Goierriko antzinako lurralde antolaketa irudikatzeko bide bat toponimia aztertzea da, leku-izenetan txertatuta heldu baitzaizkigu aspaldiko paisaiari erreferentzia egiten dioten terminoak. Horietako bat ‘(h)iri’ terminoa da, gaur egunera maiz itxuraldatuta etorri dena.
‘(H)iri’ hitzak, Euskaltzaindiaren hiztegiak lehen adieraren arabera, ‘etxe eta eraikinen multzo egituratu aski handia, udal batek gobernatua, jarduera nagusitzat industria, merkataritza eta zerbitzuak dituena’ designatzen du eta, gure iritzirako, baliagarria da, aldeak alde, antzinako ‘hirientzat’ ere. Izan ere, izen zaharrenetan ‘hiriak’ daude, batetik, hiribilduak eta auzuneak erreferitzeko; eta ‘herriak’ bestetik, auzo sakabanatuak erreferitzeko.
Gaur egun ‘herri’ erabiltzen da garai batean ‘hiri’ erabiltzen zen testuinguruetan, baina ez dugu arazo handirik Ordiziako herrigunea, Zaldibiako herrigunea edo Zumarragako herrigunea, esaterako, ‘hiri’ ere badirela onartzeko.
Gaur egungo herrigune askotan, gainera, ‘(h)iri’ osagaia duten etxe-izenak daude, eta suposatzen dugu, hortaz, antzina ere ‘hiriak’ zeudela leku horietan, txikiagoak izatea: Iribe (Ordiziako eliza ondoan), Irigoien (Urretxuko hiribildutik gertu eta Amezketako eliza ondoan), Iribarren (Legazpiko kalean), Iriarte (Ormaiztegiko eta Mutiloako elizen ondoan, Zegamako kalean)… Baina horietako asko ez ziren denborarekin hazi eta ez ziren “megahiri” edo hiri handiago bilakatu, hainbat arrazoi tarteko. Toponimiatik abiatuta, hazi ez ziren horietako hainbat identifikatu ditugu Goierrin.
Hiri zaharren testigantzak
Haranaren barrenean hauexek: Ezkioko Anduaga (Iriarte eta Iribarren etxeak daude bertan), Gabiria, Itsaso eta Ormaiztegiko Alegia (antzina, Areria), Gudugarreta (Irigoien etxea zegoen bertan), gorago aipatutako Ormaiztegi (Iriarte etxeagatik), Zegamako Ondarre (Irigoien etxea dago bertan), Lazkaoko Iribe… Bitxia da ikustea aipatutako lehenengo lau biziguneak Beasaingo Igartzatik Urretxura zihoan erregebide zaharrean daudela kokatuta. Horregatik pentsa liteke korridore horrek garrantzi estrategiko handia izan zezakeela garai batean.
Mendi-hegalean Gabiriako eta Zaldibiako Irizar dauzkagu, besteak beste. Gaur egun bakoitza bizpahiru etxez osatutakoak dira, baina pentsa liteke, antzina etxe gehienak zurezkoak zirenean, gehiago ere izan zitezkeela.
Mendi gainetan balizko lau ‘hiri’ atzeman ditugu, izenean daramaten ‘iri’, ‘uri’, ‘iru’ osagaiari erreparatuta: Aztiria, Gabiria, Mandubi (1793. urtean, Manduria) eta Iruin Idiazabalen. Lehenengo hirurak, Santa Lutzi haranekoak bezala, bide garrantzitsuen aldamenean kokatuak, eta ez kasualitatez, gure ustez.
Ikusten denez, Goierriko hirien mapa oso bestelakoa zatekeen garai batean. Baita hirien tamaina ere. ■