Imanol Mercero • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Haur liburuekin aritzen den edonork ezagutzen du Asun Balzolaren lana. Akaso izena ez, baina ur-margoz egindako bere ilustrazioek gu guztiongan utzi du arrastoa..
Nik Ur tanta bat naiz eta Haur bat naiz gogoan iltzatuta ditut, haurtzaroa aspaldi joan zitzaidan arren.
Balzola ilustratzaile aparta izan zen, baina baita idazlea ere. Guztira hemezortzi titulu zenbatu dizkiot idazle gisa, 1979tik 2001era bitarte. Eta denbora horretan estilo ibilbide (koherente) bat osatu zuen, kolpeka bezala. Alegia, 1979an bi ipuin didaktiko plazaratu zituen (Margoak eta Zenbakiak), 1980-82 bitartean bost ipuintxo, giro kostunbristarekin, bakoitzean asmo pedagogikoa agertzen duelarik, helburu-estilo desberdinekin, baina estetika naif berdinean. Aipagarriena Txomin eta Txomintxo da (Erein, 1980), herritarrek burla egiten dieten nanoa eta erraldoia. Hurrena ipuin sozialak etorri ziren, lau titulu, 1986-1989 bitartean. Haietatik nabarmenena Josetxoren egunkaria da (Erein, 1986). Eguneroko baten eran idatzia, langabeziaren erretratu aski interesgarria eskaintzen duena. 1988-89 bitartean hiru liburu kaleratu zituen iparra galduxea duten hiru neraberen erretratuarekin, ospetsuena, ez kasualitatez, Indiana Jones-en zamarra da (Erein, 1988). Hiruretan ere protagonista femeninoen barne elkarrizketak agertzen dizkigu, era guztietako zalantzekin, eleberri errealista psikologikoak osatuz, ikuspuntu neutral-errespetuzko batetik. Azkenik 2000-2001 artean aski desberdinak diren hiru obra plazaratu zituen, eta nik XIV. mendeko italiar nobelatxo erromantikoa proposatuko dizuet: Simonetta, Siena eta Urrea (Elkarlanean, 2001). Garaiaren deskribatzailea da, giroa, lekuak, ohiturak berariaz deskribatzen dira, eta estilo desberdin hori idazkeran ere islatzen da. ■