Eskualdeko berriak eta albisteen aktualitatea argitaratzen hasi zen ‘Goierriko Hitza’, duela hogei urte. Goierriko prentsan jauzi kualitatiboa eragin zuen euskarazko aurreneko egunerokoak.
Urte hura mugarria izan zen Goierriko kazetaritzarentzat eta hedabideen historiarentzat. Tokiko informazioa lantzen zuten Goierritarra hamabostekariaren eta Otamotz hilabetekariaren, eta herri aldizkari edo urtekari bakan batzuen familiara Goierriko Hitza etorri zen. Nagusiki erdaraz ziharduten tirada orokorreko egunkarien kronikak ziren, ordura arte, egunerokotasunaren erreferentzia bakar. 2004ko urriaren 5ean ikusi zuen argia Hitza-ren aurreneko zenbakiak.
Prentsa idatzian bakarrik ez, hilabete batzuk lehenago emititzen hasi zen Goierri Telebista ere. Goierriren gehiengoa euskalduna izanda, komunikazioan zegoen hutsunea osatu zuten egunkariak eta tokiko telebistak.
Asteartetik igandera, zortzi orrialdeko egunerokoa ateratzen hasi zen Hitza. Astelehenetan ez, beste egunetan etxeraino banatzen zieten harpidedunei. Harpidetza sistema hasieratik hartu zuen, proiektuaren sustengu sozial eta ekonomiko nagusi izango zen irakurleen konpromisoa lortuta eta haien beharrak asetzea helburu hartuta. Goierritarra-ren eta Otamotz-en harpidedun-basea zeukanez, ez zen hutsetik hasi horretan egunkaria. Legazpin, eta beste hainbat herritan, kanpaina bereziak ere antolatu zituzten eragileek.
Digitalizazioa jada txertatutako telekomunikazio garaian heldu zen Hitza. Ordenagailu bidezko edizioak, argazki kamera digitalek, lehen belaunaldiko sakelako telefonoek edota posta elektronikoaren mezularitzak erraztu eta ahalbidetu zuten izate hutsa. Interneta, ordea, pixoihaletan zen artean, bai eduki ugaritasunean, bai komunikazio-tresna gisa.
Informazio iturriak ere modu tradizionalean jorratu behar izan zituzten egunkariko kazetariek, aurrez aurreko, dei edo bertaratzeen poderioz. Prentsaurrekoak urriak ziren, prentsa-oharrik ez zuen ia inork sortzen eta bidaltzen. Bulegora –hasieratik Beasainen eta Urretxun eduki ditu bi– zuzenean joaten zen jendearen eta ohituren garaiak ziren, artean.
Urteurren festa, bihar Lazkaon
Hitza-k 5 urte eta Goierritarra-k 20 (20+5) bete zituztenean ospatutako leku eta modu berberetan antolatu du Hitza-k orain bere 20. urteurreneko festa: bihar, 18:00etatik aurrera, Lazkaoko plazan. ■