Jose Antonio Irastortza • Zaldibia
Ume ginela, oroitzen naiz, irrika biziz egoten ginela festetako programa jasotzeko, eta behin eskuetan hartutakoan behin eta berriz eta berriz irakurtzen genuen ia ia osorik memoriaz ikasi arte.
Eta programa horretan Asto Karrerak topatuko genituen. Nik dakidala Igartzetako Juan Marik eta bere astoak irabazten zuten aldiro. Guretzat, ordea, asto karrera lehenago hasten zen, Igartzetatik atera eta gure baserriko basoetan ibiltzen baitzen entrenamenduan.
Nire oroitzapenen artean dago Igande eguerdiz Meza Nagusiaren ondoren, hara non ikusten dugun herritar multzo bat Miel Mañenera joan eta han ostatu hartzen zuten musikariei deika. Irungo anaia batzuk osatutako taldea zen. Jendea kaletik deika zutela entzun, leihora irten eta hamar minuturako kalean ziren, bakoitza bere instrumentua hartu eta kalejiran beheko kalerantz. Orduan eguerdiko eta gaueko dantzaldiak talde berberak egin ohi zituen.
Gaur egun bezalaxe orduan ere mondejuek ospe handia zuten, Zaldibiako etxerik ez zen geratuko festetarako mondejurik egin gabe. Lan horretan ere etxeetako emakumeak jarduten ziren. Ikustekoa zen, gure etxetik gora 40 lagun inguru nola joaten ziren Ausoegira bidean, hango mondejuak dastatzera.
Ehiztarien pasadizoak ere gogoangarriak dira: Gaintzako Zabaleko postuetan ehizan aritu eta botatako usoa gerrian zintzilik zutela etorri ohi ziren festara, hura erakutsiz, tiro pitxonean saiakera egitera.
Geroago eta nire lehen dantzak EGAN taldearekin izan ziren. Artean inork gutxik ezagutzen zuen taldea, dena esatera.
Ikurriña defenditzeagatik
Festetan asko gozatu dut eta gozatzen dut, baina udal erantzukizunak tarteko, urte askoan lan egitea ere egokitu izan zait, eta ezin dut ahaztu, gure ikurriña defenditzeagatik Tolosako epaitegira ere joan behar izan genuela.
Urte mordo bat badaramat, bestalde, taloak egin eta saltzen. Eta horrek balio dit, zein gazte jende jatorra daukagun aurrez aurre ikusi ahal izateko. ■