 urterekin. Gitarraz gain, ukelelea, banjoa eta baxua ere jotzen ditu, baita txirula ere. Baina Eli Gordoaren instrumentu nagusia gitarra da, bere ahotsarekin batera. Horrela, ez da harritzekoa Eliri entzutea musika beharrezkoa dela bere bizitzan. «Niretzat, musika da nire zentrora etortzen laguntzen didan zerbait». Eta gehien gustatzen zaiona, musika partekatzea da, gizaki guztientzat ere badelako garrantzitsua.
Eli Gordoa Alaitasuna Errondailari lotuta dago, baina rock eta pop zalea ere bada. Hala ere, folklorea da gehien gustatzen zaiona, Hego Ameriketakoa. «Blues-a ere asko gustatzen zait, jazz-a ere bai, eta euskal musika, noski. Ia-ia dena».