Era batera edo bestera, musikari lotuta bizi izan da beti Urko Ruiz de Apodaka (Ordizia, 1982). Gaur egun, baxua jotzeari utzi badio ere, Ordiziarrock-eko proiektuan buru belarri dabil musikarekin eta herrigintzarekin lotutako ekitaldiak antolatzen. Lanbidez delineatzailea da CAFen.
Musikarako zaletasuna nondik datorkizu?
Ez dakit, agian anaia zaharragoa izanda, etxean punk-a asko entzuten nuen. Kanta guztien letrak nekizkien… Oso gaztetatik entzun dut musika eta entzuteaz gain izugarri gustatzen zitzaidan etxeko logelan musika topera jarri eta bertan kantatu eta dantzatzea (nire erara). Erraketa bat hartu eta bi gerriko elkartuz gitarra bat simulatzen nuen playbacka-a egiteko.
Noiz hasi zinen ikasten?
Zaletasun hau nuela ikusirik 10-11 urterekin gitarra klaseak jasotzen hasi nintzen, gitarra klasikoarekin. Gitarra jotzen zekien bizilagun bat etxera igo eta gitarra jotzen irakasten saiatu zen, eta hemen hasi zen nire musikarekiko maitasuna. Donostiako lehengusu bat taldeetan ibiltzen zen eta gitarra zahar bat oparitu zidan, elektrikoa. Anplifikadorerik gabe. Ikaragarria iruditu zitzaidan.
Lehenengo taldea zein izan zen?
Gitarrarekin hasi nintzen lehenengo. 1996an 14 urte nituela sortu genuen lehen taldea, Naftena, Goierri Lanbide Eskolako ikaskide batzuekin. Seguran entseatzen genuen, garaje batean. Gero Ataunen ere bai, Apaizetxean. Txosnatan jotzen genuen. Abestu eta gitarra jotzen nuen. Autobusean joaten nintzen Segurara, nire anplifikadore eta gitarrarekin.
Noiz utzi zenuen bazterrean gitarra, baxuarekin hasteko?
2003. urtean. Lagun batek proposatu zidan gitarra jotzen nekienez ea baxua joko nukeen beraien taldean. Ziklick taldea zen. Hor hasi zen baxuko abentura. Naftena taldean denon artean baxu bat erosi genuen eta baxu hura erabili nuen Ziklick-en baxua jotzen hasteko. Rock klasikoko bertsioak egiten genituen. Maketa bat ere badaukagu. Eta hortik aurrera, baxua jo dut. Nik beti esaten dut gitarra jotzaile txarra nintzela eta bi soka kendu eta baxua jotzen hasi nintzela. Baxua, gainera, jende gutxiagok jotzen du eta aukerak gehiago dira. Ematen du izugarrizko baxu jotzailea naizela, baina probabilitate eta jarrera kontu bat da. Gero musika eskolan hasi nintzen baxua ikasten, gehiago sakontzeko.
Musika eskolan du jatorria Starblues taldeak.
Musika eskolan nenbilela, 2006an Jazzeko konbo talde batean jotzen nuen, eta ondoren, konbo jazz horretatik 2010ean Starblues taldea sortu genuen. Maketa grabatu genuen lehenengo, gero diskoa… eta bigarren diskoa grabatzera gindoazenean, bigarren umea zetorren, eta aukeratu behar izan nuen. Ez niregatik eta etxekoengatik bakarrik, batez ere taldeari begira. Azkenean, bigarren umea jaio berria, entseatzeko denbora gutxiago, burua ere ez dago horretan, diskoa grabatzeko proiektua hortxe zegoen, horrek zekarren lanarekin… Izugarrizko penaz, baina taldea uzten nuela esan nien. Taldea ez dut erabat utzi, Whatsapp taldean nago oraindik. Kontzertuak ere lortzen ditugu… Oraindik Starblues naizela esaten didate. Nahiz eta Starblues utzi, Potrotaino taldean jarraitzen nuen. Diskoa atera genuen, kantak eginda zeuden…
Musika estilo ezberdinetan aritu zara.
Naftena-n punk, Ziklick-en bertsioak… 2012an, The Clash taldeko Joe Strumer-en heriotzaren 10. urteurrena zela eta, Cabbage City Rockers taldea ere sortu genuen. Hasiera batean kontzertu bakarra emateko, baina eskuetatik joan zitzaigun eta kontzertu dezente eman genituen elkarrekin. Tartean Andaluziako biratxo bat ere.
Eta gaur egun zertan ari zara?
2021ean instrumentuak utzi egin nituen, pandemia garaian. Orain hasi naiz berriro ere zerbait hartzen, ilobari klaseak ematen ari naiz. Harra pixka bat sartzen ari zait.
Zergatik utzi zenuen?
Ez dakit, joan egin zait gogoa. Ez dago arrazoi bat.
Pandemia garaian musika garrantzitsua izan zen, bada.
