Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Mende erdi pasa etxe honetan gaudela. Gogoan dut etxea erosi genuen garaia. Zalantza askoren ondoren azkenean erabaki genuen. Hirugarren pisu bateko apartamentu bat zen, txikia, baina gainean estrategikoki kokatuta zuen ganbarari esker, neurri txukuneko etxe bihurtzen zen. Etxe barruko banaketa egiterakoan hainbat eskaera egin genituen, eta iritsi zen arkitektoa eta udaleko aparejadorearekin biltzeko unea. Azken honen baimena behar zuen gure etxe berriaren banaketa planoak.
Aparejadoreak etxeko arkitektoak marraztutako etxeko planoak goitik behera begiratu zituen. Ezkerretik eskuinera. Goitik behera. Bileran udaletxeko aparejadorea, etxeko arkitektoa eta ni neu.
Betaurrekoak sudurraren azken koxkorrean zituen aparejadoreak. Arkitektoak «lasai egon» esaten zidan irribarrearekin. Izan ere, hirugarren pisu hura erosi bagenuen, goiko ganbara eskailera batekin bat egiteko aukera ematen zigulako zen. Isilunea aparejadoreak hautsi zuen.
–Hemen logela jartzen al du? Hau ez da posible, parte hau ez da habitagarria. Parte horrek desagertu egin behar du.
–Desagertu? Nire etxearen erdia da eta! –urduri jarri nintzen.
–Ba zure etxetik goiko ganbarara dagoen zulo hau estali egin beharko duzue udalaren onespena nahi baduzue. Kito.
Nire lehen instintua aparejadorearen lepora jauzi egitea izan zen eta ondoren etxearen arkitektoaren zintzurrera. Nire arkitektoaren eta udaleko aparejadorearen eztabaida korapilatsu baten ondoren arkitektoak konponbidea aurkitu zuen.
–Eta logela jartzen duen horri beste izen bat jarriko bagenio? Planoan izena aldatu eta kito!
Aparejadoreak jakin minez begiratu zion. Nik flipatuta eta akojonatuta etxe erdia “ezabatu” nahi zidatelako.
–Zein dira kokagune horretarako onartzen diren erabilpenak?
–Almazena, ganbara bere horretan, bodega bat…
–Bodega bat? -Galdetu zuen arkitektoak zurtuta.
–Zergatik ez? Bai, bodega bat. –erantzun zuen irmo aparejadoreak.
–Beraz, logela jartzen duen tokian bodega ipiniko balu, planoak onartuko zenituzke?
–Bodega? –esan nuen nik. Ez nekien hura egiazkoa zen edo nire gidoi absurdoetako bat zen. –Nork sinistuko du ardoa teilatupean, udan 30 gradutan gordeko dudala?
Eskerrak ez ninduten entzun. Beraien bodega hura burokrazia hutsa zen. Ardoa erabat teorikoa. Beraiek ez zuten nire hizkuntza literarioa ulertzen eta nik ez nuen beraien hizkuntza literalki irreala ulertzen. Udaleko aparejadore nazkanteak aurpegiko muskuluak lasaitu zituen, Nire etxea bitan banatu nahi zituen horma erori zen. Leihoak bere tamainan geratuko ziren, eskailerak bere lekuan jarraituko zuten. Hori bai, ordutik etxeko bodegan egiten dut lo. Topa!■