Festazalaeak direla gazteak esan ohi da, baina festa egiteko lehenik antolakuntzan lanean aritzea tokatzen da, eta Goierriko gazteak ezin hobeak dira horretan. Lazkaon eta Legorretan, beste urte batez, gazteek haiek haien neurrira eginiko jaiak izango dituzte: Gazte festak. Urriaren31n, ostegunean, hasiko dira festak, eta asteburu osoan zehar giro bikaina izango dute bietan ala bietan.
Lazkaon zubia aprobetxatu nahian
Lazkaoko Gazte Asanbladak Kolpez kolpe herrie sutan lelopean antolatu du gazte festen zazpigarren edizioa. Zubia aprobetxatu nahi izan du aurten «egun bat gehiago gehitzeko» gazte festei, izan ere, aurrez beste urte batzuetan egin izan den bertso afaria «errekuperatu» nahi izan dute aurtengoan eta horrez gain, jaiei hasiera emateko trikipoteoa ere izango dute. Afarirako zerrenda Malantza tabernan dago eta bertsotan arituko direnen artean «goierritarren aldeko apustua» egitea erabaki dute. Ondorengoak izango dira bertso-afaria alaituko duten bertsolariak: Mikel Etxezarreta olaberritarra, Aratz Igartzabal gabiriarra eta June Aiestaran beasaindarra. Gaiak jartzen Aizpea Garmendia lazkaotarra izango da. Ostiralerako, berriz, «lehen aldiz» emakume sortzaileen azoka antolatu dute eta «oso pozik» daude ekintza honekin. Bertan, inguruko hainbat emakume sortzaile izango dira, horietako zenbait goierritarrak. Aurten mus txapelketa ere antolatu dute ostiral arratsalderako eta gauean DJ-ak izango dira.
Ekintza mordoxka honen bitartean «ez dadin inor gosez egon» JTK taloak egiten izango dute 19:30etik aurrera. Larunbat goizeko poteoa «alaitu asmoz, betaurreko pinpirinak» jantzita irtengo dira betaurreko poteora. Ondoren, bazkaria, bingo musikatua, Elektropikala elektrotxaranga eta kontzertuak izango dituzte. Lazkaoko Gazte Asanbladak azpimarratu du aurtengo musika eskaintzan goierritarrei «garrantzi berezia» eman nahi izan dietela, eta ondorioz, larunbat gaueko kontzertuetako taldeen erdia eta DJ guztiak goierritarrak izango dira. Bertan izango dira Irten-bide, Balantza erromeria, DJ Oihana Begana eta DJ Expuela. Horrez gain, hau guztia antolatzeko «auzolanaren ezinbestekotasuna» azpimarratu dute eta Lazkaoko gazteei dei egin diete «muntai, desmuntai zein jaietan zeharreko txandetan parte hartzera». Hala esan dute haiek: «gazte antolakuntzaz ez bada, nola bestela?». Herritarren arteko harremanak «sendotzea» eta hauek «eraikitzen jarraitzea» dute helburu gazte festek eta lazkaotarrak «ondo pasatzeko prest» daude.
Legorretan 25. urtez
Legorretan ere gazte festak antolatu dituzte beste urte batez, Gazte Piku gaztetxearen 25. Gazte Festak dira aurtengoak. Ostegunean txupinazoarekin emango diote hasiera jaiari eta lazkaotarrek betaurrekoekin nahikoa ez eta legorretarrak «txapelak jantzita» ibiliko dira arratsaldeko poteoan. Ondoren afari autogestionatua izango dute eta jarraian kontzertuak. Egun honetan izango du Irten-Bide talde goierritarrak lehen aldia oholtza gainean. Haiekin batera Estutu eta DJ la Fulana izango dira. Ostiralean, berriz, mus txapelketa izango dute hauek ere eta herrian «afizio handia dagoenez, gogoz» daude. Larunbatean egun osoko egitaraua antolatu dute, presoen aldeko elkartasun argazkiarekin hasi, bazkariarekin jarraitu eta elektrotxaranga eta kontzertuekin amaituz eguna. Sare sozialetan adierazi dutenaren arabera, «indartsu datoz, eta ekintzaz betetako gazte festak» izango dituzte.
Goierriko gazteek plan bikainak dituzte bi aste barruko zubirako, «gogo biziz eta prest» daude datorrenerako eta herriko gazteak bertara «gerturatzeko eta parte hartzeko» deia egin dute. ■