Tere Irastortza • Idazlea
Tartean behin hitzak iristen dira gogora: aspaldi erabili edo entzun gabeko hitzak, norbaitek muxu ematerakoan esandakoak, haserre edo zipotz-aldietan entzundakoak. Eta hortxe erabiltzen ditugu geure artean, gaur eguneko bizimoduarekin alderatu ahal izateko.
Aitor dezadan, zutabe hau idazteko orduan, bestendu etorri zaidala burura, besterendu, alegia, edo zerbait besteren baten edo batzuen esku jarri edo uztea, zerbait norbere esku ez geratzea.
Ziurrenera, uda-mineko oporren aitzakian irailean sortzen diren elkarrizketen harira, edo haurrak berriz ikasteko bidean jartzen direnean sortzen diren burutazioekin lotuta erabili dut hasieran besterendu hitza; gaurko munduko joera globalizatzaile honek ezarritako urruntzeko joerak geure baitatik eta ingurutik isolatu egiten gaituelako, zalantza batere gabe. Eta baita geure baitan hausnartzeko ohiko izan ditugun ohituren galerarengatik ere.
Baina gero, berriro, abiadura handiko trenen ibilbideez, zeruak zeharkatzen dituzten milaka hegazkinen harira, eta Marokoko mugetan poliziek alto emanda giza-jende mota jakinen kontrako bidegabekeriaren harira erabaki dut eremu txikian bezala ari garela mundu honetan besterentzen eta naturatik aldendu ahala, itotzen, arnas-gabetzen geldi-geldi, geldotzen. Besterendutako gizarte honetan, geure erroak galduta ez ezik geure ortzi-muga, zeru-ertza bera ere galaraziz ari gara txikitzen mendeetan gizaki egin gaituen bizi-indarra eta eusmena.
Merke-zuhurrean jaso eta lapurreta ederra ari zaigu egiten mugikorra bera, eta geure bi eskuez jabetzen den bitartean ez dugu gure inguruan gertatzen denari erreparatzeko tarterik hartzen, eta hiri handietan etxe erraldoiek bezala, mugikor horien pantailek galarazi egiten digute zeru-mugara begiratzea, geure ikuspegia zabaltzea.
Bi eskuak mugikorraz trabaturik, ezin dugu ezer eskuratu, inor ferekatu, inongo biderik igaro maite dugunen bati eskua emanez. Eta horrelaxe, geure gorputz-atalak sorgorturik, munduari geure senez eta geure-geurez erreparatu ordez, inguratzen gaituen hori guztia besterentzen digu errealitatetzat dugun mundu birtualak. Horixe du bertute nagusia errealitate birtual horrek, eta urrutiago nola bizkorrago joan borrokan ari garen bitartean, geure ingurumari ederra gozatzeko, bertan lan egiteko eta bizitzeko aukera ari gara galtzen.
Geure inguruarekiko arreta galtzeaz bat inguruarekiko ardura eta eskumena ere galtzen ari gara, inolaz. Eta hemengoak ez bagara ez gara inongoak; eta etorkizuna ere besterentzen utziko ote dugun beldur naiz. ■