Iraia Saez de Egilaz Arrondo (Segura, 2002) Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzan Gradu Bikoitza egiten ari da Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta uztaila amaieraz geroztik Txilen dago, Temuko eskualdean, Erasmus programarekin. Bertan, Euskal Herria ezagutarazi nahi izan du ikaskideen artean egin duten azokan.
Nolakoa ari da izaten Erasmus programaren esperientzia? Hemengo zure bizitzatik gauza asko aldatu dira?
Esperientzia aberasgarria izaten ari da. Norbanako gisa hazten ari naizela bertan sentitzen dut eta amets batean nago oraintxe bertan egia esan. Sekulako esperientzia izaten ari da eta ez dut asimilatu oraindik bertan nagoenik eta horren ondo sentitzen naizenik. Izaera aldatu dudala eta guzti esango nuke, izan ere, nahiko pertsona lotsatia izan naiz beti baina honek harremantzerako orduan oztopoak ekarriko zizkidalakoan nengoen hona iritsitakoan eta irekiagoa izaten saiatu nintzen. Beraz, hemen hori ikasi dudala esango nuke, hau da, asko zabaldu naizela.
Azoka bat egin duzue Erasmuseko ikasleek bakoitzaren herrialdea aurkeztuz. Nola izan da hau?
Aste internazionala egin dugu eta bertan, ikasle bakoitzak bere herrialdearen inguruko stand bat jarri dugu. Ni hasieran espainiarrekin sartu ninduten, baina Kataluiniako zein Andaluziako lagun batekin batera, ez ginela identifikatuak sentitzen honekin esan, eta stand horretan bertan gure herrialdearen nondik norakoen berri emateko aukera eman ziguten. Beraz, stand hau bi zatitan banatu genuen, batean Espainiar Estatuaren errepresentazioa eta bestean Euskal Herria, Katalunia eta Andaluzia. Kultura, kirola, mitologia, nazio izaera, ikurrak, hizkuntza eta abar mahai gaineratu nituen bertan ikur zein objektu desberdinak erabiliz. Stand-ean ikurrina bat, euskal selekzioaren kamiseta eta 7 lurraldeak irudikatzen dituen pegatina bat jarri nituen, ez baineukan baliabide askoz gehiagorik. Horrez gain, ikurrina txikiak ere egin genituen, bertan zintzilikatzeko, baina balio gehien hartzen zuena bakoitzaren azalpena zen stand guztietan. Txilen esaten diren gaztelaniazko hitzak euskarara itzulita jarri genituen baita ere, hizkuntza ezagutzera emateko.
Nolako harrera izan zuen stand-ak?
Egia esan oso harrera ona izan zuen. Jende dezente gerturatu zen bertara eta gainera, interes handiarekin. Stand-a bitan banatuta egoteak ere interesa piztu zion jendeari eta galdera ugari egitera etorri ziren. Bertako historia, mitologia, kultura eta abarren inguruan galdetzen zuten batez ere eta stand berean horrenbeste herrialde egotearen zergatia, noski. Azalpenetan murgildu orduko ulertzen zuten zein den Euskal Herriaren afera eta honek interes handiagoa erakustera eraman zituen asko eta asko. Pozik nago izan duen harrerarekin.
Zer da esperientzia honetatik gehien gustatzen ari zaizuna eta zer gutxien?
Gehien gustatzen ari zaidana jendearen izaera da, izan ere, lagunkoiak dira orokorrean eta adeitasunez eta eskuzabaltasunez tratatu naute beti. Bestalde, kulturalki oso herrialde aberasgarria iruditzen zait. Txiletarren kultura asko ezagutu dut, bertako hizkera ere ezagutu eta barneratzen ari naiz eta oso pozik nago. Gutxien gustatzen zaidana maite ditudanengandik urrun egotea da, etxetik horren urrun joaten garen guztioi gertatuko zaigu maiz hau agian, baina okerrena horixe, bestela, amets batean nagoela sentitzen dut.■