Fototranpeoa deritzon irudigintzaren bidez, Aztiriko Aizaleku mendian 2021etik basapiztiak grabatu ditu Ioritz Deba Aranburuk (Aztiria, Gabiria, 1997). Ikusten zailak direnak ere ‘harrapatu’ ditu. Euren habitatean eta modu naturalean bizi diren animaliak grabatzeko zaletasuna du Debak. Katajinetak eta lepahoriak ere erregistratu ditu. Basoko Animaliak kanala zabaldu du Youtuben, biltegi eta erakustoki.
Zer da fototranpeoa?
Animalia kuriosoak eta espero ez dituzunak grabatzeko balio du. Mendian orkatzak ikustea erraza da, baina katajineta bat ez; arbola gainean egoten dira, eta pertsona sumatuz gero gora ihes egiten dute. Gauetan lasaiago ibiltzen dira, eta orduan hartzen ditu irudiak.
Zer sistema dauka?
Fototranpeoko kamerak gehien bat ehizarako erabiltzen dira. Uhal batekin zuhaitzera lotzen da. Argi infragorriak ditu, gauean grabatzeko. Bost-bat metroko eremua harrapatzen du. Sentsoreak mugimendua atzematen duenean aktibatzen da. Sentsibilitatea alda dakioke; askotan, haizeak sasia edo garoa mugitzen du, piztu egiten da, eta 300 bideotik 290etan ez dago ezer.
Non jarri, nola erabakitzen duzu?
Aurrez zehaztu behar da non jarri, pasabidea edo aztarnak ikusitako lekuetan. Baso itxiak zelai zabalak baino hobeak dira, ezkutuagoan ibiltzea gustatzen zaielako animaliei. Denborarekin ikasten duzu zein diren toki egokiak. Kameraren norabidea asmatzen da zailena, zer pare grabatu zehaztea. Txakurrarekin joaten naiz, eta hura kokatzen dut kamera ondo bideratzeko.
Eta non grabatu izan dituzu basapiztiak?
Aizaleku mendian leku askotan. Etxe inguruan ere bai, eta espero ez diren animaliak ibiltzen direla ikusi dut: azeria, ia gauero. Lehenago oiloak eramaten zizkigun. Mendian behorrak dauzkagu, eta haiek ikustera joandakoan kamera ere errebisatzen dut. Astean behin edo, ikusi, etxera ekarri, eta balioko bideoak deskargatzen ditut.
Zer animalia erregistratu dituzu?
Orkatzak, basurdeak, azeriak, katajinetak, erbiak, zozoak, katagorriak ugari, lepahoriak… Bideo kurioso bat banuen, oilagorrarena, hosto artean jaten. Ez da erraza oilagorra aurkitzen. Bideo hori galdu egin nuen, ordea, eta horregatik bideoen bilduma bat egitea erabaki nuen, nonbait edukitzeko. Youtuben Basoko Animaliak kanala ireki dut.
Katajinetak ere badabiltza, beraz?
Bai. Bideo bakarra daukat, nahiko arraroa delako. Ez dira askotan ikusten, egunez oso nekez. Lepahoriak ere ikusten dira; baserrietan sarraskiak eragiten dituzte, eta katagorriak ere harrapatzen dituzte jateko.
Ohitura berezirik badaukate?
Mugimendu gehienak gauez izaten dira. Kamera jartzen duzun lekuan garbi ikusten da: animalia bakoitzak bere bidea segitzen du, bata bestearen desberdina, eta beti berdin. Garaiaren arabera, adarra botatzen ikusten dituzu orkatza, arra eta emea batera dabiltzala, edo umeekin…
Nolatan hasi zinen animalia basatiak iruditan hartzen?
Kuadrillako lagun batek, Xabi Elortza idiazabaldarrak, kamera berdina erosi zuen, eta bere sail batean azkonarrak grabatzen hasi zen. Tentazio horrekin nenbilen ni, beti galdetzen nion zer ikusi edo harrapatu zuen; bideoak bidaltzen zizkidan, eta 2020ko irailean, urteetarako Miren arrebak oparitu zidan Apeman H55 kamera bat. Lehengo hilean puskatu zitzaidan. Beste bi enkargatuta dauzkat.
