Urola Garaiko Gurutze Gorriak 50 urte bete ditu. 1974an sortua, milaka zerbitzu eman ditu Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta Ezkio-Itsasoko eremuak hartzen dituen batzordeak. Boluntarioz osatutako erakundea da.
Mende erdia bete du aurten Urola Garaiko Gurutze Gorriak. 1970eko hamarkada hasieran jarri zuten martxan eskualdean batzordea eratzeko ekimena, Javier Aguadok bultzatuta, eta 1974an ekin zioten lanari. Hala, 50. urteurrena dute aurtengoa. Urte hauetan guztietan milaka ekintza egin dituzte boluntarioek.
Atalka banatzen dute jarduna Urola Garaiko Gurutze Gorrian. Batetik, arlo sozialean, eguneko zentroekin egiten dute lan, eta baita Gautena edota Aspace bezalako elkarteekin, egokitutako garraioaren zerbitzua ematen. Bestetik, barne zein kanpo-formakuntza eta profesionaltasun ziurtagiriak eskaintzen dituzte. Gazteria atalean egoera zaurgarrian dauden gazteekin egiten dute lan, tailerren, txangoen edota aisialdi-zerbitzuaren bidez, eta horri lotutako prebentzio kanpainak eta ingurumen kanpainak egiten dituzte. Eta azkenik, sorospen eta larrialdien atalean ere prebentzio zerbitzuak ematen dituzte, kirol ekitaldietan, erromerietan, danborradetan, kontzertuetan…
Jeronimo Casas Vega (Zumarraga, 1957) da gaur egun Urola Garaiko Gurutze Gorriko presidentea. Urte mordoa darama boluntario lanetan, eta sei urte batzorde buru. Berak azaldu duenez, Urretxun dagoen bulegoan elkartzen dira boluntarioak eskatutako zerbitzuak betetzeko moduan dauden jakiteko, eta hortik bideratzen dituzte lanak: «Jendea daukagula? Ba kubritu egiten dugu. Ez daukagula? Beste asanblada batzuei laguntza eskatzen diegu, Durangokoari, Beasaingoari, Azkoitia, Donostia… eta denon artean kubritzen dugu». Gurutze Gorria boluntarioz osatuta dagoenez, batzuetan «zaila» egiten zaiela aitortu du, baina beti egiten diote aurre «modu batera edo bestera».
50 urteotan aldatu egin dira Gurutze Gorriaren lan egiteko moduak. Izan ere, sorospen eta larrialdiei lotuta, 112 zenbaki bateratua ez zegoenean, 112ak ematen duen osasun eta larrialdi zerbitzua ematen zuen Gurutze Gorriak. Gorputz militarizatuak ziren hasieran. «Garai batean kontzientzia-objekzioa egiten zuten askok hemen, soldaduska moztu zuten arte, eta militarrak egoten ziren hemen zerbitzuan, baina orduan ez zegoen 112 zenbakia. Zerbitzu guztiak ematen ziren: gaixotasunak, istripuak…112-ak egiten duena», azaldu du Casasek. Militarrak egoten ziren sorospen postuan, baita Urola Garaian ere. Gaur egun Zumarraga-Urretxutik Legazpi aldera doan biribilgunean zegoen postua, gerora udalaren esku geratu zena: «Garai hartan sei militar zeuden postuan, sukaldea zegoen, komuna, botikina… eta postuaren azpian garajea zegoen. Bertan zeuden ibilgailuak».
Horri lotuta, gaur egun sorospen eta larrialdi atalean ematen duten arta bestelakoa da, osasun zerbitzuen osagarria dena. Esate baterako, sute bat gertatzen bada eta eraikina desalojatu behar badute, mantak, elikagaiak…eramaten dituzte Gurutze Gorrikoek, lehenengo arta hori, babes hori, emateko. Hala azaldu du Ruben Gomez Paniagua (Zumarraga, 1992) Urola Garaiko batzordeko presidenteordeak: «Sorospen eta larrialdi zerbitzu horrekin jarraitzen dugu, beste era batera, baina lehen lerroan gaude. Gipuzkoa mailan ibilgailu bat daukagu, eta ezohiko egoeretan atera behar bagara, izan suteak, bilaketak, uholdeak, boluntarioak biltzea lortu behar dugu eta atera egin behar gara. Lehenengo arretako ibilgailua da, ez sanitarioa».
