Laureano Telleria • Segura
Urriaren 19an jokatuko da Seguran Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 48. edizioa. Guztietan naiz izana, gehienetan antolatze lanetan eta azkenaldian ikusle moduan.
Argazki hau 1978koa da. Dantza Txapelketaren 2. ediziokoa. Leandro Telleria anaiak ateratakoa eta Udal artxiboan jasoa dagoena. San Joan festetako igande arratsaldean ospatu ohi zen, frontoi zaharrean, argazkian ikus daitekeen bezala. Eguraldia lagun, inguru guztia lepo bete eta sarreradun beste ekitaldi batzuetan bezala, errebotetik hasita, arboladitik sakristi pareraino toldoz estali ohi zen pilotalekurako sarrera. A zer lana huraxe ere!
Bigarren edizio hau Lurdes Lopetegi eta Juanito Sarriegi hernaniarrek irabazi zuten. 1977ko garaileak ere beraiek. 1980koan berriro errepikatuz, hiru alditan irabazita, Nestor Basterretxearen eskultura, lehen aldiz, Hernaniko udaletxera eraman zuten.
Frontoi zaharrean 1982ra arte
Lehena 1977an izanda, sei alditan burutu zen norgehiagoka eremu honetan. Oholtza gainean ageri diren herritarren artean ikus daitezkeenak, Joxe Mari Telleria txistuan, Euxebio Alustiza atabalean eta Migel Telleria, gure anaia, esatari lanetan. Argazkikoa bezalaxe, aire librean seiak. Gehienetan eguraldia aldeko izan arren, euriak erasota, 1980ko sari ematea eliza barruan izan zela gogoan dut. Eguraldiaren zama alde batera geratu zen, Baratze Pilotalekua 1982an inauguratu eta 1983tik aurrerakoak bertan izanez.
Sanjoanetan 2008ra arte
Lekuaz gain, garaiak ere izan zuen aldaketarik. 31 alditan ospatu zen herriko festetan. Txapelketa Nagusia dantza denboraldi amaierara pasatu asmoz eta bide batez herriko festetako lan karga arintzeko, 2009koa urrian burutu zen. Gaur egun ere halaxe jarraitzen du.
Herritarren parte-hartzea
Txapelketaren historian zenbait herritarrek parte hartu izan dute. Lehenak, 1979an, Mari Karmen Elorza eta Rafael Gerriko. Edizio hartako janzkera onenaren saria eskuratu zuten gainera. Harrezkero, beste bi herritar ere bai, bikote urretxuar eta beasaindarrekin. Miren Gallastegi bost alditan (1999tik 2003ra) eta Saioa Arostegi bitan (1999an eta 2000an). ■