Zer helbururekin aritzen zara?
Ni ez naiz ehiztaria. Grabatze hutsagatik aritzen naiz, jakin nahiagatik. Hain gertu daukagu mendia, baina bideo hauek ikusi arte ez nuen pentsatzen animalia hauek hor zeudenik. Nire asmoa, zabaltzea baino gehiago, jasotzea da, zer dagoen jakiteko; eta grabatzen gozatzea. Kamerak, gainera, eguraldia, haizerik zebilen ala ez, data eta ordua markatzen ditu.
Interneten dauzkazu emaitzak.
Bi bideo egin ditut. Aurrerantzean, kalitate gehiagorekin grabatu nahiko nuke. Wi-fi bidez sakelako telefonora deskarga ditzakezu zuzenean. Interneten, arlo honetako taldeak ere badaude, eta sare sozialetan jarraitzen ditut. Kameren ezaugarriak, leku bakoitzeko animalien bereizgarriak… aipatzen ditugu.
Kamera bereziak dira, ezta?
Kontrazeinu bat dauka. Grabazio denbora konfigura dezakezu, baita argazkiak, bideoak edo biak atera nahi dituzun ere. SD txartel bat dauka, eta 30 segundoko 300 bat bideo sar daitezke 1.290eko bereizmenean. Pilak dauzka nireak, eta bizpahiru hilabete irauten du. Badaude eguzki-plaka txiki bat daukatenak ere, zortzi hilabeteko autonomiarekin.
Aditzera baduzun baina iruditan hartu gabeko zein aurkitu nahi duzu?
Azkonarra, adibidez, ez dut grabatu. Badaude, ikusi izan ditugu eta. Katajinetak ere hobeto grabatu nahi ditut. Lepahoria txikiagoa da, katagorriaren kolore antzekoa, eta marra horiekin. Katajinetak marra gris-beltzak ditu, eta handiagoak dira.
Kalteak eragiten dituztela esan duzu.
Amamak lehen ogia egiten zuen txabolan, etxe ondoan, oilaskoak gizentzen jarri genituen. Egun batean, hiltzeko moduan zeuden hamabost oilasko akabatuta aurkitu genituen, lepoa moztuta eta odola xurgatuta. Azeriaren lana ez zen, itxita zegoelako txabola. Teilatu azpiko zirrikitu txiki batetik sartu ziren. Astean zehar bi lepahori ikusi genituen, bizkor batean irteten; horiek izango ziren. Katajinetak zuzenean ikusi gabe dauzkat, baina handiagoak dira. Etxe inguruan, ia gauero azeria grabatuta nago.
Horrelako piztiak gustura ikusten ditut, baina mendian. Etxe inguruan ez ditut nahi. Animalista naiz, baina baserrikoak bakean utzita. Oiloekin afizio handia daukat, eta badakit zer kalte egiten duten.
Eszena berezirik grabatu al duzu?
Putreak orkatza jaten. Gaixorik eta hilzorian zegoen. Putre mordoa inguratu ziren, baita arrano zuri arraro bat ere. Azeria ere bai. Hala ere, beleek beste denek baino gehiago agintzen zuten. Basurdeak kamera ingurura erakartzeko, mejiloiak eskabetxean amu ona da, eskabetxearena beren zelo garaiko usainaren antzekoa omen da eta. Baina nik nahiago ditut natural harrapatu, artifizial geratzen baita bestela: jatera etortzen dira, eta joan.
Ugariena zer topatu duzu?
Orkatza, asko dago eta ikusten errazenak horiek dira. Basurdea ere bai, baina zailagoak dira harrapatzen. Zazpiko talde bat ere hartu nuen behin. Katagorria ere sarri grabatu dut, garai batzuetan.
Basoa zenbat eta itxiagoa izan, orduan eta animalia gehiago ibiltzen da; euren burua babesten eta ezkutatzen dute.
Grabatzeko leku horietara joan behar?
Baso itxian bideo hobeak izaten dira; erreka aldean, ura dagoen tokietan, udazkenean hosto artean… piztia gehiago ibiltzen dira. Leku berriak aurkitzen ari naiz, urratsei segika batzuetan. Guri aitak beti erakutsi digu hanka-markak bereizten. ■