Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Euskal kulturgileen egoera: idazleena, musikariena… ez da samurra. Jende askok uste izaten du, musika egiten dutenei, liburuak idazten dituztenei, jo krixkitiña, krixk!, eta berez, ahaleginik egin gabe, natural-natural ateratzen zaiela musikariei musika eta idazleei eleberria/poesia…; alegia, jaiotzez dutela ahalmena. Beraz, erraz eta gozatuz sortzen dutenez, ez dutela ordainik behar.
Hala pentsatzen ez badugu ere, saio duinak, baldintza onetan antolatzea, merezi duten ordaina ematea, ez da erraza kulturgile pobreontzat. Maitasun guztiarekin, hori bai, baina beti miserian ibiltzea gogorra da oso. Nahi eta ezina bizi dugu.
Bestalde, azken urte hauetan musika-taldeek darabilten jolasa/jokoa ez dugu ondo ulertzen: hainbat urtetan plazaz plaza ibili ondoren, zikloa itxi eta uztea erabaki dutela, azken kontzertua halako egun eta lekutan emango dutela zabaltzen dute lau haizetara. Jarraitzaile sutsu eta fin izan dituzten zaleak, kirioak airean dituztela jartzen dira, “azkena” entzun beharra sentitzen dute, bertan egon nahi dute, ez dute galdu nahi. “Eguzkia nora, zapiak hara” esaerak dioena betez, urtetan fin baino finago ibili Euskal Herrian herriz herri, festaz festa, kontzertuz kontzertu, hara eta hona eta, azken saioa ez dute huts egin nahi izaten. Zer gertatzen da, ordea? Bada, azkena izan behar lukeen saiorako sarrera lortu eta hona non jakiten duten, joango diren azkena usteko kontzertua ez dela azkena izango, sarrerak berehala saldu eta beste bat antolatu dutelako. Azken kartutxoa izan behar zuena, su-ziri sorta bihurtua. Beste talde batzuek, berriz, urtebeteko epean desagertuko direla esan eta urte guztian hainbat kontzertu antolatzen dituzte, su artifizialak, traka handi, hotsandi eta koloretsua.
Kontxo! Jokaera serioa al da? ■