Imanol G. Gurrutxaga • Zinema zuzendaria
Une batez irudikatu zure burua lasaitasun eta zoriontasun gune batean. Barruan edo kanpoan, baina leku erreal batean. Irudikatu, bat-batean, leku guztiak su hartu eta harrapatuta gelditzen zarela kanpora irteteko aukerarik gabe. Baina, urrunetik, pertsona bat gerturatuko zaizu laguntza eskainiz.
Hau izango da familia bateko partaideek euren bizitzak birplanteatzera eramango dituen jokoa. Bananduta dagoen bikote bat, semea, alaba eta bakoitzaren bikotekideak asteburu pasako plana egingo dute haurtzaroan uda guztiak igarotzen zituzten etxera. Ama, protagonista, etxea saltzeko asmotan dabil eta denen artean husteko planak egin dituzte. Etxe hori amaren izenean dago, eta berea da erabakia, baina denak ez daude horren ados erabaki horrekin.
Etxe bat saltzearen erabakia eta gordetzen dituen oroitzapenei agur esatea ez dira gai berriak zinema munduan. 2024an bertan estreinatu zen La casa izeneko filma bat non David Verdaguer aktorearen pertsonaiak dolu hori igarotzera behartuta ikusiko duen bere burua. Baina Casa en llamas filmak badu berriztagarria iruditzen zaidan figura bat. Hasieran aipatutako joko hori, familiako aitaren bikotekide berriak mahairatuko du filmaren lehen laurdenean eta pertsonaia hau psikologo bat dela jakingo dugu aurrerago.
Film hau ezberdin egiten duena sortzen den ‘Agatha Christie’ efektua dela esango nuke, non Hercule Poirot-en papera familiatik kanpoko pertsonaiak betetzen duen eta hildakoa, aurrerago konturatuko garen moduan, familia bera den. Denbora aurrera joan ahala bakoitzaren gezurrak ezagutzen joango gara, eta azkenean, inork ez du irudikaturiko suzko etxe horretatik alde egiteko laguntzailerik izango. ■