Bataioa, bataioa!- egin du oihu, besteen erantzunaren zain.
Baina ez da gertatu espero zuena. Bar-barra eten egin da, eta kafe makinaren gela ixilik geratu da. Txanponek lurrean jarraitzen dute bueltaka, makinak bere lana egiten duen bitartean: klin, klan, sssss…. Ingurura begiratu, eta bere buruari galdetu dio ea lankideek ba ote dakiten zer den bataio bat: eliz ataria, ume jaioberria, txanponak, haurrak korrika, algarak…
Oraindik entzun daitezke txanponak lurrean, eta dagoeneko senti ditzake lankideen begirada akusatzaileak eta belaunaldien arteko arrakala.
-Zuek gazteak zarete, baina ni txikia nintzenean…- hasi da azaltzen. Baina besteen arreta bereganatu beharrean, uxatu egin du. Bar-bar hasi dira denak berriro. Eta txaponen kontura egin nahi izan duen txistea azalpenik gabe geratu da: «…haurrak bataiatu egiten ziren, eta txanponak botatzen zizkiguten eliz atarian».
Erritualak aldatu egin dira. Lantokiko kafe makina da lanean duten sozializazio tresna indartsuena. Ordenagailuek sakabanatzen dute taldea, eta txanponak irensten dituen horrek batzen du. Asteburuko parranda kontuak, lanegunetako gimnasio eta crossfit saioak, Instagrameko bideoak, telebista arruntean ikusten ez diren telesailak, 5.000 euroko bizikletak, aberats ustekoek erosten dituzten furgonetak… Berari arrotzak egiten zaizkio horiek guztiak, makinan kafea ordaintzeko kreditu txartela erabiltzea bezain beste.
Lankideek ez dute ulertzen txanponak erabili nahi izatea.
-Bankukoak ez du zertan jakin behar zenbat gastatzen dudan nik kafetan.
Kafeak 55 zentimo balio ditu orain. Urte gutxian 20 zentimo igo da.
-Eta zer arazo daukazu astean kafe makinan 2,75 euro gastatzen dituzula jakitearekin ba?-. Orduan bai, barrez lehertzen dira denak, txiste hori behin eta berriro errepikatu duten arren.
Bataioaren txistearen porrota barneratzen duen bitartean, kafe makinarekin tematu da. Ez du soilik kafea egiten. Taldea egiten du. Baina talde bat egiten duenak beti uzten du norbait kanpoan. Kafe hutsa batzuentzat eta kafesnea beste batzuentzat; ebaki deskafeinatua azukrea 1, harentzat; eta hutsaren hurrena azukrerik gabe, honentzat. Makiabelikoa iruditu zaio. Ordenagailuak sikiera ez du barrerik egiten: ez bere txisteekin, baina ezta bere kontura ere.
Denak joan dira eta lurreko txanponak jasotzen geratu da. Bi euro bota ditu, eta hamar zentimo falta zaizkio. Makina azpian begiratu du, baina hor ez dago txanponik. Inon ez dago. «Faltatzen direnak bankuak eraman ditu». Hori pentsatu nahi du. ■