Idoia Luzuriaga • Berdintasun aholkularia
Gure lan jarduera dela medio, lantoki askotan egoten gara. Industria, hornigai, zerbitzu, informatika, teknologia, ingeniaritza, nekazaritza… sektore eta arlo askotakoak. Txikiak, ertainak eta handiagoak. Garbiak, zikinak, txukunak, ilunak, politak, argitsuak, zulo beltzak, hotzak, erosoak, usai txarrekoak, altzari modernodunak… denetarikoak. Eta gauza bat datorkit burura azkenaldian, lan-harremanak. Ez Lan Harremanak letra larriz. Laneko harremanak baizik; lan giroan ematen direnak, langileen artekoak, zenbaitetan zuzendaritzatik langileengana baina zenbaitetan langileen artekoak; sail berdinekoak edo beste sail batekoak… Hots, lan arloan ditugun harremanak; gure bizitzan pisu handia dutenak, alegia, denbora asko ematen baitugu lanean.
Hor sortzen dira batzuetan harreman sendoenak baina deserosoenak ere bai. Baina azkenaldian tendentzia bat sumatzen hasi naiz: elkartasun edo lankidetza eza. Ez da berria, e! Beti gertatu izan dira horrelakoak, baina tendentzia diot, sarriago ikusi izan dudalako. Ez dakit indibidualismorako joera orokor eta soil baten ondorioz edo gaur egungo lan eta bizi baldintzek norbanakoaren lehiakortasuna areagotzera eramaten gaituelako, ‘gu’ edo kolektiboarekiko atxikimendu txikiagoa eraginez. Eta ez dakit inoiz aipatu izan dudan bileritis birus horren ondorioa den ala beste zenbat arrazoi ote dagoen. Ezta ere, lanean ematen den edo lanetik kanpo sortzen den joera baten ondorio den. Hots, ez dakit ezer.
Patata bero bat mahai gainean jarri dut baina ez dakit zer gertatzen den, bakarrik lantokietan jendeak elkarren artean lehen baino gaizkiago tratatzen diotela elkarri, langileari, hornitzaileari eta kolaboratzaileari; bezeroari ez, noski. Eta ez gabiltzala burutik oso sano. Horren adibide da antsiolitikoen kontsumo maila edo antsietate, depresio eta estresagatik hartzen den laneko baja kopurua baina sentsazioa ere bai. Lantoki batean egon daitekeen giro txarra, azaldu ezin dezakedan, edo lerro hauetan laburtu ezin dezakedan, zerbaitetan sumatzen da. Handik irteten zarenean sorbaldan atxikita geratzen zaizu tarte batez. Nik samur astindu eta alde egiten dit, nire oinek handik urruntzen nauten abiadura berean. Baina pentsakor gelditzen naiz azkenaldian eta ez Mr Wonderful-en katilu bat erosi eta diseinu alaiez jositako zoriontasuna praktikatzen hasi naizelako. Iruditzen zaidalako indibidualki zerbait egin daitekeela ondokoarekin eroso egoteko, lankidetzarako. Labur esanda, arau orokortzat, bake pixka bat eman eta izateko. ■