Ezohikoak diren arren, gertatzen dira, eta horrelakoetan «atera egin behar da». Biek dute gogoan azkenetariko irteeretako bat: Leintz Gatzagako (Araba) Arlaban mendatean atera ezinik geratu zen autobusarena. «Elurra zegoen, negua zen, eta gau osoa pasatu zuten han. Goizeko 8:00etan eman ziguten abisua, hotzez zeuden… hara joan eta mantak, janaria…arta hori eman genien», azaldu du Gomezek. Edo Azkoitian pintura fabrika batean gertatu zen sutearena: «Gauez su hartu zuen eta suhiltzaileekin egoteko eta han zegoen jendeari arreta emateko aktibatu gintuzten, ordu asko izango zirelako. Jendeari arreta emateaz gain, suhiltzaileei, Ertzaintzari, gure sanitarioei…sostengua ematen diegu».
Orain abisua jaso egiten dute, baina garai batean, Casasek azaldu duen bezala, boluntarioak ateratzen ziren arta emateko behar horren bila-edo: «Lehenengo zerbitzuetara, oporretan, auto partikularretan joaten ginen. Peto batekin, puntu garaietara joaten ginen, esate baterako Etzegarate, eta han egoten ginen, botikinarekin, zerbait gertatzen bazen lehenengo instantzian arta emateko, eta gertatuz gero, anbulantzia etortzen zen eta Donostiara eramaten zituzten».
Horrelakoak gertatzen badira ere, gaur egun, Gomezen hitzetan, «atalik indartsuena Urola Garaian zein Gipuzkoan eta estatu mailan arlo soziala da». Larrialdiak eta sorospen plana baztertu ez duten arren, pertsona zaurgarriekin jarduera ezberdinak egiten aritzen dira boluntariotzaren zati handienean.
Covid-19aren pandemia garaia dute gogoan presidenteak zein presidenteordeak, eta bat datoz garai arraroa eta desatsegina izan arren, boluntarioen aldetik «eskertzekoa» izan zela. Gomezek azaldu duenez, elkarte batean bazkaltzen zeuden batzordeko zuzendaritza osatzen duten kideak lehenengo deia jaso zutenean: «Donostiatik deitu ziguten, bertako egoitza bat hustu behar zela esanez, covid19-a zutenak bertara eramateko. 2020ko martxoaren 13a zen, oraindik ez zen pandemia deklaratu». Ordutik pandemia 2023ko maiatzean bertan behera geratu zen arte, «lan handia» izan zuten Urola Garaiko Gurutze Gorrikoek ere, eta nabaritu zuten «herriak bat egin» zuela haiekin. «Gurutze Gorriarentzat aldaketa askoko garaia izan zen. Azkenean, gihar askoko erakundea da eta jarduten utzi ziguten. Egunero geunden zerbait egiten, izan adinekoei deitzen, erosketak egiten, lekuak desinfektatzen…», azaldu du Gomezek. Casasek gehitu du jendeak asko eskertu zuela haien lana, eta kolaborazioek ere gora egin zutela: «Egunero hemen 25 eta 30 pertsona artean geunden».
Lekuak desinfektatzeko talde bat eratu zuten, ikastaroak egin zituzten horretarako, eta babes-ekipamendu indibidualak jantzita beharrezko lekuetara joaten ziren lan horiek egitera. Gomezek dio pandemia garaiko konfinamendurik ez zuela pasa, boluntariotza lanetan aritu zelako uneoro. 2022ko eta 2023ko datuetan ikus daiteke lan eskerga hori: 2022an 11.300 esku-hartze egin zituzten, eta erantzunak 11.399 izan ziren; 2023an, berriz, 813 esku-hartze izan ziren, eta 1.096 erantzun.
Etxetik atera ezin zirenek zerbitzua eskatzen zuten, erosketa eta enkarguen zerrenda uzten zieten buzoian edo etxeko atarian, haiek jaso egiten zuten, enkarguak egiten zituzten eta bueltan uzten zuten etxeko atarian tiketarekin. «Edo zaborra jaistea bezala. Sinplea da, baina ezin ziren etxetik atera eta hori ere egiten genuen. Instituzioek ez zekiten egoera nola maneiatu eta gu lehen lerroan izan ginen».