Nahiko arraroa naiz. Askotan A egin behar denean B-ra joaten naiz. Gogoa joan zait. Nik beti esaten dut: bizitzako etapa guztiak asko erre ditut. Parranda garaia, musikari garaian ere talde asko, kontzertu asko eman ditut… Etapa guztiak asko erretzekoa naiz. Nagoen etapa bakoitzean dena ematen dut, eta ulertzen dut, etapa bakoitzean egin behar dena egin behar dela. Ez nintzateke atzera bueltatuko. Egin dut eta kito. Etorkizunerako ilusio handia daukat.
Antolatzeari ez diozu utzi. Ordiziako Trobadore Alaiak, Ordiziarrock-eko parte zara.
1999an Ordiziako Trobadore Alaiak elkartea sortu zen, Goierriko musikariak elkartu, musikarientzat azpiegiturak lortzeko. Elkartearen lehenengo ekitaldi ofizialean Naftena taldearekin parte hartu genuen, Adierazteko Gogoak izeneko CD-a atera genuen Goierriko hamasei musika taldek. Musika taldeentzat lokalak lortzea izan zen beste helburu bat. Musika taldeen beharrik handienak, beti, entsegu lokalak izan dira. Toki guztietan izan da borroka hori. Talde bat daukazu, baina non entseatzen duzu, non sortzen duzu? Azpiegitura berezi bat behar duzu proiektu hori aurrera eramateko.
Ordizian musika lokalak lortu zenituzten Majorin 2013an.
Ordiziako Trobadore Alaiak-etik sortu zen borroka. 2010ean eutsi genion lokalen borrokari. Lokalak lortu ziren, gauza asko sortu dira, baina elkarlana faltan botatzen dut. Lokalak ez dira zerutik etorri. Borroka handia egon da, eta nik uste dut jendea ez dela kontziente aurretik ze lan egin den. Orain herri gehiagotan daude lokalak, baina lehen ez.
Ordiziarrock ere hor dago. Urte guztiko eskaintza du, eta gaur eta bihar, jaialdi nagusia izango da.
2003an sortu zen Ordiziarrock. Hor ez nengoen ni. 2007an sartu nintzen, Ziklick taldearekin jotzen nuen urte hartan. Antolakuntzan orduan hasi nintzen eta gaur arte. Hor jarraitzen dut. Ilusio ikaragarriak dauzkat. Lan asko da baina. 2013 urtera arte jaialdi bat bakarrik egiten zen urtean. Ondoren hasi ginen gauza gehiago egiten. D’Elikatuzeko kontzertutxoak, eta elkarlanak. Musika munduan gure tokia egiten joan ginen eta elkarlanak egiten genituen. Emaneurrerekin, Gure Esku Dago… Ekitaldi asko sortu ditugu. Kontzertuetatik hasi, Emaneurrek antolatutako Goierriko Zazpi Orduak, Lazkaoko Flash Mob-a…
«Pertsona eta gustu guztientzako zuzeneko musika eta kultur ekitaldiak antolatzea da Ordiziarrock Ekintzak lantaldearen iparra. Norabide horretan, esperimentazioa dugu lagun». Horrela deskribatzen duzue Ordiziarrock. Pertsona gorretara ere iritsi zarete, adibidez.
2010ean betiko jendeak utzi egin zuen antolakuntza, baina ni jarraitzeko gogoarekin nengoen. Jon Lekuonari deitu nion eta jarraitzea erabaki genuen. Urte hartan nola-hala egin genuen jaialdia eta hurrengo urtean pentsatzen jarri ginen, ea gizarteko zein pertsonetara ezin gintezkeen iritsi. Ordurako Jazza sartzen genuen, blues-a, punk-a, rock-a… Orduan gorreria zuten pertsonengana ez ginela iristen ikusi genuen. Hori izan zen puntu bat, inklusioa ere sartzen hasi ginela. Harrezkeroztik ekitaldi batzuetan bukle magnetikoa jartzen dugu gorreria duten pertsonentzat.
2018an Aftersun jaia sortu genuen. Eguzki indarrarekin kontzertu bat aurrera eramateko. Barra ere eguzki indarrarekin antolatu genuen. Uste dut urte hartan eman zigutela Hiri Hezitzailearen aitortza.
Ekirock-ekin zenbat kilometro egin dituzue?
Asko! Bateria aldatzen ari gara. Azkeneko Aftersun festan erreleboa eskatzen hasi zen. Pandemian sortu genuen.
Pandemian musika utzi zenuen, baina ez zinen geldirik egon.
Ez, Ordiziarrock ez da gelditu. Era batera edo bestera gauzak sortu ditugu. Etxetik atera ezin zenean irrati-instalazio antzeko bat sortu genuen eta musika jartzen genuen. Eta kontzertuak egiten hasi zitekeenean sistema digital bereziak sortu genituen. Bakoitza bere mahaian eserita, QR kodearen bitartez… Eskuetarako gela… Erotu egin ginen.
Pandemia gogorra izan zen, baina niretzat sorkuntza mailan izugarria izan zen. Erronkak asko gustatzen zaizkit, eta esango nuke hazi egiten naizela gainera.
Gogoratzen zara zein kontzertu ikusi zenuen lehendabizikoz? Zein kontzertuk edo taldek markatu zintuen?
