Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
Neka-neka eginda nator trenean leihotik begira. Egun luzea eta goizeko kafea bezain intentsoa. Goizeko 6.30ean esnatu, gosaldu, prestatu eta Gipuzkoako hiriburura etorri naiz, gaur, bertan nuelako lantokia. Bidaiaren hasieran lauko eserlekuan bakarrik nentorren, baina berehala gerturatu dira 50 urte inguruko gizon eta emakumea. Ondoan eseri dira. Errespetu eza da besteen elkarrizketa entzutea, nolanahi ere, ezin izan dut ekidin.
Izan ere, tonu altuan hitz egin dute eta esango nuke, atzean eta alboan eserita zeudenek ere entzun dituztela esandakoak. Tolosan betidanik askotariko merkataritza, kalitatezko produktuak, gertutasuna eta prezio egokiak izan ohi direla zioen emakumeak. Hori dela eta, bertakoak nahiz gertuko herri txikietakoak gerturatu ohi direla, jakitun izanik azken urteetan nabaria izan dela salmenta jaitsiera. Gaineratuz, azken asteburuan Rondila kalea autoentzat itxita jartzeak eragin kaltegarri zuzena izan duela dendari txikientzat, erosleak erakarri ordez, urrundu egin dituela. Azken hori, behin eta berriz azpimarratu du emakumeak. Gizonezkoak, ordea, denbora behar dela jendearen ohiturak aldatzeko zihoen. Usadioa baita gurean, toki guztietara, autoan joatea; hanka bat kotxetik atera eta bestea dendan sartzeko.
Trenaren beste aldeko paisaia bistan nuelarik, Ordiziako jaien aurretik Josetxo Imaz memorialaren antolatzaileetako batekin topo egin nuela oroitu nintzen. 2001ean sortu zen lasterketa herrikoiaren iraganaz eta orainaz jardun genuen. Lehen ekitaldian, 569 partaide izan zituen, 2008an sabaia jo zuen 1049ra helduz eta hortik aurrera gainbehera etengabea izan du 2023koan 233 partaideetaraino jaitsiz. Aurtengoan 288. Egunaz aldatzea, irteera eta helmugaren kokalekua aldatzea, irteera ordua aldatzea, zirkuitua aldatzea… aipatu nizkion parte hartzaileak erakartzeko pizgarri moduan. Aipatzen nion aldaketa bakoitzeko bekaina okertzen zitzaion.
Treneko helmugako tirrina entzun orduko ate joka nituen galdera hauek. Zergatik jartzen dizkiegu aldaketei izugarrizko oztopoak? Zergatik kostatzen zaigu pausua ematea? Lehengo oparotasunera itzuliko den itxaropenagatik edo aldaketen ondorioen beldurragatik? ■