Udazkenaren iritsierarekin udazkeneko zaporeak ekarri ohi dituzte zenbait tokitan. Duela aste batzuk Lazkaon zein Beasainen garagardoa izan dute protagonista eta oraingoan, Ataunen ere hala izango dute. October Fest famatutik, Ataungo gazteek Tortobeer Fest dakarte, laugarren urtez, gaur, urriaren 4an.
Aurtengoa laugarren edizioa dute eta besteak bezain «arrakastatsua» izango delakoan daude Torto Gazte Asanbladako kideak. Hasierako ediziotik laugarren honetara «izan dira desberdintasun ugari, izan forma zein antolaketa» aldetik. Lehenengo edizioan «jendeak eginiko garagardoak» izan ziren protagonista, apur bat «zentzu herrikoiagoa» emanez.
Beste edizioetako batean «garagardogile baten azalpenak» izan ziren Tortobeer Festen berezitasuna. Bertan, garagardoaren zenbait bitxikeria, egiteko modu zein sekretuak jakin ahal izan zituzten eta aurtengoan «ohikoenera» ekarri dute.
Sei garagardo postu izango dira guztira bertan. Basabe garagardo goierritarra; Boga, garagardo mungiarra; Higer, hondarribiarra; Brew & Roll eta Atala Brewing garagardo nafarrak izango dira aurtengo Tortobeer Festeko izarrak. «Bertakoari» eman diote garrantzia, Euskal Herrian eginiko garagardoz osatutako jaia antolatuz. Horrez gain, ikuskizunik ere ez da faltako. Sheldon’s Brothers hirukote beasaindarra izango baitute iluntze aldea alaitzeko. «Sekulako giroa» jarriko dutelakoan daude antolatzaileak.
Jatekoa ere bai
Aurtengo beste berezitasunetako bat jaki aldetik ekarri dute Torto Gazte Asanbladakoek. Beti jarri izan dute «pikatzeko zerbait», adierazi dutenez, baina aurtengoan pauso bat gehiago eman eta «pikoteotik harago» joango dira. Saltxitxa-ogitartekoak eskainiko dituzte garagardoaren laguntzaile gisa.
«Pozik» daude laugarren edizio hau aurrera eramateko, izan ere, herrian «errotzen» ari den ekintza bilakatzen ari da Tortobeer Fest eta urtez urte «ataundar ugari batzen ditu» garagardoaren bueltan. Aurtengoa ere ez dute uste salbuespena izango denik eta «jende asko» inguratzea eta parte hartzea espero dute. Gainera, aipatu dutenaren arabera, Zaldibiako jaiekin batera direnez, goierritarrek badute etxetik ateratzeko aitzakia eta jai giroan ibiltzeko aukera, izan herri batean ala bestean. Beraz, astebururako «gogoz» daude Ataungo gazteak. ■