Ehundik gora boluntario dira Urola Garaiko Gurutze Gorrian, baina Urola Garaiko batzordeko zuzendaritza 8 lagunek osatzen dute. Bertan hartzen dituzte erabaki guztiak. Zortzi horiek dira bozkatzeko eskumena dutenak, eta hortik bideratzen dituzte ekintza eta esku-hartze guztiak. «Modu demokratikorik badago, gurea da; denok ados gaudenean hartzen ditugu erabakiak», dio presidenteak. Batzordeko presidentea denez, Gipuzkoako batzordean eskualdeko ordezkaria ere bada. 70eko hamarkadan joan-etorrian ibili zen Gurutze Gorrian, eta 1986tik etenik gabe aritu da boluntario lanetan Casas, beti Urola Garaian. Egun jubilatuta dago eta administrazio lanak egiten ditu erakundean: «Udalekin hitz egin, aurrekontuak, taldearen koordinazioa…».
Gomez, berriz, 17 urterekin hasi zen boluntario, 2009an. Urola Garaiko batzordeko presidenteordea ez ezik, sorospen eta larrialdien ataleko arduraduna eta boluntarioen arduraduna ere bada. Gainera, Gipuzkoako batzordean eta Euskadiko batzordean parte hartzen du. Bere eguneroko lana boluntariotzarekin uztartzen du.
Boluntarioak eta bazkideak
Goizero dago irekita Urretxuko Labeaga kaleko 41. zenbakian dagoen bulegoa, eta egunero ematen dute arreta: «Bulegoan egiten duguna batez ere laguntza ekonomikoa eskatzera datorren jendeari arreta ematea da; fakturak ordaindu ezin ditzaketenak, ordainketak atzeratzeko eskaerak…geroz eta jende gehiago dago horrelako beharrekin».
Casasentzat zein Gomezentzat, «beharrezkoa» da Gurutze Gorriak egiten duen lana, instituzioak iristen ez diren lekuetara iristen delako erakundea: «Baliabideak ez dauden lekuetan gaude gu, instituzioek egiten ez dutena egiten dugu. Askotan, instituzioen besoa gara». Haien hitzetan, «ezinezkoa» litzateke Gurutze Gorriaren lana boluntarioengatik eta bazkideengatik ez balitz, baina azken urteetan geroz eta zailtasun handiagoak dituzte boluntarioak lortzeko, eta asko paperean boluntarioak diren arren, zerbitzuak eskaintzen dituztenak gutxiago dira. «Gazteek ez dute boluntariotza asimilatuta. Ulertzen dute eta miresgarria iruditzen zaie, baina larunbatetan eta igandetan boluntario aritzearena…geroz eta gutxiago daude».
50 urte beteta, beste horrenbeste betetzea espero dute, eta ospakizunak eginda, lanean jarraituko dute Urola Garaitik. ■
Ospakizun ekitaldia Labeaga aretoan
1974tik 2024ra arteko ibilbidea ospatzeko, alegia, 50. urteurrena ospatzeko, hainbat jarduera eta ekitaldi antolatu ditu Urola Garaiko Gurutze Gorriak irailean eta urrian, haien jarduna ezagutzera emanda eta 50 urtetako ibilbidean egindakoa balioan jarrita.
Irailean, ikastetxeetako ikasleen arteko marrazki lehiaketa deialdia egin zuten. Ehundik gora marrazki jaso zituzten. Irailaren 30ean, berriz, ate irekien jardunaldia egin zuten Legazpiko plazan. Ibilgailuak, mendiko erreskateak egiteko ekipoak eta bestelako azpiegiturak jarri zituzten ikusgai. Urriaren 5ean gauza bera egin zuten, baina Zumarragan.
Urriaren 2an, Felix Zubia mediku eta Gurutze Gorriko boluntarioak loaren eta insomnioaren inguruko hitzaldia eman zuen.
Urteurreneko ospakizunei amaiera emateko, urriaren 6an ekitaldi nagusia egin zuten Urretxuko Labeaga aretoan. Boluntarioei, bazkideei eta laguntzen dieten enpresei eskerrak emateko baliatu zuten. Josep Quintet Espainiako Gurutze Gorriko presidenteordeak brontzezko domina eman zion Jeronimo Casasi urteotan egindako lanaren aitortza gisa. Antio Eraikuntzak, Egumendi, Uggasa garapen agentzia eta Santi Gomez de Desvill publizitate agentzia ere omendu zituzten, eta marrazki lehiaketako sariak banatu zituzten. Bertan izan ziren Legazpi, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio-Itsasoko alkateak ere.
Ondoren, izena eman zutenek Etxeberrin bazkaldu zuten, eta beste ekitaldi informalago bat egin zuten bertan. ■