Elkar-Ekin Lanean proiektuaren ikasturte honetako programazioa ari da bidea egiten. Aurrez beste formakuntza batzuk eskainita, apirilaz geroztik Zaintza Soziosanitarioa Etxeetan izenekoarekin ari dira orain.
Goieki Garapen Agentziak iaz jarri zuen martxan Goierrin Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuak, pertsonari egokituak: enpleguari buruzko prestakuntza proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza bati esker abiatu zuen egitasmoa, eta Goierriko hainbat eragile izan ditu bidelagun: Goierriko Caritas, Goierri Eskola, Sarea Fundazioa, Gurutze Gorria, EDE Fundazioa eta Prospektiker. Helburua da egoera ahuletan dauden pertsonen enplegagarritasuna eta kualifikazioa hobetzea, eta gizarteratzen laguntzea. Enpleguari buruzko prestakuntza proiektu honen bidez, Goierriko gizarte eta eskualde kohesioa hobetu nahi da pertsona guztien enplegagarritasuna hobetuz, inolako salbuespenik gabe.
Egoera zaurgarrian dagoen «pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitutako irtenbideak eta alternatibak eskaini behar» direla da Goiekiren ikuspegia, gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden kolektibo horiek gizarteratu eta laneratzeko. «Langabezia egoeran ditugun pertsonak lan munduan integratzeko helburuarekin jartzen dira martxan ekimen hauek».
Iaz hasitako bidean sakontzen
Iazko otsailean eskaini zuen Goiekik Lorezaintzako lehen formakuntza saioa, eta urrian beste bi: Ehunezko eta larruzko arropen konponketa, eta Gainazal eta altzariak garbitzeko prestakuntza. Aurtengo maiatzean amaitu dituzte eskolak. Aurtengo martxoan, berriz, bigarren aldiz egin da lorezaintzakoa. Zizurkilgo Fraisoro eskolan jaso zuten formakuntza eta Goierri Eskolan konpetentzia digitalak barneratu zituzten. Irailaren 18an egin zuten diploma banaketa.
Martxan jarri den azkena Zaintza Soziosanitarioa Etxeetan izan da. 640 orduko 2. mailako ziurtagiri profesionala da, hiru modulutan banatuta: lehena apiril-maiatz artean izan zen, bigarrena irailaren 23tik urte bukaerara arte egingo dute, eta hirugarrena 2025eko lehen hilabeteetan. Ondoren, praktikak egingo dituzte.
Goierriko inklusio sarea bi urte hauetako proiektuen balorazioa egiten ari da, eta martxan du 2025-2026 urteetako Elkar-Ekin programaren hausnarketa eta planifikazioa ere.
Zaintza bere osotasunean
Gema Gonzalez Katarain ordiziarra ari da azken formakuntza hori ematen. Gurutze Gorriko kide da, eta erakundearen balioei egin die aipamena: «Gure inguruko pertsonei zerbitzu integralak emateko egiten dugu lan egunero. Kasu honetan, pertsona zaintzaileena lanbide zaindu eta errespetatua izatea da helburua. Zaintza behar duten pertsonen, zaintzaileen eta gure bizitza nabarmen hobetuko da zaintzaileei haien lana aitortzen diegunean».
Haren esanetan, formazio saio hauek «harrera positiboa» izaten ari dira. «Enplegagarritasun handiko sektorea da, eta hori oinarrizko faktorea da erabiltzaileen motibazioan». Jatorriz beste herrialde batekoak dira, eta Gonzalezen arabera, «enplegu aukera errealak dituzten formazioak» nahi dituzte. «Elkar-Ekin proiektua aukera bikaina da pertsona hauentzat eta haien integrazioarentzat».
Hiru arlotan dago banatuta formakuntza: Etxeko zaintza, pertsonala eta psikosoziala. «Etxekoa ezagutzen dute, bigarrenean arreta pertsonalerako teknikak eta ezagutzak barneratzen dituzte, eta hirugarrenarekin onerako harritzen dira, pertsonen alderdi emozionala eta soziala zaintzeko baliabideak ikasten baitituzte».
Erabiltzaileak «esker oneko pertsonak» direla nabarmendu du: «Haien jarrera positiboa da oso, ikasteko gogo handia dute eta hori antzeman egiten da gelan. Irakaspena aldebikoa izaten ari da, esperientziak partekatzen ditugu, eta haientzat zein niretzat aberatsa izaten ari da. Aldi berean, jakitun dira haientzat berria den herrialde batean integratzeko formakuntza bat dela».
Zaintza lanbide bilakatzeko nahia
John Brainer Qulindo Valencia da formakuntzan parte hartzen ari den gizonezko bakarra. Orain bi urte eta erdi iritsi zen Kolonbiatik Gipuzkoara, eta gaur egun Seguran bizi da. «Zaintzaren arloan profesional modura formatzeko ari naiz parte hartzen, gerora zaintza behar handia duten pertsonei lagundu ahal izateko. Hori da helburua».
Ez du erreparorik gizonezko bakarra izateaz, lagungarri izango zaiola uste du: «Oso gustura nago, ikaskide eta irakasle zoragarriak ditut ondoan». Formakuntzan «asko» ikasten ari dela dio: «Pertsonei nola lagundu, nola mugitu, enpatia nola izan… Lan eskaintza handia dago zaintzaren arloan, eta iruditzen zait lana bilatzen eta gehiago integratzen lagunduko didala. Jendea parte hartzera animatu nahi nuke». ■
Elkar-Ekin, enplegu inklusibo eta kalitatezkoaren alde lanean
- Proiektuaren helburua. Egoera ahuletan eta behartsuetan dauden pertsonen kualifikazioa hobetzea, identifikatutako kolektibo horien arraila eta gizarte-bazterketa saihestuz. Helburu nagusia partaideen enplegagarritasuna eta era guztietako kualifikazio mailak hobetzea da. Formakuntza teknikoaz gain, akonpainamendua, bisitak, digitalizazioa eta ahalduntzea eskaintzen zaie. Erakunde publiko edo pribaturen batean praktikak eginez bukatzen da prestakuntza-ibilbide integratu hori.
- Eskualdearen egoera. Goierrin langabezian dagoen gehiengoaren profila eta egin diren kontratazioen artean hutsune deigarria dago. Langabezia-tasa txikia den arren –%7,45–, langabezian dagoen kolektibo hori oso urrun dago lan munduak eskatzen dituen profiletatik. Goierrik lan jardueraren bat egin dezaketen pertsona guztien beharra izango du jarduera ekonomikoari eusteko. Pertsona horiek integratzea, gizarte-justizia kontua ez ezik, ekonomia sarea mantentzeko beharra ere bada.
- Proiektuaren ibilbidea. 2023ko otsailean Lorezaintza formakuntza martxan jarri zen, eta urrian Ehunezko eta Larruzko arropen konponketa, eta Gainazal eta altzariak garbitzeko prestakuntzak hasi ziren. Aurtengo martxoan lorezaintzarena berriz, eta apirilean Zaintza soziosanitarioa etxeetan.