Ospitalea eskualdeko biztanleen aspaldiko ametsa zen eta gogor borrokatu ziren bere alde. Eskualdeko hainbat guraso-elkartek bultzatuta, 1976ko otsailaren 29an 30.000 pertsona inguruk manifestazioa egin zuten Ordizia eta Beasain artean, Goierrin ospitale bat irekitzea eskatzeko. 1980ko apirilaren 29an hasi ziren ospitalea eraikiko zen tokian lanak egiten. Eraikinaren inaugurazioa hainbat aldiz atzeratu zen, baina azkenik, 1984ko ekainaren 26an irekiera ekitaldia egin zen.
1984ko ekainean, ireki zenean, ospitaleak Larrialdietako, Erradiologiako eta Laborategiko zerbitzuak zituen. Urte bereko azaroan, Ebakuntza, Barne Medikuntza eta Traumatologia zerbitzuak ireki ziren (lehen ebakuntza 1985eko urtarrilaren 3an egin zen).
1985eko otsailean, Kirurgia, Ginekologia, Pediatria, Haur-ama eremua, Kanpo Kontsultak, Farmazia eta Anatomia Patologikoa eremuak eta gimnasioa, garbitegia eta sukaldea ireki ziren. 1985eko azaroaren 19an egin zen lehen erditze ofiziala Zumarragako ospitalean.
Lehenengo urtean ospitaleak 250 profesional inguru izan zituen, baina langile kopurua handituz joan zen herritarren beharrei erantzuteko.
2011. urtean, Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratua sortu zen, lehen mailako arretako eta ospitaleko asistentzia mailak integratzeko, eta horrela, baliabideen eraginkortasuna eta asistentzia mailen arteko koordinazioa hobetzeko.
Goierri-Urola Garaiko ESIa, Zumarragako Ospitaleak eta Legazpi, Zumarraga, Azkoitia, Azpeitia, Lazkao, Ordizia eta Beasaingo Lehen Mailako Atentzioko Unitateek osatzen dute.
2012. urtean, Goierri-Urola Garaiko ESIak ginekologia eremu berria estreinatu zuen, eraikin nagusiaren ondoko eraikin batean. Lau erditze gela eta dilatazio bainuontzi bat ditu, eta eraikin berrian kanpo kontsultak ere egin ziren, zabalagoak, bost boxekin eta beste horrenbeste kontsultekin.
2014. urtearen amaieran, erresonantzia magnetikoko ekipo berri bat estreinatu zen eremu horretan ere eta Goierri-Urola Garaiko ESIa irudi bidezko diagnostikoaren abangoardian jarri zen. Osakidetzak Osateken bidez kudeatutako ekipo berri horri esker, eta horren eremu intentsitate handiari esker, kalitate handiagoko irudiak lortu eta atzerapenak murriztu ahal izan ziren.
Goizalde
2015eko uztailean, Goizalde inauguratu zen, kanpo kontsulten eraikin berria: zabala, funtzionala eta modernoa, kalitatezko arreta eskaintzeko eta inguruko pazienteen laguntza beharrei modu eraginkorrean erantzuteko bidea eskaini zuen bailaran. Azken urteetan, Ordizian osasun zentro berri bat eraiki da eta Zumarragako ospitaleko Larrialdi zerbitzua zabaldu da. Laster Lazkaoko Osasun Zentroa handituko da.
Bestalde, egungo behar asistentzialak bultzatuta, Zumarragako ospitalearen aurrealdean eraikin berri bat eraikiko da. Eraikin horrek bloke kirurgiko berri bat eta horri lotutako zerbitzuak hartuko ditu. Baita sarbide nagusi berri bat ere, horri lotutako espazio ezberdinekin. Proiektu hori dagoeneko onartuta dago, eta laster ekingo diete eraikuntza lanei.
Egindako 40 urte hauek ospatzeko, eta Goierri-Urola Garaiko ESIko profesionalei omenaldi bat egiteko asmoz, argazki erakusketa txiki bat antolatu dute. Erakusketa horrek 40 urte hauetan egindako ibilbidea islatzen du. Argazkiak ospitaleko Erradiologiako pasiloan eta sarrera nagusiko pantailan ikus daitezke.
Beasainen ala Zumarragan?
