Seguran berriki Joseba Intxausti euskalariari egin dioten omenaldian, Zurbano kaleari haren izena jartzeko ekimena aurkeztu dute bi elkartek. Esteban Zurbano eta Monzon politikari eta jauntxoaren (Segura, 1820–1890) izena dauka, gaur egun, Segurako alde zaharreko hiruretatik erdikoa, 1890ean erabakita. Zenbaiten ustez, Zurbanok ez du halako gorespenik merezi, artxiboetako ikerketetan hari egozten zaizkion zenbait ‘meritu’ gezurtatu ondoren, eta «historia beltz baten» protagonista izan zelako.
Erraztiolatza Museoko Rafa Berasategik egin du Zurbanoren soslaia, zenbait datu historiko eta testigantza josita. Zurbano leinuko azken aurreko jauntxoa zen gaur egungo kale-izenaren jabea. Haren aita, Ramon Zurbano, Segurako lurjabe, etxe jabe eta agintaria izan zen. 1776ko matxinadaren helburu izan zen, gariaren espekulazioarekin prezioak igoarazi eta gosea zabaldu zenean. Kanpotik etorritako hainbat herritar xumek, Zurbanoren etxeko atea bota nahi izan zuten, aizkorakadaka, Arrabiolako burdinolan gordeta eta armatutako menpekoek zainduta zeukan gari biltegia hartu ezin izan zutenean. Erraztiolatza Museoan dago orain ate hori, eta udaletxeko ateak ere baditu orduko markak.
Esteban Zurbano Gipuzkoako diputatu nagusi izan zen, sei urtetan, eta Madrilgo Gorteetan diputatu. Bere jabetzako baserrietan maizter zeuden familiak arrazoi handirik gabe kanporatu zituen, beste batzuk sartzeko. Segurako alkate ere izan zen, eta bertako artxibo historikoko zenbait funts bereganatu zituen: udaletxetik hartu, bere etxera eraman, eta haren oinordeko Luis semea hil zenean Loiolako santutegira eraman zituzten, anaia jesuita baten bidez. Han dago gaur egun Segurako artxiboaren zati bat.
Besteren lanak bereganatu
Segurako ahozko tradizio herrikoian, edateko ura Zurbanok ekarri zuela kontatu izan da. Berasategik dioenez, ez da hala: 1806an, Luis Astigarraga alkateak ekarri zituen urak Maine eta Unamendi ingurutik komentuko parkearen azpian dagoen depositura. Beheko Plaza Zaharrean aska bat, Gebarako Parkea denean iturri bat, eta plazatik Osinarako bidean ganaduarentzat aska handi bat jarri zituzten orduan.
Frantsestearen garaian, interes espainiarren alde lerratu zen Zurbano, Segurako beste jauntxo gehienek frantsesen aldaketa-aireak begi onez onartu zituzten bitartean eta 1809an Urruñan (Lapurdi) erbesteratu behar izan zutenean, frantsesak kanporatutakoan. Herriko boterearen monopolioa geratu zitzaion hala.
Zenbait garaikidek transmititu zutenez, Zurbanoren jauntxokeria arlo pertsonalera eta batik bat emakumezalekeriara ere hedatzen zen. Sifilia harrapatu eta gorriak ikusi zituen azken urteetan, eta ordukoek ziotenez «Jaungoikoak zigortuta eraman zuen, izan zuen bizimoduagatik». Erdi Aroko derecho de pernada delakoa praktikatzen zuela esaten zen.
«Gezurra, inposaketa eta traizioa» erabiltzeaz gain, herriarentzat ez zuela ezer egin eta ondare guztia Seguratik kanpora eraman eta banatu zutela Zurbanotarrek ziurtatu du Berasategik. Hala, Segurako kaleak Zurbanoren izena ez duela merezi dio, «eta gutxiago Esteban Zurbanoren izena, horrek Seguran egin zuenagatik» . ■