Ez dut oroitzen zein izan zen lehen kontzertua, eta ez nago ziur zein izan den markatu nauen kontzertua. Urte asko dira kontzertua jotzen ari den taldeaz gain, atzetik dagoen guztiak liluratu egiten nauela eta detaileek kontzertuak aldatzen dituztela. Argiak, soinu ekipoa, eszenatokia… Beraz, esan dezaket duela urte dezente Beasaingo txosnetan ikusi nuen Ekon taldearen kontzertuak flipatuta utzi ninduela. Zuzeneko brutala zuten, argi, su eta eszenatokia dinamizatzeko zuten abileziarekin, gitarra, lau ahots, sampler-ak… Musika kontzertuaren atzean zegoenaz flipatu nuen.
Orain ere, kontzertu handiak ikusten ditudanean flipatu egiten ditut. Askotan, kontzertua bera baino, eszenatokia nola dagoen, bafleak non dauden jarrita, ze argi dauden… horretan jartzen dut arreta. Beti gustatu izan zait.
Inoiz pentsatu duzu zaletasuna ogibide egitea?
Niri soinua, argiak… gustatu izan zaizkit beti baina inoiz ez dut ikasi. Horretan ere lan egin dut hobby bezala. Oso erromantikoa dirudien lan hori, ez da hain erromantikoa. Zuzenekoez ari naiz. Barrutik ikusten duzu ze mundu den, eta mundu gogorra da. Ordu txikiak, pisu handiak, lanordu luzeak… Urte gutxian aritu nintzen horretan. Ogibide bezala gogorra iruditzen zait. Hura ere probatu nuen eta orain kontzertu batean ikusten dudanean jendea muntatu eta desmuntatzen… Jendeak ez du ikusten horren atzean zer dagoen.
Zein da antolakuntzarako dohain garrantzitsuena?
Gauzak egiteko garaian, hiru gauza behar dira: ilusioa, jarrera eta puntualtasuna. Puntualtasuna oso garrantzitsua da.
Atzo hasi eta bihar arte, Ordiziarrock izango da Ordizian. Nola dator?
Ondo. Hasieran era bateko jaialdia planteatzen duzu, baina gero askotan ez da posible izaten. Taldeek ezin dutelako, edo aurrekontua ez delako iristen… Baina nik uste dut tonto-tonto jaialdi polita atera zaigula.
21. Ordiziarrock-a. Batzuk desagertu egin dira eta berriak sortzen ari dira.
Jaialdi bat egitea zaila da, baina are eta zailagoa da mantentzea. 21. urteurrena izango da. Oraingoz, jarraitzeko asmoarekin gaude. Goierrin gure arteko komunikazioa asko zaindu beharra dago, elkar ez zapaltzeko. Faltan botatzen dut informazio trukaketa, gauza politak egin daitezke eta. Denok batera programa polita sortu daiteke. Denontzako tokia dago.
Musikarik gabeko bizitza irudikatzen duzu?
Izan daiteke, baina musika azkenean denerako erabiltzen dugu. Tabernak zergatik dauka musika? Ekitaldiek beti behar izaten dute girotzeko musika bat…
Herriko saltseroa zarela esanez laburbildu daiteke elkarrizketa.
Bai, gustatzen zait. Batzuk bizikletan ibiltzera joaten dira eta beste batzuok horrelako gauzak egiten ditugu. ■
Egun batez Berri Txarrak taldeko parte
Etxean, koadro batean zintzilikatuta duen argazkia aukeratu du Urko Ruiz de Apodakak Argazki Kuttunaren atalerako. Berri Txarrak taldeko kideekin ageri da argazkian, 2019an. Egun batez, Berri Txarrak taldeko parte izan zela esateko «ohorea» dauka ordiziarrak.
«Lanean nengoela Berri Txarrak lantaldean lanean ari zen lagun batek hots egin zidan. Arazo bat sortu zitzaiela eta lan bat egiteko norbait behar zutela, esan zidan». Logistika arazoa zuten: «’Bordelen kontzertu bat daukagu, Ordiziatik Bilbora joan, nire kotxea hartu, kotxearekin Berri Txarrak-ek Basaurin zeukan lokalera joan, lona berezi batzuk hartu, eta Bordelera eraman. Baina bihar’, esan zidan. Jende askok esango luke, ‘a ze putakeria!’. Baina niretzat nire abentura zen».
Alaba zaharrena oso txikia zen oraindik eta emaztea haurdun zegoen. «Emazteari deitu nion eta lagunduko zidan galdetu nion. Alaba amonarekin utzi eta han joan nintzen Ordiziarrock-eko prentsa arduradunarekin Bilbora. Basaurin lonak hartu eta Ordizian emaztea hartu eta biok Bordelera abiatu ginen. Hori dena 24 orduan izan zen».
Bordelera eraman, muntatzen lagundu… «Antolakuntzan eta guri gustatzen zaigunean aritu ginen. Ez genuen kontzerturik jo, kontzertua ikusi genuen, baina atzeko lan horretan egotea ikaragarria izan zen guretzat. Zoragarria izan zen, aukera bat. Lantaldeko parte izan ginen». ■