Eskualdeko ospitalea Zumarragan dago, baina Beasainen egon zitekeen. Izan ere, bi herriek ospitalea bereganatzeko borrokatu zuten. Jose Luis Ruizek borroka hura barrutik bizi izan zuen. Izan ere, Zumarragako alkatea izan zen 1979 eta 1983 bitartean. Legealdi hartan erabaki zen, hain zuzen ere, ospitalea Zumarragan egitea.
Ruizek Goierri garaiko gainontzeko herriek eta Zumarragako udalbatzako zinegotzi guztiek helburu horren alde bat egin zutela gogoratzen du eta Juan Mari Garitano alkate ohiaren lan ona goraipatu du.
Ospitalea Zumarragan egingo zela konfirmatzea legealdi hartako albiste pozgarriena izan zela dio. «Gauza pozgarriagorik ez zen izan. Izan ere, lan handia egin genuen hori lortzeko. Dena den, gu hasi ginenerako beste batzuek pauso batzuk eman zituztela esan behar da».
Juanito Garitanok eta Juanito Arbizu urretxuarrak eman zituzten lehen pausoak, beste batzuekin batera. «Garitanok sekulako laguntza eskaini zidan. 1979ko hauteskundeen aurreko batzorde kudeatzaileko presidentea izan zen, Madrilen jende asko ezagutzen zuen eta berarekin joaten nintzen. Bilera berezietara, berriz, alderdi guztietako ordezkariak joaten ginen», gogoratu du Zumarragako alkate ohiak.
Gogor lan egin zuten. «Inguru honetan egin behar zen eta Zumarragak lursail hori aukeratu zuen, aspaldi desjabetu zutelako etxebizitzak egiteko. Ospitalea Espainiako estatuak egin behar zuen eta terrenoa berea zenez, tokirik onena hori zela pentsatu genuen».
Zein herritan egin, berriz, hemen bertan erabaki behar zen. «Eusko Jaurlaritza oraindik ez zegoen martxan: Consejo General Vasco delakoa zegoen. Behar ziren ate guztiak jo genituen: gure partidukoenak eta besteenak. Zenbat bidaia egin ote genituen! Izan ere, Beasain ere ospitalearen atzetik zebilen», aipatu du Ruizek.
Prozesu gogorra izan zen, baina Goierri garaiko herrien eta alderdien batasuna funtsezkoa izan zen. «Zumarragako 17 zinegotziok bat egin genuen eta Urretxu eta Legazpi ere gurekin zeuden. Guztiok oso argi genuen ospitalea Zumarragara ekarri behar zela. Hori eskertu beharra dut».
Ospitaleak 20 minutura
Eskualdeetan ospitaleak egitea aurrerapauso handia izan zela dio. «Ordura arte jendeak goizeko seietako trena hartu behar izaten zuen Tolosara edo Donostiara joateko eta analisiak egiteko. Ia edozein gauza egiteko bertara joan behar zen. Europan bezala, ospitaleak asko jota 20 minutura egon behar zirela erabaki zen eta Zumarragakoa izan zen egin zen lehena. Ondoren, Irunekoa, Mendarokoa… egin ziren», azaldu du.
Lanak fruituak eman zituen. «Gainean egon ginen, joan-etorri asko egin genituen… Beasaingoek Zumarragara etortzeko Eitzaga igo behar zela eta neguan arazoak egon zitezkeela esaten zuten. Bakoitzak norbere herrian egin nahi izatea normala da, lanpostu asko ere jokoan baitzeuden. Egun ospitalea Zumarragako enpresa handiena izango da, seguru aski». 40 urte eta gero, ospitalea oso ondo ikusten du. «Osasun kontuetarako kanpora joan behar ez izatea gauza handia da. Bestalde, sari asko jaso ditu. Lan handia egin genuen, baina merezi izan zuen».
Ospitaleko langilea
Mila Alberdi urretxuarrak ere primeran ezagutzen du ospitalea eta iritzi berekoa da. Alberdi erizaina da eta ireki eta gutxira hasi zen ospitalean lanean. Bertan lan egin zuen, duela bost urte erretiroa hartu zuen arte.
Alberdik erizaintza ikasketak egin zituen Donostian eta ondoren Beasaingo San Migel klinikan lan egin zuen. «1977an hasi nintzen eta 6-7 urte eman nituen bertan, itxi zen arte. Ospitale txikia zen. 30 ohe bakarrik zituen. Baina lan asko egiten genuen. Denetik egiten genuen. Larrialdi asko izaten ziren, ospitalea N-1 errepidearen ondoan baitzegoen».
