Zegamako herriarekin senidetuta dagoen Sant Sadurni D’Anoiako (Herrialde katalanak) Cavatast festan izan ziren zegamarrak urriaren 5eko asteburuan. Zegamako txistulari taldea ere bertan izan zen eta Katalunian bizi izandako esperientziaz hitz egin dute.
Zegamako txistu taldeak urteak daramatza jada Goierriko txoko ezberdinak alaitzen eta bertako ekitaldien soinu banda izaten; baina oraingoan apur bat urrundu dira Goierritik, baita Euskal Herritik ere. Herrialde Katalanetan izan dira, Sant Sadurni D’Anoia herrian, hain zuzen ere, eta bertan «esperientzia ahaztezina» bizi izan dute.
Sant Sadurni D’Anoia Bartzelonako probintzian kokatuta dagoen herria da eta Zegamarekin senidetuta dagoena. Haiek «etorri izan dira» sekula, txistu taldeak aipatutakoaren arabera, eta hau hala izanik, zegamar ugari ere izanak dira bertan sekula, baina ez dira inoiz joan talde moduan. Aurten Cavatast-era joan dira. Cavatast bertako cavak eta gastronomia probatzeko «aukera bikaina» izan da txistulari zegamarrentzat, hau guztia, nola ez, musikarekin uztartuta. Gainera, bertakoek egindako «harrera beroa» azpimarratu nahi izan dute eta tratua «izugarri ona» izan dela. Beraz, «etxean bezala» sentitu dira zegamarrak Sant Sadurniko biztanleen artean.
Bertara «txistua jotzera» joan ziren, eta hori izan zen haien lehen lana, baina Cavatast-az gozatzeko aukera ere izan zuten, baita bertako bodegak bisitatzeko tartea ere. Hala ere, «bertan egindako ekintzak baino are gusturago» hartu dutena «sortu den talde giroa» izan dela diote, zalantzarik gabe, eta taldekide guztiak itzuli dira «itzultzeko gogoz».
«Esperientzia berria» izan da guztientzat horrela joatea, taldean, eta bertan parte hartzea; beraz, «oso pozik» itzuli dira eta «datorren urtean errepikatzeko irrikan», izan ere, aurten ezin izan du talde osoak joan eta datorren urtean «berriro itzultzeko aitzakia bikaina» dute beraz. ■