Joxe Begiristain • Irakurzalea
Ezer esan aurretik aitortu beharra dut, Ataungo Otso Irakurleak taldean liburu hau irakurtzea erabaki genuenean pentsatu nuena: lehen ez daukagu nahikoa ETBko artzainarekin egunero-egunero, eta orain, berriz, beste artzain baten egunerokoa…
Ba, Josebe Blanco Alvarezen Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren irakurketa gomendatzera nator. Eta ez da, orain, ardien zaintzaz (zentzurik zabalenean, alegia, zer jaten duten, nola sendatu gaixotzen direnean, jetzi, gazta egin…) lehenaz gain dakidanak artzaintza mirestera eraman nauenik, ez; baizik eta, Josebe artzainaren idazteko dohainak harrapatu nau.
Berez, erraza da planteamendua: eguneroko bat idatzi du; zeinek ez du egin edo/eta egiten hori noizbait, ezta? Kontua da, ordea, urtebeteko epealdian, ardiak jaiotzen direnetik hiltzen diren/dituzten arteko bizitzaren xehetasunak jakinarazteaz gain, idazlea bere bizimoduaren inguruko hausnarrean ari zaigula uneoro, baserri-munduaren eta kaleko bizimoduaren jakitun, lehenengoaren duintasuna aldarrikatzen etengabe.
Bere oraingo lanbideari zentzua aurkituz, artzain daramatzan 10 bat urte baino lehen irakaslea izan zen jatorri galiziarreko emakume euskaldun honek ekologiaren zaintzaren ezinbestekotasuna defendatzen du. Baserri-mundua baztertuz, berau folklorerako baizik aitortu ez, eta bestelako ‘ekologia’ proiektuak bultzatzen dituztenekin mesfidati.
Gauza zehatz horiez gain, ordea, idazteko duen trebeziaz baliatuz, bizitzaren oinarrizko gogoetetara bultzatzen du irakurlea: ondo jatearen garrantziaz, elkarbizitzaren nolakoaz, maitasunaz… Eta literaturaren arteaz lortzen du hori, noski. ■