Alberdik esan bezala, ospitale txikia zen eta eskualdeko bizilagunek eta udalek ospitale handiago bat nahi zuten. «Beasaingoek Beasainen egitea nahi zuten eta Zumarragakoek Zumarragan egitea. Azkenean Zumarragan egin zen. San Migel klinika pixka bat lehenago itxi zen, 1983an. Zumarragakoa askoz ere handiagoa izan behar zenez, San Migelek ez zuen tokirik. San Migel itxi zenean, bertako langileak langabezian gelditu ginen. San Migel klinika Zumarragako ospitalea ireki baino lehenago itxi zenez, Donostiako ospitalera joan nintzen lanera. Urte eta erdi inguru eman nuen bertan. Ondoren, Zumarragara etorri nintzen».
Zumarragako ospitalean eman ditu urte gehien. «Nire lekua izan da. Hasieran X izpietan aritu nintzen. Beasainen denetik egiten genuenez, prestatuta nengoen». Pediatrian eta ginekologian eman zuen bere lan ibilbidearen zatirik handiena. «Oso gustura aritu nintzen, nahiz eta gaixo dauden haurrekin lan egitea ez den erraza».
Giro ona
Lehen urteetan Zumarragako ospitalea egun baino askoz ere txikiagoa zen eta horri esker langile guztiek elkar ezagutzen zuten. «X izpietan, adibidez, oso gutxi ginen. Oso giro ona genuen. Gauetan bakar-bakarrik gelditzen ginen. Larrialdietara joaten nintzen eta han afariak-eta egiten ziren. Oso giro polita genuen. Egungo egoera oso ezberdina da. Bakoitzak bere tokia du. Garai batean denok elkar ezagutzen genuen eta gure arteko harremana askoz ere handiagoa zen. Egungoa beste mundu bat da. Duela bost urte jubilatu nintzen eta joaten naizenean ez dut ia inor ezagutzen. Orain jende gazte asko dago».
Aldaketak
Ospitaleaz gain, ofizioa ere asko aldatu da azken 40 urteotan. «Esan bezala, San Migelen hasi nintzenean denetik egiten genuen. Gauean erditzera zihoan emakume bat etortzen bazen, medikua, erizaina eta erizain laguntzailea bakarrik geunden bertan. Emaginak eta ginekologoak beraien etxean egiten zuten guardia. Hala, haurdun zegoen emakumeari guk begiratzen genion, guk jartzen genion monitorea… Ondoren, emaginari deitzen genion eta egoeraren berri ematen genion. Egun hori pentsaezina da. Garai hartakoak eta egungoak ez du zerikusirik. Gureak ez ziren lan asko hartzen genituen». Asko aurreratu da, hedaduraz, teknologian zein lan-moldeei dagokienez, eta ezinbesteko zerbitzu bilakatu da goierritarrentzat. «Ospitalea asko hazi da. Zerbitzu asko ireki dira, kontsulta asko, beste pabiloi bat egin da… Ez du inongo zerikusirik garai batekoarekin. Ez dakit zenbat langile dauden egun, baina hasi ginenean baino askoz ere gehiago dira».
Eskualdean halako ospitalea edukitzea «luxu handia» da Alberdiren hizetan. «Urretxuar eta zumarragarrentzat, batez ere, luxu handia da. Jende askok zorte handia dugula esaten dit. Ondo ez bazaude, autoa hartu eta berehala ospitalean zaude».
Gainera, ospitaleak zerbitzu «ona eta osoa» ematen duela uste du. «Eztabaida handia dago eta gauza asko ez dira ondo egongo, baina oso ondo dauden gauza asko ere badaude. Mareo bat baduzu, adibidez, joaten zara, begiratu egiten zaituzte, eskanerra, analitika, elektroa, azterketa ona… egiten dizute. Beste non egiten dizute hori guztia? Gauza batzuetarako Donostiara joan beharra dugu, baina kontuan izan behar da Zumarragakoa eskualdeko ospitalea dela. Ez da ospitale handi bat, baina zerbitzu asko ditu», amaitu du Alberdik. ■